Antzezlan horren nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko asmoz, Itziar Eliasekin elkartu da Durangoko Azoka. Abenduaren 4tik 8ra arte izango da aurtengo Durangoko Azoka, eta, beste urte batez, euskal kulturaren plaza bihurtuko da. Aurten, gainera, 50. urteurrena ospatuko dute. Abenduaren 7an 20:00etan, "Eskutitzak" izango da ikusgai Durangon.
1.- "Eskutitzak" zure familiaren historian oinarritutako antzezlana da, ezta? Zer kontatzen duzue bertan?
Bai, etxeko istorioan oinarritzen da, baina fikziotik ere asko du. 1936. urtean kokatzen da antzezlana eta maitasun istorio bat kontatzen dugu, maitasun debekatu bat, frankista aberats baten alaba nola ondoko herriko postari gorri sutsuaren semearekin maitemintzen den eta oztopoz betetako bideari nola egiten dioten aurre.
2.- Fikziotik ere asko duela komentatu duzu...
Etxean topatu nituen eskutitz batzuk dira ideiaren abiapuntua, baina sormen lan handia dago atzetik. Hasiera batean Izaskun eta nik zinera bideratu genuen istorioa, eta ondoren antzerkira moldatu dugu. Hasierako zineko kutsua ez dugu ahaztu izan nahi eta abiapuntu horrek egiten du ezberdin eta era berean interesgarri. Izaskun zine mundutik dator eta ni antzerkitik, beraz, bion ikuspuntuak batzen dituen elkarlana dela esango nuke.
3.- Nolakoa izan da dokumentazio prozesua? Betidanik ezagutu duzun istorioa da, edo orain deskubritu duzu?
Esan bezala eskutitz batzuetan oinarritzen da istorioa, aiton-amonak hil ostean topaturiko eskutitzak izan ziren, eta ez, ez nuen beraien bizipenen berririk, beraz aiton-amonak bi gazte maitemindu bezala ezagutzeko aukera paregabea izan da. Baina dokumentazioa hau baino zabalagoa izan da; udaleko artxiboak, ahotsak.com web orria… Nolabait geu ere garai hartan kokatu behar izan gara, pertsonaiak hobeto ulertzeko.
4.- Dokumentazio prozesu horretan, beraz, gozatzeko aukera izan duzu...
Bai asko gozatu dut, 80 urtetan asko aldatu gara eta ez bakarrik materialean, familien eta herritarren arteko harremanak oso ezberdinak ziren, eta gazteen harremanak zer esanik ez. Gauza gogorrak entzun eta irakurri behar izan ditugu bidean eta askotan ez dira errazak izan ulertzeko, baina ederra izan da guzti hau jaso izana.
Dokumentazio prozesuak ahozko transmisioaren garrantziaren jabetzaz ohartarazi nau. Zenbat aldiz pentsatu ote dut bidean, ze pena beraiek hemen ez izatea galderak egiteko.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Durangoko Azokako webgunean.
FITXA ARTISTIKOA
Sortzaileak: Itziar Elias eta Izaskun Arandia
Zuzendaritza: Izaskun Arandia
Aktoreak: Itziar Elias, Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengotxea, Olatz Beobide eta Aiora Sedano
Aktore parte-hartzaileak: Klara Badiola, Iñaki Beraetxe eta Lander Otaola
Argi Diseinua: Inge Arrue eta Pako Revueltas
Teknikaria: Inge Arrue
Jantziak: Xanti Alkorta
Kartela: Mai Design
Banaketa: Izar Films