Honako hauek dira Matadeiko oholtzan ikusiko diren lanak: Itsasoari negar (otsailak 21), Adarretatik zintzilik (martxoak 13), Punto, ta punto (apirilak 17), Sokak (maiatzak 8), Murren bidaia (maiatzak 15), Zerura eroria (ekainak 12). Horietatik lau publiko helduari zuzendutakoak dira, bat gaztetxoei eta bestea berezia (antzerki musikatua) izango da. Gaztetxoei zuzendutakoa Behidis Teatroak sortutako Murren Bidaia antzerkia izango da.
Sarrerak
Emanaldiak ikusteko sarrera guztiak Matadeixen bertan salduko dituzte 5 eurotan, antzerkia hasi baino lehen.
Egitaraua
Otsailak 21: Itsasoari negar. Ze Onda antzerki taldea.
Martxoak 13: Adarretatik zintzilik. Gilkitxaro antzerki taldea. (Galder Perez eta Ane Zabala)
Apirilak 17: Punto, ta punto. Azpeitiko Emakumeen Antzerki Taldea. (Erika Olaizola, Ane Arenas...)
Maiatzak 8: Sokak. Lekord taldea. Berezia. Ikuskizun musikatua.
Maiatzak 15: Murren bidaia. Behibis teatroa. Haurrentzako. 18:00etan.
Ekainak 12: Zerura eroria. Anodino teatroa.
Antzerkien sinopsiak
Otsailak 21: Itsasoari negar – Ze Onda antzerki taldea
Bazen behin, itsasoa zeharkatu nahi zuen neskatxa bat. Egun batean, bere lagun minak itsasoaren zati bat oparitu zion kristalezko ontzi batean eta, bere ametsa arrisku gabe bete zedin, ontziaren barruan sartu zuen neskatxa. Baina itsaso hori, gezurrezkoa zen. Eta neskatxak benetako itsasoa zeharkatu nahi zuen.
Martxoak 13: Adarretatik zintzilik – Gilkitxaro antzerki taldea
1975. urtean jaiotako lagun biren komeriak. 40 urte betetzeak dakarren krisialdi sakona. Ume zirela, 80ko hamarkada Euskal Herrian bete-betean pairatu zuten. 90eko hamarkadan gaztetu ziren eta 2000 efektuari aurre egitea lortu zuten. Jogurt potoak hari batekin lotuta lagunekin berba egiten zuten aspaldi eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten dira.
40 urte bete berri duten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira? Adarretatik zintzilik komedia da, laugarren paretarik gabeko komedia sentimentala eta kronika nostalgikoa. Ziria noraino sartu diguten konturatzeko berrogei urte bete behar izan dute batzuek.
Apirilak 17: Punto ta punto – Azpeitiko emakumeen antzerki taldea
Zer gertatuko litzateke, erabakitzen baduzu ikasketak uztea? Utzi ez ezik, kontatu egin behar gero… amarengandik hasita. Zure ahizpak ere, amarentzako erabat desegokiak diren erabakiak hartu ditu… Ez da giro, eta behin ikasketak utzita, onena, etxetik alde egitea da. Alde, odea, etxekoei telefono deia ere sobran dela?
Eta urteak pasatu ostean, berriz ere, utzitako giroarekin elkartzeko tenplea eta modua iristen bada, ahizparengandik hasita?
Zer gertatuko litzateke, etxe aldaketa batean, zu langile izan, eta kaxa garraioan, kutxa artean, eguneroko bat ikusiko bazenu? Irekitzeko tentazioa? Irakurtzen hastekoa?
Maitzak 8: Sokak – Lekord taldea *Berezia*
Lekord taldea, bi musikariz (Iñaki Letamendia eta Ane Artetxe) eta bi aktorez (Amaia Ruiz eta Amaia Irazabal) osatua dago. Oraingoan, “Sokak” izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Proiektu honekin, euskal kantuei hurbilpen berezi bat egiten diete. Herriko melodiak erabiliz, ibilbide poetiko-musikal batera gonbidatzen dute ikuslea. Horretarako, oso ohikoak ez diren arpa zein perkusio instrumentuak eta antzerki hizkuntza fusionatzen dituzte.
Maiatzak 15: Murren bidaia – Behibis teatroa *Umeentzako antzerkia*
Mur Afrikatik etorri zen; Txema hemen bizi da; elkar ezagutzen dute, elkarren lagun bihurtzen dira, jolasean ibiltzen dira eta ongi pasatzen dute.
Broder-en ustez, beltzekin kontuz ibili beharra dago. Familiek ez dute begi onez ikusten.
Zein polita den desberdintasuna! Zenbat kolore eta forma! Batzuk garaiak, beste batzuk txikiak; batzuk gizenak, beste batzuk argalak; zuriak eta beltzak…
Zein polita den desberdintasuna!
Ala ez?
Ekainak 12: Zerura eroria – Anodino teatroa
Bizitzaldi ezgauza bezain zozo baten ondoren, Armandok zeruan atseden hartu besterik ez zuen nahi. Baina kapitalismoaren atzaparkadak eta krisi ekonomikoa zeruraino iritsi dira, eta ez zuen espero bere produktibitate eskasak atseden hartzea galaraziko zionik. Orain lurrera itzuli beharko du, bizitzan egin ez zuena egiteko. Bidean aurkituko du umeren bat edukitzeke, sekula landatu ez duen zuhaitzen bat eta libururik idazteke. Komedia zerutiar honi amaiera zoriontsua bilatzen lagundu diezaioke, agian, aspaldiko Beatriz maiteak.