Xabier Munibe Peñafloridako kondeak idatzitako El borracho burlado opera komikoa 1764ko uztaileko egun batez estreinatu zen, Azkoitiko Insausti jauregian. Nobleak Txanton Garrote pertsonaia oholtzaratu zuen, mozkorraren trazan, gainerako jauntxoen barre eta dibertsioa xede. Bi urte eskasera, Urola ibaiak bustitako paraje bertsuetan, matxinadan altxatu ziren Azkoitiko langileak; errebolta Azpeitira hedatu zen gero, eta, handik, indar apalagoz, inguruko bazterretara. Aurten bete dira ordutik 250 urte.
«Zenbait gauzaren kontzientzia» duenetik darama gaia berekin Iñigo Aranbarri idazleak; aspalditik, beraz. Apirila azken eleberriarekin, edonola, «lehertu» egin zitzaion barruan zeraman «harra». Dokumentaziora jo zuen, eta bidean, behin eta berriro korapilatu zaizkio bi hariak, Peñafloridako kondearen obra, eta langile gosetuen iraultza txikia. Materiala jasota, esku artean «jostailu txiki bat» zuela sentitu zuen Aranbarrik, eta, hura kanporatzeko beharraz, liburua ondu du orain. Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna eman dio izenburu lanari. Atzo aurkeztu zuen, Donostian, Pamielaren eskutik, eta autorearekin batera izan ziren Jose Luis Otamendi idazle eta liburuko hitzaurrearen egilea eta Jose Angel Irigarai argitaletxeko kidea. Ez batak eta ez besteak ez zuten obra genero batean sailkatzerik izan; definitzeko «hitz zehatza falta» zitzaiola aitortu zuen Otamendik, eta, aukeran, «ezohiko artefaktu literario» gisa azaldu zuen lana. Gogoetatzat jo zuen Irigaraik, «baina ez linboan egiten den gogoeta», baizik eta «jendartearen patuaz eta egoeraz zikindutako literatur artefaktua».