Amaia Izagirre (soroslea): 'Igerilariei laguntzeak harro sentiarazi eta gogobete egiten nau'

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 30a, 10:37

Argazkian, Amaia Izagirre Elkarguneako igerilekuko soroslea.

Amaia Izagirre Alkorta (Azkoitia, 1991) Elkarguneako igerilekuan izaten da egunero, Gurutze Gorriko sorosle bezala lanean. Maxixatzen.eus soroslearekin izan da haren lana gertutik ezagutzeko.

 

Noiztik aritzen zara sorosle lanetan?

Hemezortzi urte inguru nituela hasi nintzen. Bizi guztian igeriketan ibili ondoren, igeri taldean ibiltzen ginen mordoxka batek Gurutze Gorriko sorosle titulua atera genuen. Ordutik aurrera, asteburuetan hasi, eta udara partean lan egitera pasa nintzen. Aurten, berriz, barruko igerilekuan hasi naiz eguneroko lanean.

 

 Zein da betebehar nagusia zure lanean?

Garrantzitsuena ezer gertatu aurretik igerilariei abisuak eta gomendioak ematea izaten da. Hala ere, abisu horiek ematea askotan ez da erraza izaten.

Erronka handiei aurre egiteko, urtean zehar eskolak izaten ditugu teoria eta praktika gainbegiratzeko. Eskola horiek asko laguntzen digute, batez ere, lagunen artean zalantzak partekatu ohi ditugulako. Modu horretan, askoz prestatuago gaude Azkoitiko igerilekuko arrisku guztiei behar bezala erantzuteko.

 

 Udaran, beroa dela eta, lan gutxiago izaten al duzue barruko igerilekuan?

Bai; barruko igerilekua askoz ere lasaiago izaten da. Izan ere, batzuek kanpoko igerilekura jotzen dute eguzki bila, eta besteak oporretan izaten dira. Hala ere, urte guztian egunero hona etortzen direnak, jator-jator jarraitzen dute etortzen igeri egitera. Egundoko beroa egiten du bertan, baina leku gehiago izaten da igeri lasai egiteko.

 

 Zer da sorosle lanaren alderik politena edo aberasgarriena?

Bi gauza aipatuko nituzke; alde batetik, igerilariei lagundu ahal izatea. Horrek harro sentiarazten nau, eta gogobete egiten nau. Bestetik, benetan eskertzen dut bertara gerturatzen diren igerilarien agurra. Ordu asko pasatzen ditut igerilekura begira, eta guztiek kasu egiten didate, jakinik, beraiei laguntzeko nagoela bertan.

 

 Aholkurik ba al duzu igerizaleentzat?

Igeri egitea osasuntsua dela diote medikuek, beraz, etor daitezela igeri egitera. Baina, ahaztu gabe, igeri egitea bakarrik ez dela, baizik eta igeri ondo egin behar dela, elkar errespetatuz. Tamalez, igerileku oso txikia dugu Azkoitian, eta igerilariak, berriz, dezente. Horregatik da oso garrantzitsua, batez ere, nork bere espazioa errespetatzea. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide