Eneritz Artetxe: 'Sorpresa galanta izan da final laurdenetara sailkatzea'

Maxixatzen.eus 2015ko urr. 11a, 10:23

Atzo arratsaldean jokatu zen Arrasaten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azkenaurreko final zortzirena, eta Eneritz Artetxe bigarren sailkatu zen. Modu horretan, matematikoki, final laurdenetan dago bertsolari azkoitiarra. Artetxek final laurdenetako lehen saioa urriaren 31n izango du Zestoan. Harekin batera izango dira oholtzan Jokin Uranga, Jon Maia, Alaia Martin, Nahikari Gabilondo eta Manex Mujika. 

Hona hemen Artetxek Maxixatzeni kontatutakoa, sailkapena lortu eta biharamunean.

 

Sorpresa izan al da final laurdenetara sailkatzea?

Egia esan atzoko saiora helburuak beteta eta galtzekorik gabe joan nintzen, eta bai, noski, sospresa galantza izan da final laurdenetara sailkatzea.

Fase horretan hasi aurretik genekien maila handiko bertsolariak zihoazela, eta beste asko bidean geratu zirela. Hala ere, egun on edo txar bat edozeinek izan dezake.

Urduri al zeunden saioa hasi aurretik?

Bi aste pasatu ditut urduri, eta atzo goizean lasaiago esnatu nintzen. Gogoz jaiki nintzen, eta indartsu sentitzen nintzen. Neure buruarekin seguru joan nintzen. Hala ere, inoiz ez komeni lasai-lasai joatea saiora, beti behar da tentsio minimo bat.

Nola joan zen saioa?

Saioak denetik izan zuen; gora-behera asko izan zituen. Momentu politak izan zituen, baina akatsak ere izan ziren. Neu hasieran lotuta bezala hasi nintzen, baina saioak aurrera egin ahala lasaiago eta konfiantza gehiagorekin aritu nintzen.

Beldur handiena bakarkakoak ematen zidan, azken finean, den-dena zure esku dagoen ariketa bakarra da. Ordea, hortxe sentitu naiz erosoen.

Nola ospatu zenuen bart?

Trago batzuk hartzeko sekulako gogoarekin itzuli nintzen herrira, baina burua deskonektatu ezinda eta neka-neka eginda, afaldu eta etxera joan nintzen. Hala ere, pentsa, goizaldeko 05:00etan esnatu naiz atzoko saioari bueltaka!

Gaur Andoaingo saioa ikustera joango naiz. Geratzen diren bertsolariak entzuteko gogoz nago. Jokin Urangak abestuko du gainera, eta hura animatzera joango naiz. Ospatzeko modurik onena lanean jarraitzea izango da. Datorren astean bi saio ditut, eta ja gozatzeko irrikaz nago.

Bodala onean al zaude?

Gustura ari naiz bertsotan, baina, azken finean, saioko eguna da kontatzen duena. Eta batzuetan. ona izaten den bezala, txarra ere izan daiteke beste edozeinetan.

Beti geratzen da sentsazioa gehiago eman zenezakeenarena, baina orokorrean sentsazio onarekin gelditu naiz. Atzo, hasieratik, nire buruarekin konfidantzaz sentitu nintzen eta horrek asko lagundu zidan.

Bertsozale asko bildu al zen Arrasateko Amaia antzokian?

Oso antzoki handia da, eta aurrez banekien ez zela beteko eta giro hotza izateko arriskua zegoela. Ordea, oholtzan hasieratik sentitu genuen entzuleen babesa, eta giro ona sortu zen. Guztira, 310 lagun elkartu ziren.

Aurreneko aldiz hartu duzu parte Gipuzkoako Txapelketan. Nolako esperientzia izan da?

Oso ona; txapelketak sortzen duen giroa beste ezerk ez du. Bestalde, ohartu naiz herrian uste baino bertsozale gehiago daudela, eta horrek ere poza ematen dit. Betiko geratuko zait parte hartu dugunon artean sortu den konplizitatetea eta ingurukoek eman didaten babesa.

Nola ikusten dituzu hurrengo saioak?

Hemendik aurrerakoak oso zailak izango dira, jende oso onarekin kantatzea egokitzen zait. Baina orain bai ez daukadala ezer gatzekorik. Final laurdenetako saioa opari handi-handi bat izango da niretzat, eta daukadan esperantza bakarra disfrutatzekoa da, bai kantuan, bai ondokoei entzuten.

 

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide