Proiektua aurkezteko orduan kontutan izan zuten, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsaraztea, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki.
Xebastian Lizaso bertsolariak azaldu du ekimenak "memoria lantzeko" balioko diela egoitzako helduei, eta horrez gain haien parte hartzea ere bilatuko dutela. Iaz ere antolatu zuten ekimena, eta bertsoekin "negarra eta irria ateratzea" lortzen dutela adierazi du Lizasok.
Bertso saio hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko ekimenez aurrera atera dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako Zerbitzuak eta Bertsozale Elkarteko Lanku Bertso Zerbitzuak elkarlanean "Adin adin" proiektu pilotua martxan jarri zuten iaz.
Proiektu pilotuaren ondorioak aztertuta oso balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, baita zerbitzua jaso zuten egoitzek ere. Ondorioz, 2015erako proiektua adinekoen egoitza gehiagotara zabaltzea erabaki da. Horrela, 2015ean, Gipuzkoako hamaika zentroetan eskainiko da proiektu hau, urria eta azaroa bitartean.
"Adin adin" proiektua iaz Beteberritzen berrikuntza sozialerako proiektu gisa aukeratua izan zen.
Informazio gehiagorako. Marta Agirrezabala 675716472 zenbakira deitu edo marketina@lanku.com helbidera idatzi.