"Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta" heziketa ziklo berria, Urola Ikastolan

Maxixatzen.eus 2016ko api. 15a, 11:15

Aurkezpenean izan dira Nekane Larrañaga Hezkuntza zinegotzia, Javier Zubizarreta alkatea, Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobide eta zentroko zuzendari Alberto Izagirre, besteak beste.

Urola Ikastolak Lanbide Heziketako formakuntza zikloen eskaintza zabalduko du 2016-17 ikasturtean. "Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikaria" titulua eskuratzeko ikasketak egin ahal izango dira irailetik aurrera. Ziklo berriaren informazio gehiago nahi duenak, datorren apirilaren 30ean (10:00etatik 12:00etara) eta maiatzaren 5ean (18:00etatik 20:00etara) ate irekietan parte hartzeko aukera izango du. 

 

Gaur aurkeztu dute erdi mailako ziklo berria Urola Ikastolan Nekane Larrañaga Hezkuntza zinegotziak, Javier Zubizarreta alkateak, Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobidek eta zentroko zuzendari Alberto Izagirrek. Aukera hori aprobetxatu dute, instalazioak bisitatu eta esku artean dituzten proiektuez mintzatzeko.

"Beti –esan du alkateak- aldarrikatu dugu formakuntza dela langabeziaren bataila irabazteko erraminta eraginkorrena, eta, horregatik, garrantzitsua dela uste dugu Urola Ikastolaren eskaintza zabaltzea, egungo lan merkatura egokituz".

Ziklo berria martxan jartzeko ezinbestekoa izan da Iraurgi Berritzenen lankidetza, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko.

Titulazio berri horretarako plaza kopurua 15 eta 25 bitartekoa da. Duela gutxira arte, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzan ikasketa gabeko pertsonek egin izan dute lan. Lege aldaketarekin, ordea, titulu ofiziala eskatzen hasi dira osasun edo geriatria zentroetan.

"Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikari" titulua eskuratzen dutenek gaitasun akreditazioa dute osasun arreta emateko erakundeetan, etxez-etxeko laguntza zerbitzuan edo telefono bidezko arreta zerbitzuan lan egiteko. Autonomoak ez diren pertsonak zaintzeko beharrezkoak diren gaitasun eta ezagutzak eskuratzeko aukera ematen du zikloak. "Gizartea zahartzen doa eta emakumearen laneratzeak etxeetako egoera aldatu egin du. Mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko profesionalak behar dira, eta eskaintza horrek Urola Ikastola eta bailara indartzen ditu", esan du Zubizarretak. 

 

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide