Mahai teniseko ikastaroak eskainiko dituzte Gorka Mendiolak eta Iñaki Arzalluzek

Maxixatzen.eus 2016ko mar. 11a, 10:37

Eskola Kiroleko kontseiluko partaide diren Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola, Azkoitiko Udala eta Artxamendi Topalekua eragileek indarrak batu dituzte herrian futbola ez den beste kirol batzuk sustatzeko, eta mahai tenisa da horren adibideetako bat. Horretarako, mahai-tenisean eskarmentua duten bi boluntariorekin egin dute topo: Gorka Mendiolarekin eta Iñaki Arzalluzekin.

 

Biak asteartero Elkargunean mahai teniseko ikastaroak ematen dizkiete gaztetxoei. Momentuz sei lagun dabiltza eta deialdia DBHko ikasle guztiei luzatu nahi zaie bi txanda ezarriz 30 bat neska-mutilentzat baitago tokia. Ikastaroetan parte hartu nahi duten gazteek ikastetxean bertan edo Artxamendi Topalekuan dute izena emateko aukera.

25 urtetik gora pasa dira Mendiolak eta Arzalluzek mahai tenisa utzi zutenetik, eta orain ilusioz heldu diote berriro. Arzalluz irakaslea izanik, ikastolako umeekin hasi zen kirol horretan, eta emaitzek animatuta, federatzera iritsi zen. Urtebetez hara eta hona ibili zen bere taldearekin: “Espainiako txapelketan jokatzera iritsi ginen. Gogoan dut nola Guadalajarako frontoi berria estreinatu genuen. Esperientzia zoragarria izan zen”, dio Arzalluzek.

Aurretik, eta artean federatu gabe, Xabier Munibe ikastola txapeldunorde bi urtetan izan zen Gipuzkoako txapelketan. “Irungo Lekaenea ikastetxeak irabazi zigun bietan”.

Autodidaktak izan dira eta orain musutruk ikasitakoa erakusteko nahia dute, horrek eskatzen duen konpromiso mailaz jabetzen badira ere. Eta badute zer irakatsi. “Ping-pongak –dio Mendiolak- efektu asko ditu. Oso joko azkarra da. Mundu bat da. Eta Elkargunean oso mahai eta material ona dugu jokatzeko”.

Ikastaroak asteartetan izango dira Elkargunean. 17:15etik 18:15era eta 18:15etik 19:15era. Esan bezala, 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek izena Floreaga ikastetxean edo Xabier Munibe Ikastolan eman dezakete, eta baita Artxamendi Topalekuan ere. Ikastaroek prezio sinbolikoa dute, bost euro urteko, alegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide