Ramadana, bizitzan jarraitu beharreko bidearen eredu

Ane Olariaga / Amaia Ugalde 2015ko abu. 7a, 13:09

Duela zortzi urtetik bizi da Azkoitian Embarka Abdalla sahararra.

Hilabetez Ramadana bizi eta gero, uztailaren 18an amaitu zuten musulmanek eurentzako oso berezia den hilabetea. Egun-argitan barau egitea, edan ere ez egitea eta sexu-harremanik ez izatea dira guretzat Ramadanaren kontu deigarrienak, baina ez da hori bakarrik: garbiketa pertsonalerako hilabetea da. Embarka Abdalla saharar azkoitiartuak Ramadana nola bizi duen kontatu digu.

 

Duela zortzi urtetik Azkoitian bizi da Embarka Abdalla sahararra. Gaztetxoa zela, 12 urterekin, Cubara joan zen bizitzera eta han egin zuen Lehen Hezkuntzako irakasle karrera. Horregatik, normala baino beranduago, 24 urterekin, hasi zen ramadana egiten. Solasaldian ramadanaren inguruan duen ikuspuntua azaldu digu Embarkak. Garbi utzi nahi izan digu bera ez dela imana –meskitetako gurtzearen arduraduna– ezta ikasketa erlijiosoen aditua ere. Islamean sinesten duen musulman soil bat gehiago dela azaldu digu, eta Ramadana nola bizi duen kontatu digu: “ez du zertan horrela izan musulman guztietan”. Hala ere, Embarkaren testigantzak guri, dudarik gabe, asko balio izan digu Ramadanari buruz gehiago jakiteko.

Hilabete sakratua

Islamaren bost zutabeetako bat da ramadana. Ilargi egutegiko bederatzigarren hilabetea da; ilargi berriarekin hasi, eta hurrengo ilargi berriarekin amaitzen da. Data urtero aldatzen da, egutegi gregorianoa baino egun batzuk laburragoa baita ilargi egutegia. Hilabete bakoitzak 29 egun ditu, urteko hilabete bikoitiak izan ezik; haiek 30 egunekoak dira. Aurten, urteko egunik luzeena Ramadanaren barnean egon da; beraz, hamazazpi ordutik gorako barauak egin dituzte. Badira 30 urte ez zela horrelakorik gertatzen.

Mahomak Mekara emigratu zuenean, Jainkoaren mezua jaso zuen, Ramadanaren hilabetean. Mezu hori Koranean batu zuen Mahomak, eta ordutik, data berezi horietan ramadanaren hilabetea ospatzen dute. Hilabete sakratua da musulmanentzat, sakrifizio handiko hilabetea; gorputzez eta arimaz Ala gurtzeko, hilabete osoan aritzen dira arima garbitzen.

Hilabetez, eta uztailaren 18ra arte, musulmanek ezin izan dute egun-argitan jan, ez edan, ezta sexu harremanik izan ere. Baina Ramadana hori baino askoz gehiago dela nabarmendu du Embarka Abdallak: eguneroko pentsamendu negatiboak alde batera uzten dituzte eta besteengan gehiago pentsatzen dute, egunerokoan baloratzen ez diren gauzei garrantzia emanez. Horrez gain, dena zuzen egiten saiatzen dira; gaizkia ekiditeko hilabetea da. Alegia, besteengatik jardunean ez ibiltzen saiatzen dira. Begiekin ere barau egin behar izaten dute, hau da, besteei asko ez begiratzen ahalegintzen dira, ez ikusteko ikustea komeni ez den hori.

Gosea zer den ikasi

Barau eginez, gosea pasatzen dute musulmanek, eta horrek erakusten die munduan zehar gosea pasatzen dutenak nola bizi diren. “Mundu honetan gosea pasatzen duten asko dago”. Ramadanean besteen azalean jartzen ikasten dute, eta halako egoera bizi dutenak hobeto ulertzen. Purifikazio edo garbiketa pertsonalerako balio du ramadanak. Musulmanek urte osoan izan behar dute eskuzabalak eta besteei laguntzeko prest izan behar dute beti, baina ramadanaren hilabetean are gehiago. “Hilabete honek jarraitu beharreko bidea erakusten digu”, azaldu du Enbarka Abdallak.

Nerabezarotik ia musulman denek egiten dute ramadana. Mutilak hamazortzi urterekin hasten dira, eta, neskak, hilekoa jaisten zaienean. Hala ere, badira lehenagotik ramadana egiten hasten direnak ere. Embarkak argi utzi nahi izan du bera ez dela inor besteak epaitzeko, eta norbere erabakia dela Ramadana egitea. Baina, hala ere, azaldu du gizartean ez dagoela ondo ikusita musulmana izan eta Ramadana ez egitea. Ramadana egiteak bihotzetik atera behar du.

 

 

Hala ere, badira ramadana egitera behartuta ez dauden musulmanak, euren egoera fisikoagatik. Adibidez, haurdun daudenak, haurrei bularra ematen ari direnak, gaixorik daudenak eta bidaiatzen ari direnak ez daude ramadana egitera behartuta. Emakumeek, hilekoa dutenean ere, ez dute egiten, eta egun horiek Ramadanetik kanpo betetzen dituzte. Izan ere, Ramadana egitea erabakiko balute, aukera dago beste hilabete batean egiteko. Ramadanaren garaian ospakizun asko izaten dituzte. Familiak eta lagunak biltzen dira, eta urteko ohiko egunetan baino une bereziagoak izaten dituzte. Bakoitzak bere modura ospatzen du.

Barrua betetzen duen sakrifizioa

Embarkak azaldu du beretzat Ramadanaren hilabetea ez dela gogorra izaten: “Nik nahi dudalako egiten dut, barrutik horrela ateratzen zaidalako. Benetan egitea nahi baduzu, ez da sakrifizio bat”. Beretzat ramadanaren sakrifizio handiena zein den galdetu diogu, eta denbora batez pentsatzen egon ondoren, esan du Ramadana osotasunean egitea dela beretzat zailena. Hau da, Ramadanaren arauak berak nahi bezala betetzea. “Egunero pare bat orduz Korana irakurtzen, otoitz egiten eta neure buruarekin egoten saiatzen naiz”. “Egunerokotasunean baloratzen ez ditugunak baloratzen ikasteko hilabetea da”.

Esaera zahar batek dio Ramadanaren aurreneko herena zaldi gainean egiten dela, bigarrena dromedario gainean eta hirugarren eta azkena, astoaren gainean. Alegia, hilabeteko azken egunak izaten direla ramadanaren gogorrenak. Hala ere, Embarkak ez du iritzi berdina; berak dio gogorrena hasieran izaten dela gorputzak aldaketara egokitu behar duelako, baina azkar ohitzen direla dio.

Ramandana igarotzen denean harro sentitzen dela azaldu digu, barrez: “Gauzak ondo egiten direnean izaten den sentsazioa izaten dut Ramadana bukatzen denean ere”. Pertsona hobeak izaten ikasteko balio du hilabete bereziak: “Gauza positiboetan eta besteen ongizatean pentsatzen laguntzen du ramadanak, eta horrek indarrak ematen ditu egunerokotasunari aurre egiteko”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide