Bi aste pasatxo dira Epelarre soinu jotzailea hil zela. Maisu izan zenuen.
Estilo bat markatu zuen. Fandangoez eta trikitiaz aparte, nahiko errepertorio zabala zeukan, balsak eta beste. Trikiti belaunaldi klasiko baten azkenetako ordezkaria. Duela hilabete gutxi batzuk Zendoia ere hil zen. Maisu izan nuen Epelarre, eta bere seme Xabier pandero jotzaile nuela hainbat txapelketetan parte hartu genuen, 1985, 1986 eta 1988an, hain zuzen ere.
Urolako trena pieza ezagunarekin eta Landakandaren ahotsarekin zabaldu duzue Egurre diskoa.
Bai, hain justu ere, Urolako trena Xabier Epelarrek eta biok 1988ko txapelketan jotako pieza da. Grabatu gabe genuen, eta berreskuratu nahi izan dugu. Klasiko bat delako pentsatu genuen ahots klasiko bat sartzea. Landakandaren ahotsa oso esanguratsua da trikitiaren historian eta belaunaldi horretan. Ahots propio eta berezia du.
Ostiraltxo bigarrenak badu ukitu oskorritar bat.
Bai, batez ere trikitia eta biolina elkarrekin ari direnean folk kolore bat hartzen baitu... Zuzenean ere nahiko errepertorio zabala ibiltzen dugu, eta beti izan gara genero desberdinak uztartzearen zale. Segun eta non jotzen dugun jendeak dantzatzen du trikiti asko, edo bals asko, edo rantxera asko... une bakoitzean zer eskaini izateko beti zaindu dugu gure errepertorioa.
Besteak beste, bi cumbia eta mexikana bat ere bai lan berrian.
Betidanik sartu izan ditugu Latinoamerikako erritmoak, mexikanak, cumbiak. Gauaren helduan-en bideoklip bat egin genuen cumbia batekin.