Nolako obra da?
Guretzako berezia. Denak izan dira bereziak, baina hau bereziki da berezia. Barrua mugitzen duen horietakoa dela esan dezakegu. Ez nuke pista handiegirik eman nahi!
Zer esan nahi du izenburuak? Lotura zuzena al du gidoiarekin?
Horixe esan nahi du: punto, eta punto. Askotan esaten dugu hemen “akabo” esateko, akabo definitiboki. Bai, lotura zuzena du obrarekin, eta ia taldearekin ere, 12 urteren ostean momentuz ez baitugu jarraituko.
Norbaitek “punto” esaten duenean, errespetatzeko gai al gara ordea? Horrekin zerikusi zuzena du lan honek.
Noiztik ari zarete Punto Ta Punto antzezlana entseatzen?
2015eko maiatzean aurkeztu genuen Sanagustinen, urtero egiten den emakumeen ikasturte bukaerako jaialdiaren barruan. Gure taldea jabetza eskolako taldea izanik, azken 12 urtetan urtero prestatu izan dugu lan desberdin bat. Beraz, urtarril aldean edo hasi ginen obra prestatzen. Maiatzean antzeztu eta irailean berriro hasi ginen ensaiatzen, Antzerki topaketen barruan antzezteko, eta orain, ba, martxotik ari gara prestaketetan azken bi emanaldiak prestatzeko, Azkoitikoa eta Zestoakoa.
Zeuk idatzitakoa da gidoia; nolakoa izan da horren lanketa?
Ideiak elkarren artean lantzen ditugu. Inprobisazio batzuk egiten ditugu gero ze bide hartuko duen ikusteko, eta, gero, hori guztia antolatu eta obra idazteaz arduratzen naiz. Normalean dinamika horixe erabili izan dugu beti. Hartara bakoitzak berea eskaini dezake, eta askoz ere aberatsagoa da prozesua.
Erraza izan da antzezlan hau zuzentzea? Gustura aritu al zara?
Zaila ez da izan. Behin ideiak argi edukitakoan, asko ensaiatu eta ateratzen da. Oso gustura aritu naiz, bai. Giro onean jardun dugu, eta hori da garrantzitsuena.
Emakumeen bizitzak taularatzen dituzue beti; zergatik?
Gure antzerki lanek beti dute emakumearekin zerikusia, gure istorioak eta bizipenak kontatu nahi ditugulako, besteak beste. Plazetan, lantegietan, etxeetan… edonon egon nahi dugu, eta oholtza leku ederra da gure esperientziak ikuslegoarekin partekatzeko. Oraingoan ere bai, jakina. Itzi da azken laneko gure pertsonaia. Nik uste denok iritsi garela maitatzera.
Osasuntsu al dago Azpeitiko Emakumeen Antzerki Taldea?
Azken bi emanaldi hauekin amaiera emango diogu taldeari. Hala eta guztiz ere, oso osasuntsu dagoela esango nuke, izan ere, gero eta errazagoa izan baita taldean lan egitea. Momentuz ez dugu jarraituko, baina etorkizunean, batek daki!
Nola ikusten duzu egindako ibilbidea?
Ibilbidea zoragarria izan da. Hogeita hamar emakumetik gora pasatu dira taldetik. Asko ikasi dugu elkarrengandik, talde lanari dagokionez baita ere. Helduak eta gazteak elkarrekin lanean jarduteko parada izan dugu, eta hori oso aberasgarria izan da.
Antzezlan asko eramaten al dituzue Azpeititik kanpora?
Ez, ez. Orain arte Azpeitin egin izan ditugu bi emanaldi ia urtero. Maiatzean eta azaroan Topaketen barruan. Aurreneko aldia da herritik aterako garena, eta pozik gaude bukaera honetan ondoko bi herrietan gure lana erakusteko.
Umorea eta tragedia lantzen diren lana da. Genero horretan sentitzen al zara erosoen?
Umorean eroso sentitzen naiz, baita gure ikuslegoa ere. Gero, beti ateratzen da barrutik halako zereko zera hori… Tristetik ere baduena… Lan bat idazterakoan gustura sentituz gero, ongi etorri datorrena!
Antzezle, zuzendari, idazle, blogari. Zertan ari zara gusturen?
Denek dute euren xarma. Idazteak beste mundu batera eramaten nau, ordea, eta hori behar du gizakiak ere.
Zein da zure obrarik kuttunena?
Ez da erraza bat aipatzea, bakoitzak eduki baitu bere “ zera” hori, baina bat aipatzekotan, azken hauxe esango dizut.
Zenbat urteko bidea daramazu antzerki munduan, zeuretzako irakaspenak ere izan dira?
Hamabost, hamasei urterekin hasi nintzen, eta gaur arte, asko espero gabe! Irakaspena, sekulakoa! Eta oraindik ikasteko daukadana… Esate baterako, agian, ez nuen inoiz ezer idatziko antzerkian egon izan ez banintz. Gauza batek bestera eramaten zaitu, gero bestera… Zoragarria da!
Buruan hamaika proiektu ibiliko dituzu jiraka.
Beno, bakarren bat bai. Herriko talde desberdinekin elkarlanean ari gara gauzatxo batzuk prestatzen, umeentzako beste antzerki liburu bat ere idatzi nahiko nuke. Orain gidoilari moduan ere hasiko naiz, herriko haurrei antzerki tailerrak emateko, eta obra berriak prestatzen ari gara. Nahi bada, badago zeregina!
Animatu igandean gurekin bat egitera. Gu oso pozik goaz zuenera! Gustura kontatuko dizuegu Itziren bizitza!