Momentuz, nahiko lasai dagoela aitortu du Artetxek, eta txapelketa hasteko ilusioarekin eta gogoarekin: "Saltsa polita sortzen da, eta aurten, gainera, txapelketa oso modu desberdinean biziko dut". Artetxek bertsolari bezala parte hartuko duen aurreneko aldia izango da aurtengoa. Azkoitiarra kantatzeko irrikaz dago, baina, batez ere, esperientzi berri bat bizitzeko gogoz. "Oso zaila da fase hau gainditzea, baina behin honaino iritsita, daukadan onena ematen ahaleginduko naiz. Nire helburu bakarra da neure buruarekin gustora gelditzea eta ahal den heinean gozatzea bai kantuan, bai besteak entzuten".
Lau urtetik behingo hitzordua iritsi da Gipuzkoako oholtzetara. Udaberrian abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan, 74 bertsolarirekin. Sailkapen fasetik 30 bertsolarik lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatzea. Horiei, duela lau urteko txapelketan sailkatzea lortu zuten beste hamahiru bertsolari gehitu zaizkie; orotara, 43 bertsolarik hasiko dute txapelketa.
Hiru hilabetez hamabost saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: sei final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa irailaren 20an jokatuko da Beasaingo Usurbe antzokian. Hortik aurrera, ia astero izango da dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik.
Bertsolariez gain, lanean ariko dira bederatzi gai-jartzaile, hemeretzi epaile, hiru idazkari eta laguntzaile ugari.
Final handia abenduaren 20an izango da Donostiako Ilunben. Bertan, sailkatzea lortzen duten zortzi bertsolarik hartuko dute parte.
Sarrerak
Dagoeneko saioetarako sarrerak salgai daude webgunean. Halaber, saio guztietarako (finala salbu) balio duen bonua ere salgai dago internetez.