Musika bandak herritarrei ireki dizkie lokaleko ateak

Maxixatzen.eus 2016ko api. 13a, 11:45

Ismael Conde San Martin Azkoitiko Musika Bandako zuzendaria eta bere ikasleak.

Musika herritarrei gerturatzeko proiektu plurala otsailean jarri zuen martxan Ismael Conde San Martin Azkoitiko Musika Bandako zuzendari, partaide eta musika eskolako irakasle ohiak (Azkoitia, 1976). Helburua da Elkarguneko Musikaguneko edo musika bandaren lokaleko ateak herritar guztiei zabaltzea eta bakoitzaren beharren arabera musikarekin lotutako proiektuak lantzea. Lokala astelehenetik ostegunera zabaltzen dute, 18:00etatik 19:00etara.

 

Hiru urtetik gorako herritar guztiek parte har dezakete Azkoitiko Musika Bandak abian jarri duen proiektuan. Oraingoz, ekainera bitartean, esperimentu bat izango da: “Lokalera doazenek erakutsiko digute nolako ekintzak bideratu. Gure helburua da hilabete hauetan azkoitiarren beharrak eta nahiak zein diren jakitea; ondoren, bakoitzak musika tresnen inguruan duen ezagutzaren arabera, taldeak osatuko ditugu”, azaldu du Condek.

Oraingoz batez ere umeak joaten direla esan du. Haiek erakutsi dute, beraz, instrumentu berriak ezagutzeko eta probatzeko jakin-min handiena. Bizkargi musika eskolaren alboan daude, eta hango ikasleek, klasea amaitu ondoren, tarte bat hartzen dute lokalera joateko eta musika trenak jotzeko. “Haurren kasuan, ludoteka musikala sortu nahi dugu, betiere lokalak eskaintzen dizkigun aukerak baliatuz. Espazio horretan ekintza ludikoak eta desberdinak landu nahi ditugu, musikarekin girotuta: bideo proiekzioak, YouTubeko tutorialak, jolasak, etxetik ekarritako materialekin musika tresnak sortzeko jarduerak, ariketak eta abar. Helburua da musikaren munduan sartzea txikienak eta, batez ere, musika urrun geratu zaienak, kontura daitezen dibertigarriak izan daitezkeela musikari lotutako hainbat ekintza. Gainera, ohartarazi nahi diegu musika leku askotan dagoela eta ez duela zertan beti musika tresna batetik atera”. 

Lokalean dauden musika tresnak egurrezkoak, metalezkoak, haizezkoak eta perkusiozkoak dira. Haurrei batik bat perkusioak ematen die atentziorik handiena (bateriak, txindatek, bonboak eta halakoek): “Nik nola jotzen diren eta nola deitzen diren erakusten diet. Musika tresna asko daude, eta garrantzitsua da horiek ezagutzea. Bestela, beti tresna berberak ikasteko ohitura dago, normalena baita aurrez ezagutzen duzun hori ikasi nahi izatea”, dio Condek. “Nik hasieran umeentzako ludoteka musikal bat bakarrik sortzeko asmoa nuen, baina, azken batean, lokal publiko bat izanik, zergatik ez dizkiegu, ba, ateak irekiko etorri nahi duten guztiei? Lokal hau guztiona da, eta guztiok eduki behar dugu erabiltzeko aukera”. Modu horretan, bi ideiak batzen dituzte: alde batetik, herritar guztiena izatea eta, bestetik, ludoteka musikatuarena.

Beraz, haurrei irakatsi baino gehiago egingo dute. Herritar oro musikara erakarri nahi dute, lokalean dituzten musika tresnen barietatea ezagutu eta proba dezaten. Condek behin eta berriz azpimarratu du ateak guztientzat daudela irekita, baita inoiz musika tresnarik jo ez dutenentzat ere. “Hasieran errespetu edo beldur moduko sentsazioarekin sartzen dira hona”, dio Condek. “Kuriositatea dute kanpotik, baina sartzeko pausoa ematea kostatu egiten zaie”. Horregatik, ekintza horiekin herritarrei lokala gerturatu nahi diete. Gainera, azpimarratu du Azkoitiko Udalak bandari laguntza handia ematen diola, eta beharrezkoa iruditzen zaio hori aprobetxatuz horrelako ekintzak sortzea. Bestela, astean behin bakarrik irekitzen dituzte ateak, bandak entseatzeko.

Musikara ez ezik, bandara ere hurbildu nahi dituzte herritarrak, baina hori ez dute lehentasuna: “Gure interesei ere begiratu behar diegu, noski, eta komeni zaigu haurrek pixkanaka banda eta bandako haizezko eta perkusiozko instrumentuak ezagutzea, baina hori ez da gure lehentasuna. Hala ere, ondo etorriko zaigu bandan jotzeko adinako maila ez dutenei irakasteko, eta nahiko balute etorkizunean taldean izateko”.

Azkenik, Condek adierazi du musikak garrantzi handia duela bere bizitzan. Izan ere, dioenez, ez du ulertzen musikarik gabeko bizitza: “Niretzat, musika dena da; doako botika da eta, gainera, naturala. Duen dena positiboa du. Musika mota bat edo beste entzuten duzunean ere, modu batera edo bestera sentiarazten zaitu; emozioak pizten dizkizu alde guztietatik. Horrez gain, gustu guztietarako musika dago, oso plurala da; ezetz esaten duen horri ere asmatuko nioke gustuko zerbait jartzen, seguru”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide