Zeintzuk dira estereotipo zabalduenak eta egiari min gehien egiten dietenak?
Estereotipo ezberdinak topa ditzazkegu immigrazioari buruz hitz egiten dugunean gure gizartean. Beste lekuetan ere bai, izan ere, hainbat estereotipo berdin-berdin agertzen zaizkigu, Durangon, Azkoitian edota Bogotan.
Hainbat motatakoak topa ditzazkegu: asko direla eta nolabaiteko inbasioa ematen ari dela azpimarratzen dutenak, immigrazioa delinkuentziarekin eta genero-indarkeriaren hedapenarekin batzen dutenak, esaterako. Baina horien guztien artean nire ustez min gehien edo, gutxienez, eragin gehien dutenak immigrazioa eta gizarte laguntzei loturikoak dira.
Eta gehien entzundakoak beharbada.
Bai, eta gainera azken horien artean hainbat motatakoak aurki daitezke: osasun sistemarekin aprobetxatzen dira eta babes ofizialeko etxebizitzekin gelditzen dira. Baina horien guztien artean badago estereotipo "izar" bat: diru-laguntzen ingurukoa. Kasu horretan diru-laguntza guztiekin gelditzen direla, diru-laguntzei esker lana ez dutela bilatzen, iruzur gehiago egiten dutela eta abar esaten da.
Azken hilabeteetan ikusi den bezala, diru-laguntzena da agian estereotipo edo zurrumurru entzutetsuena eta gure gizartean eragin gehien sorrarazten duena, bai komunikabideengan, bai iritzi publikoarengan.
Martxoaren 3an Azkoitian izango den hitzaldian horien guztien inguruan argia ematen saiatuko naiz, argi izanda, batzutan argia erabilita ere, estereotipoekin amaitzea zaila dela. Zentzu horretan, asmoa ez da egia absolutoei buruz hitz egitea, baizik eta jendeak barrenean izan ditzazkeen hainbat aurreiritzi, gutxienez, zalantzan jartzea eta gogoeta egitea, argi edukita estereotipoen edukiak anitzak direla: batzuk gezurrak dira, eta beste batzuk erdi-egiak. Egia azalpenik gabekoa edota estereotipo batzuk egian oinarritutakoak izan daitezke.
Zein integrazio eredu nagusitzen dira?
Etorkinei buruz hitz egiten dugunean, eztabaidaren bi muturrak izaten dira nagusienak:
Lehenegoa, asimilazionismoa da. Kanpokoa bertako ohituretara, legeetara eta usadioetara egokitu behar ote den eta bera izan behar ote den integraziorako ahalegin handiena egin behar duena. Hortaz, norabide bakarreko integrazioa litzateke, etorkinek helmugarako gizartean bideratzen dutena.
Bigarrena, ikuspegi multikulturala da. Horren arabera kultura ezberdinak egon daitezke gizarte batean, eta horien artean elkarbizitza egokia eman behar da, asimilazionismoaren ikuspegiari aurre eginez.
Bi mutur horien artean errealitate ezberdinak daude. Azken hamarkadetan ikuspegi asimilazionistak iritzi publikoan indarra izan duen arren, bere emaitzak ez dira oso arrakastatsuak izan, eta Frantziako Banlieus-etan gertatutakoa da adibide esanguratsuena. Kasu horretan asimilazio kulturala –gutxienez hasiera batean- eman da, baina ez integrazio ekonomikoa. Eta azken horrek ahalbidetu du sarritan asimilazio kulturala ez gauzatzea bigarren eta hirugarren belaunaldietan edo integrismoen zabalpena ematea auzoetan.
Zer iritzi daukazu multikulturalismoaz?
Multikulturalismoaren hedapena oso mugatua izan da, eta zaila da horren emaitzak aztertzea. Dena den, askotan komunitateen arteko elkarrizketa ezean bukatu ohi da.
Guzti horrek gogoeta batetara garamatza: gehienetan integrazioari buruz hitz egiten dugunean arlo kultural-erlijiosoan zentratzen gara, baina ezer gutxi esaten dugu integrazio sozio-ekonomikoari buruz, eta horretan datza nire ustez gaur egungo eta etorkizuneko erronka. Are gehiago, Frantzian gertatu dena kontutan hartzen badugu.
Askotan eztabaida kultural erlijiosoetan zentratzen gara, baina etorkinei galdetzen badiegu zer den eurentzat integrazioa lan merkatuan eta bizi-baldintzetan ari dira pentsatzen, eta ez hainbeste beraien erlijio, janzkera edota sinismenetan. Beste era batera esanda, asimilazionismo kulturalera mugatu gara, eta ez asimilazionismo ekonomikoan. Eta etorkinek guk daukagun lanpostua eta etxea nahi dituzte, eta ez beste ezer.
Zeintzuk dira aniztasuna kudeatzeko giltzarriak?
Galdera hori zaila da erantzutea, eta ez dut uste nik erantzun borobilik daukadanik hori bideratzeko. Lehenik eta behin, uste dut lasaitasuna izan behar dela lehenengo irizpidea. Azken urte hauetan migrazioaren fenomenoa agertu zaigu, eta horrek aniztasuna handitu du hainbat arlotan. Ezberdina eta berria denak beti ikara apur bat sorrarazten digu hasieran, baina garrantzitsua da lasaitasuna izatea eta zentzu komuna kopetan tatuatua izatea. Aniztasuna iritsi da, eta hemen gelditzeko iritsi da. Beraz, ezinezkoa da ostrukarena egitea; sortu daitezkeen arazoei aurre egin behar zaie, eta askotan hori da zailena, esku-libururik ez dugulako.
Argi dago kultura ezberdinen nondik norakoak ondo ezagutzea tresna baliogarria izan behar dela, eta horrela sarritan sortu daitezkeen gaizkiulertuak hobeto kudeatu daitezkela, baina ere berean kontutan hartu behar dugu zeintzuk diren negoziatu ezinezkoak diren giza-eskubideak eta gaur egun gurean indarrean dagoen marko juridikoa. Bi elementu horien tentsioaren baitan egongo dira aniztasunaren kudeaketaren erronkak, kultur arlora mugatzen badugu bederen.
Baina berriz aipatu behar dut, ahaztu egiten zaigula sarritan arlo sozioekonomikoa eta zentzu horretan aniztasunaren kudeaketa egokia emateko bi irizpide ezinbestekotzat jotzen ditut: lehenengo belaunaldiak enplegua izan dezala eta bigarrenak enplegu hobeago bat izan dezala hezkuntzaren bidez. Alegia, lan merkatua eta hezkuntza sistema dira aniztasunaren kudeaketa eta integrazioaren gune garrantzitsuenak, orain eta epe ertain batean.
Kaleratu berri den azterketa baten arabera, etorkinen aurkako bazterketa jarrerak murriztu egin dira, baina baita etorkinen integrazio nahia ere. Zer iritzi duzu?
Iritziei buruz hitz egiten badugu nahiko baikorrak izan gaitezke. Datuak azken bi urteetan hobera egin dute, eta krisi garaian agertu ziren hainbat jarrerek indarra galdu dutela ematen du. Horrek ez du esan nahi beti piztuta egon behar diren alarmak itzali behar direnik, baina bai, gutxienez, eszenatokia ez dela txarra garai hauetan.
Dena den, jarrerak garrantzitsuak diren arren, are garrantzitsuagoak dira portaerak, eta gauza ezberdinak dira. Askotan jendeak jarrera ezkorrak izan ditzazke etorkinen aurrean, baina gero jarrera horiek ez dira portaera bihurtzen, eta hori oso garrantzitsua da.
Nola saihesten da hori?
Jarreratik portaerarako igaroaldi horretan arduradun politikoen eragina eta ardura oso handia da, eta euren diskurtsoen bidez harresia edota autobidea jarri dezakete, jarreratik portaerarako igaroaldian. Horregatik, garrantzitsua da horrelako hitzaldiak antolatzea, udaletxeko arduradunek ere elkarbizitza eta integrazioa sustatzeko. Botu batzuengatik herri bateko giroa eta elkarbizitza arriskuan jartzeak ez du pena merezi.
Hori esanda, uste dut bai EAEn zein estatuan daukagun testuingurua ez dela txarra. Politikarien diskurtsoetan etorkinen gaia ez da hauteskunde interesentzako erabili –salbuespen bakar batzuk alde batera utzita- eta hori poztekoa da.
Bukatzeko, nahiz eta batzuentzat garai hau konplikatua izan, nire ustez baikorrak izan gaitezke, gauzak nahiko ondo doazelako, bai integrazioari dagokionez, bai aniztasunaren kudeaketari dagokionez.