Joseba Gurrutxaga: "Gaztaina gerora ez da hain goxoa egoten; egin berritan da goxoena"

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 12a, 08:24

Joseba Gurrutxaga, Azkoitiko plazako gaztaina saltzailea.

Azken lau urteetan Azkoitiko plazan makina bat gaztaina erretakoa da danbolinean Joseba Gurrutxaga (Azpeitia, 1969). Udazkeneko elikagai garrantzitsuenetarikoa da gaztaina, eta horrekin lan egiten du urteko hiru hilabetean. Plazan gaztainaz betetako kukurutxoak saldu aurretik atzeko lan asko dagoela azaldu du Gurrutxagak.

 

"Pentsatu gabe hasi nintzen gaztainekin lanean. Lagun bat aritzen zen, eta hari esan nion ikasi egin nahi nuela". Lehendabizi, Getarian bost bat urte egin zituen. Hasierako urteetan lagun batekin egoten zen, eta, berak ikasteko, kukurutxoak egin eta saldu egiten zituen. Gerora, Azkoitikoak utzi zuela jakin zuen, eta dagoeneko lau urte daramatza gaztainak saltzen. "Gustatzen zaidan lana da; betidanik gustatu izan zait janari munduan lan egitea, baina hobby bat ere ez da". Oso gaztainazalea dela aitortu du: "Denboraldi hasieran, pare bat dozena egunero jaten ditut".

Galiziatik ekartzea gustatzen zaio, baina beti ez da nahi adina izaten. Iazko urtea, esaterako, oso txarra izan zela esan du. Astebete edo bi asterako behar duena eska-tzen du, gaztaina azkar alferrik galtzen delako. Iritsi bezain azkar, zakuak hozkailuan sartzen ditu, mantarekin tapatuta. Goizetan, plazara joan aurretik, gaztaina onak eta txarrak banatzen ditu. Izan ere, ale asko barruan harrarekin bidaltzen dituzte, eta zulatuta eta kuzkurtuta egoten dira. "Batzuei zaila izaten da antzematea. Urteekin ikasten joan naiz, ordea, eta orain dakidan ondoena egiten saiatzen naiz". Kanpotik begiratuta onak ematen dute, baina putzak egoten dira barrutik: zuria badago, lehortuta dagoen seinale izaten da; gaztainak hori kolorea izan behar du barrutik.
Garrantzitsua da hasieran onak eta txarrak bereiztea: "Hori da lan handiena ematen didana eta gutxiena gustatzen zaidana. San Andres jaietarako eta Gabonetarako, gainera, gehiago prestatu behar izaten dut. Azkenerako, behatzetan kailuekin bukatzen dut, gaztaina bakoitza estutzeagatik. Halere, ez daukazu konfiantzarik ustelik ez tokatzeko norbaiten kukurutxoan, eskuetatik banan-banan pasatu arren. Gauza denek bezala, honek ere baditu trukoak, baina sekreturik ez dago", esan du.

Behin onak eta txarrak bereiztuta, gaztaina bakoitzari ertz bat ebakitzen dio makinaren laguntzaz, ondoren danbolinean ez lehertzeko. Horrekin, plazarako prest uzten du zakua. Bestalde, erretzeak buru lana ematen dio Gurrutxagari, aurretik atera behar baitira kontuak zenbat salduko den: "Danbolinetik atera, eta jendeak etorri behar du beroa emateko. Gaztaina gerora ez da hain goxoa egoten; egin berritan da goxoena. Gabonetan, esaterako, asko jaisten da salmenta, etxean asko jaten delako. Egurra ere aurretik prest izan behar da, egur lehorra behar baita, eta nik mozten dut txabolan. Brasarekin lan egitea gustatzen zait". Su ederra izatea garrantzitsua da, eta horretarako denbora hartu behar da: su handia egin eta brasa egin arte zain egon behar da. Gaztainak danbolinean sarri nahastea ere garrantzitsua da.

Denboraldi motza izaten da gaztaina saltzeko, eta azaldu du hasieran sua pizteko eta danbolin aurrean jartzeko gogoa izaten duela, baina bukaerarako nekatuta egoten dela. "Lanean hasten naizenean horretan zentratzen naiz. Asteburutan ere lana egiten dut, eta lagunekin eta etxekoekin egoteko denbora gutxi izaten dut. Hiru hilabetez beti gaztainarekin pentsatzen egoten naiz; ez dut deskonektatzen".

Bestalde, jendearekin tratuan ondo konpontzen da. Harrera ona egiten diotela azpimarratu du: "Badago ia egunero etortzen zaidan jendea. Adin guztietakoak etortzen dira. Umeei ere deigarria egiten zaie sua. ‘Hurrengo urtean ere etorri, e!’, esaten didate batzuek. Ahal dudan ondoena egiten dut. Neure buruarekin ondo sentitzen naiz, ondo egiten dudanean eta gero eta gehiago ikasten ari naizela sentitzean. Horrek betetzen nau. Gaztaina goxoa saltzea gustatzen zait".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide