Udalak Gobernantza eta Zuzentasun Instituzionalaren Plana ezarriko du

Maxixatzen.eus 2016ko api. 19a, 15:24

Argazkian, Globernancen partaidetzan aditua den Mikel Cabello. Javier Zubizarreta alkatea eta Globernancen idazkaria eta EHUko katedraduna den Juanjo Álvarez eta Nekane Larrañaga zinegotzia.

Udalak 2016-2019 legealdirako abiatu duen Gobernantza eta Zuzentasun Instituzionalaren Plana aurkeztu du gaur goizean. Udalak Globernanceekin, Gobernantza Demokratikoaren Institutuarekin, laguntza du herritarrek hautatu dituzten kargu publikoak "gobernantza onaren irizpideetan" gauzatu ahal izateko.

 

Zubizarretak azaldu du plangintza horren helburua dela Azkoitirako gobernantza onaren sistema eraikitzea, "zerbitzu publikoen kudeaketa eraginkorra gauzatuz, Gobernu irekia eraikiz, gardentasuna eta herri partaidetza bermatuko duena, eta zuzentasun instituzionalaren eredua jarraituko duena, kode etiko batean oinarrituz".

Zuzentasun instituzionalari dagokionez, Udal Gobernuak konpromisoa hartu du kode etiko baten onarpena proposatzeko. "Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko "Gobernantzaren erronka berriak Gipuzkoarako" jardunaldian parte hartuko dute apirilaren 29an. Bertan zuzentasun instituzionalaren sistema ezagutaraziko dute, eta baita jokabide etikoaren tokiko ebaluaketa sistemaren aurrerapen bat ere, "Basque Score Card" izenarekin aurkeztuko dena, hain zuzen.

Herri partaidetzaren inguruan, Zubizarretak adierazi du Azkoitia ez dela hutsetik abiatuko. Izan ere, 2004tik, herritarren partaidetzaren udal araudia onartu zenetik, "hainbat parte-hartze prozesu" gauzatu direlako herrian. Adibidez, Elkargunekoa (2004), bizikidetzaren ingurukoa (2008), Azkoitia-Zumarraga errepidearen proiektuari buruzkoa (2009-2010), aurrekontu parte-hartzaileena (2013 eta 2014), hondakinen inguruko kontsulta (2015) edota legealdi honetan merkatariekin martxan jarritako partaidetza plana.

Bestalde, Juanjo Álvarezek eman ditu Azkoitian herri-partaidetza sendotzeko eta jokabide etikoaren ebaluaketa sistema gertutik ezagutzeko egingo duten ekintza planaren inguruko xehetasunak.
2016an lana hiru fasetan banatuko dute. Lehenengoa uda aurretik egingo dute, eta beste biak, uda ondoren. 


Parte-hartze prozesuen identifikazioa 

Lehenengo urratsa Azkoitian emandako partaidetza prozesuak identifikatzea eta ebaluatzea izango da, udaletxean esparru horretan ardura duten guztiekin. Prozesuetan emandako praktikak, partaidetza organoak eta egon daitezkeen espazio partizipatiboak identifikatuko dituzte. Horrez gain, 2004an onarturiko udal araudia berrikusiko dute. 

 

Formakuntza saioak

Uda ondoren egingo duten bigarren fasean, formakuntza saioak eskainiko zaizkie udal arduradunei, zer erabaki eta erabakiak zer mailatan hartuko diren herri partaidetzaren laguntzarekin erabakitzeko giltzarriak izan ditzaten.

 

Prozesuen definizioa

Hirugarren fasean zer erabaki publiko ireki daitezkeen legealdian zehar herri partaidetzara erabakiko dute.

 

Jokabide etiko propioaren ebaluaketa

Azkenik, jokabide etikoaren ebaluaketaren bidea zabalduko dute. Eta horretarako, EUDELek esperientzia pilotu gisa hainbat udalerritan ezarritako sistema azalduko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide