Zer urritasun daukazu?
Urritasun fisikoa daukat nik jaiotzetik; zehazki, osteogenesi inperfektu izeneko gaixotasuna. Hezurrak ahuldu egiten dituen gaitza da, eta hausturak izateko arrisku handia egoten da. Nire errealitatea hauxe izan da beti; ez dut besterik ezagutu, eta normaltzat hartu dudan gauza izan da.
Zerbait galdu al duzu urritasun hori izateagatik? Eta irabazi?
Hezurren bat hausteko arriskua dut, eta ezin dut bizitza “normal” eta autonomo bat egin. Ezin ditut nire adinekoek egiten dituzten zenbait gauza egin: lagunekin irten, bizitza sozial aktiboagoa izan, planak egin, bidaiatu eta abar. Irabazi dudana da, dudarik gabe, gurasoekin dudan harreman ona, nire familia eta nire betiko lagunak.
Zein muga jartzen dizkizu urritasunak?
Autonomiarik eza: besteentzat normalak diren gauza asko nire kontura ezin egitea. Eguneroko bizimoduan hainbat oztopo izaten ditut: adibidez, igogailuetan botoietara ezin iristea, lurrera erortzen zaizkidan zenbait gauza ezin jasotzea, tabernetako barra altuagatik zerbitzariari ezin eskatzea eta laneko fitxatzeko makinara ezin iristea. Denborarekin eta imajinazioarekin, ordea, oztopo horietako batzuk gainditzeko trikimailuak asmatu ditut, baina oraindik traba dezente daude.
Nola egin dituzu ikasketak?
Txikia nintzenean ikastolara joaten hasi nintzen, baina, gustura joaten nintzen arren, hausturak izateaz gain osasuneko beste arazo batzuekin hasi nintzen (katarroak, pneumoniak edota arnasteko arazoak), eta horregatik ikastolara joateari utzi eta ikasketak etxetik egin behar izan nituen. Gerora, indartzen hasi nintzenean, tarteka gelara joaten nintzen ikaskideekin egotera.
Zertan egiten duzu lan? Nola topatu zenuen lana? Nolakoa izan zen etxetik lantokirako jauzia?
Administrari laguntzailea naiz Azkoitiko udaletxean. Administraritza eta Finantzako Goi Mailako Zikloa amaitzeko praktikak egiteko unea iritsi zen, eta Azkoitiko udaletxean egiteko aukera izan nuen. Bertan praktikak egiten zazpi hilabete pasatu ondoren, jardunaldi erdian lan egiteko aukera eskaini zidaten, eta gaur arte.
Egunero lanera joatea aldaketa handia izan zen: lantokian nire kontura ibiltzea guraso eta beste inor gabe, laneko zereginak eta ardurak hartzea, jende berri mordo bat ezagutzea... Pila bat ikasi dut urte hauetan, eta hasi nintzenean baino askoz seguruago sentitzen naiz. Oso gustura nago bertan.
Uste duzu jendea kontzientziatuta dagoela urritasuna dutenekin?
Ez hainbeste. Askotan egokitu zait autoren bat espaloi edo zebra bidearen gainean aparkatuta. Seguruenik, hori egiten dutenek pentsatzen dute ez dela horrenbesterako edo minutuko kontua dela, baina ez dira konturatzen guretzat zer suposatzen duen. Askotan berriz atzera itzuli eta beste bide bat hartu behar izaten dut, eta adibidez lanera presaka joatean ez da egokiena, edo errepidetik joan behar izatea, horrek dakarren arriskuarekin. Horregatik gustatuko litzaidake aurrerantzean horrelakoetan gure lekuan jartzea. Bestela, oro har ezin naiz kexatu herriko irisgarritasunarekin, nahiz eta oraindik badiren arrapalarik gabeko dendak edo espaloi koskadunak.
Jendeak galdetzen al dizu zer urritasun daukazun?
Oso gutxitan, baina gertatu izan zait, bai: zer daukadan, sendatzea posible den, zenbat urte ditudan… Horrelako galderak egin izan dizkidate. Umea nintzenean, ez zitzaidan gustatzen, gaizki sentitzen nintzen. Orain, ordea, gauza horiek hobeto hartzen ditut; umorearekin hartzen ikasi dut. Bestalde, gaur egun aurreiritzi gutxiago daude. Nik ezagutzen ditudanek beti beste edozein pertsona bezala tratatu izan naute, eta hori eskertzen dut; ez litzaidake gustatuko nigan pena sentitzea edo biktima bat bezala tratatzea.
Zuk bezala urritasuna duen norbaitekin hitz egiten al duzu?
Bai, nire gaixotasun berbera duten bi lagun ditut, eta horietako batekin sarri hitz egiten dut. Oro har elkar hobeto ulertzen dugu, baina ez beti. Azkenean, antzeko egoera bizitzeak ez du esan nahi gauzak modu berean ikusten ditugunik; denok desberdinak gara, eta ikuspuntu diferenteak ditugu.
Zoriontsua al zara?
Baietz esango nuke, eta batez ere nire gurasoei esker. Denok izaten ditugu gorabeherak, eta ni ez naiz diferentea, baina beti gustatu izan zait ondo pasatzea eta jendearekin egotea. Zaletasun asko ditut eta ezin naiz kexatu.