Emakumeak ahalduntzeko ikastaroak, urritik abendura bitartean

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 21a, 08:30

Gero eta emakume gehiago dira Udaleko berdintasun arlotik antolatzen diren ahalduntze-ikastaroetara hurbiltzen direnak. Hasieran, "ahalduntze" kontzeptua arraro xamarra bazen ere, gero eta hobeto ulertzen dugu bere esanahia: gugan sinistea, autonomia eta kontzientziazioa handitzea, indartsu eta konfiantzaz bizitzea, gizonen eta emakumeen arteko botere-harremanak aldatzea, emakumeek gizarte eta politikan duten parte-hartzea handitzea eta abar.

 

Ahalduntzea eraldaketa prozesu bat da. Hori dela eta, emakumeen aldaketa pertsonal eta kolektiboa bultzatzea da ahalduntzeko ikastaro hauen erronka. Horretarako, hainbat ekimen jarriko ditugu abian: irudimena landu, gure gorputza ezagutu, autoestimua handitu...
Ikastaroak adin guztietako emakumeei zuzenduta daude. Izena emateko azken eguna irailaren 25a da, eta plazak mugatuak izango dira. Behar izanez gero, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da.

Honako hauek dira antolatuko ditugun ikastaro guztiak:

Zoru pelbikoa

Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu; erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea, pisuak hartzea, eztul edo doministiku egitea, oihukatzea eta abar. Honelako ekintza bakoitzeko gure zoru pelbikoa ahuldu egiten da eta askotan informazio desegoki batek komeni ez zaiguna egitera eramaten gaitu. Hori dela eta, ikastaro honetan zoru pelbikoa indartzen ikasiko dugu eta gure bizi kalitatea hobetuko dugu.

Ikastaroak asteazkenentan izango dira, 10:30etik 12:00etara. Ondorengo egun hauetan izango dira: urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eta azaroaren 4an, 11n, 18an eta 25ean (8 saio, 12 ordu). Irakaslea Saioa izango da, eta klase guztiak euskaraz izango dira. Lagileek 18 euro ordaindu beharko dute ikastaroa eta langabeek 12 euro. 

Zapalduen antzerkia

Kontraesanak gure unibertso emozionalaren parte dira, nahi dugu eta ez dugu nahi, adorea dugu eta ez dugu, gauza bat esan eta beste bat egiten dugu.
Barne gatazka hainbat pertso-
naiarengan ager daiteke, edo norberaren hainbat bertsiotan, erreferentzia ditugula gure ziklo menstrualeko etapetan azaleratzen diren ereduak. Lantegian zehar eta dinamika desberdinak aplikatuta askatasun espazio bat sortuko dugu, gure barne-barrutian elkarrekin bizi diren “Missak” libre utzita.

Ikastaroak asteartetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Ondorengo egun hauetan izango dira: urriaren 13an, 20an eta 27an eta azaroaren 3an, 10ean eta 17an (6 saio-12 ordu). Irakaslea Belen Nevado izango da eta gaztelaniaz izango dira klaseak. Lagileek 18 euro ordaindu beharko dute ikastaroa eta langabeek 12 euro. 

Ziberfeminismoa

Gizonak Zientzia eta Teknologiaren lotzen dituzte Genero estereotipoek eta ondorioz, emakume asko gai horietatik aldentzen dira. Gainera, usadioz, esparru publikoa gizonen esku egon denez, emakumeok oztopo gehiago ditugu gure ahotsa plazaratzerako orduan (bai mundu fisikoan bai interneten ere) eta horrek desoreka teknologikoa sortzen du.
Genero ikuspegia erabiliz, bai mundu fisikoan bai mundu birtualean gizonen eta emakumeen artean sortzen diren harremanak aztertuko dira, dauden desberdintasunak hautemanez eta horiek konpontzeko gakoak emanez.

Ikastaroak ostegunetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Ondorengo egun hauetan izango dira: urriaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an (4 saio – 8ordu). Irakaslea, Susana Manzanedo izango da eta euskaraz emango ditu klaseak. Langileek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta langabeek 8 euro.

Batukada feminista

Musikara gerturatu eta ongi pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde lanean aritu, sormena landu eta autoestimua areagotu nahi baduzu etorri batukada feminista ikastarora. Danok garelako musika egiteko gai, baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena lantzen eta gainerakoak entzuten ikasiko dugu.
Halaber, emakumeok kalera irtengo gara eta espazioak okupatuko ditugu.

Ikastaroak 17:30etik 19:30etara izango dira, ondorengo egun hauetan: urriaren 7an eta 21ean; azaroaren 4an eta 18an; eta abenduaren 9an eta 16an (6 saio-12ordu).

 

Ikastaroen informazio gehiago, azkoitia.eus/eu/berdintasuna webgunean, udaletxeko berdintasun bulegoan (09:00-14:00), berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita edo  943.54.20.14 telefono zenbakira deituta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide