"Errekuperazio eta hazkundearen inguruan mezu partzial eta nahasiak ematen dituzten bitartean, kaleetan eta lantokietan egoera lazgarriak etengabe ugaltzen ikusten ditugu", gaineratu du San Josek.
ELA Sindikatuak egoera hau salatzeko eta botere politiko eta ekonomikoak sinbiosian daramaten estrategia agerian uzteko Kanpaina bat abiarazi du. Kanpainaren bidez gobernu eta patronalaren propaganda mezuei erantzun nahi diote eta, besteak beste, soldaten aurkako gerrari eta murrizketa sozialei aurrei egin.
Miseria eta lan esplotazio egoeretako bat herriko Xabier Munibe ikastolako eraikin berriaren lanetan gauzatzen dela dio ELAk. Bertan Eusko Jaurlaritzak lanak esleitu ditu aurrekontuaren balioa baino %41 gutxiagoan. "Baldintza horretan ezinezkoa da indarrean dagoen eraikuntzako hitzarmena betetzea. Joko horretan Espainiako eraikuntza enpresa handiak eroso mugitzen dira, gure gobernuak elikatzen dituen bitartean. Botere publikoek daramatzaten politikek enpresen etekinak handitu eta langileen artean miseria zabaltzen du".
Baina Xabier Munibe Ikastolaren kasua ez da bakarra eskualdean. 2016ko urte osoan zehar luzatuko den Kanpainaren bidez prekaritate eremu horiek identifikatu, bide anitzetatik salatu eta herritarrei egoera errealaren berri eman nahi dio ELAk.