-Kontraesanak eta askatasun espazio bat sortzearen beharraz hitz egiten duzu. Zer esan nahi duzu?
Seguru eta aske sentituko garen espazioak sortzearen beharra dugu gure sormen ahalmenari bide emateko. Emakumerik zapalduenak ere noiz edo noiz sentitutako gauzak egiteko gogoa izaten du, istorio bat kontatu, eszena bat, amets bate do esperientzia bat antzeztu… Ez dakit zenbat aldiz entzun ditudan “nik ez dut balio”, “lotsatia naiz” eta antzerakoak. Aitzakia mordoa jartzen dugu barru barruan egitea desiatzen ditugun gauzak ez egiteko. Hau kontraesan izugarria da. Mutu egotea barrutik bat kiskaltzen ari denean.
-Zein da helburua? Norbera hobeto ezagutzea gero gure sentimenduak kudeatzeko?
Dantza, pintura, idazketa, ikasketa, musika, zeramika… “Zapalduen antzerkia” izan daiteke lehen pausoa gure talentuaren bila hasteko. Helburua da gure ahalmena martxan jartzea errealitatea bilakatu ahal izateko. Ez da nahikoa zoriontsu izatea nahi izatearekin. Zoriona eragingo digun zerbait sortu behar da. "Zapalduen antzerkia"-k eskaintzen diguna da espazio bat non bizitza errealerako entsegatzen duguna. Guztiok antzezten dugu, norekin edo non gaudenaren arabera. Antzerkiak muturrera emandako egoeretan zer jarrera izango genukeen esperimentatzeko aukera ematen digu.
-Zer lan dinamika erabiltzen dira ikastaroan?
Lehenik eta behin esango dut ezin dela ikastarora etorri berehala emaitzak iritsiko direlakoan. Berehalakotasuna aro honetako kontraesan handienetako bat da eta lantegia prozesu bat bizitzean datza. Gure gorputzak izango dira tresna nagusia eta esnatu egin behar ditugu. Musikarekin egingo dugu lan lehenengo zatian-
Eta gero?
Jolasteari ekingo diogu, jokorako eta dibertimendurako espiritua berreskuratzeari. Sormena lo egon daiteke, blokeatua, baina hor egoten da. Ariketen bidez esnatzea lortzen da, gutxi pentsatuz eta asko antzeztuz.