Ilunetik argira

Maxixatzen.eus 2015ko abu. 5a, 14:10

Jon Suinaga, Lilleko istripuan autobusean zihoan bidaiari azkoitiarra.

Amsterdam ezagutzeko ilusioz hasi zuen bidaia autobusez Jon Suinaga (18) azkoitiarrak. Bidaia uste baino motzagoa geratu zitzaion ordea. Ez du erraz ahaztuko uztailaren 26a; Lilleko (Frantzia) tunelean istripua izan zuten, goizeko bost eta erdiak inguruan. Autobusa tunela baino altuagoa zen, eta ibilgailua tunelaren erdian trabatuta geratu zen, sabaia moztuta.

Guztira, 59 bidaiari zihoazen, eta zorionez denak onik daude. Atzo iritsi zen azken bidaiaria Euskal Herrira. Txarrena izan zitekeen, baina azkenean sustoan gelditu da. Hala ere, denbora behar dute amets gaizto hura burutik kentzeko.

 

Mirari bat izan da Lillen gertatutakoa.

Bai, bai; nik denei esaten diet, zer moduz galdetzen didatenean: “Bizirik”. Denok hilda egon gintezke erraz, baina salbatu egin ginen.

Gainera, argazkietan ikusten dena txiki geratzen da. Nire buruan dagoen argazkia beste bat da. Nik ikusi nuen odol pila ez da argazkietan ikusten. Pelikuletan bezala izan zen, Halloween zen hura: sustoa, odola…

Golpearen ondorioz, zerbait nabaritzen al duzu gorputzean?

Lepoko eta bizkarreko min pixka batekin nago, eta kontrakturak ditut. Medikuak esan dit normala dela istripua izan eta gero, eta lasai egoteko. Zerbait beroa jartzeko, Ibuprofeno batzuk hartzeko eta nahikoa. Belaunean ere kristal batzuk sartu zitzaizkidan, baina neuk atera nituen. Horrez gain, balaztadarekin aurreko eserlekuarekin jo nuen ahoa, eta hortzak beheko ezpainean sartu zitzaizkidan, baina dagoeneko bere lekuan ditut.

Minik handiena buru barruan egiten du halako istripu batek.

Nolakoak izan ziren istripua gertatu ondorengo minutuak?

Istripua pasa eta bi-hiru minutu barruan egon ginen. Ni pasillo aldeko eserlekuan nengoen eta nire laguna leihoaren ondoan. Lagunari begiratu nion, oraindik erdi lo, eta zergatik geunden geldirik galdetu nion. “Hi ondo al hao? Azidentie euki diau”, erantzun zidan. Leihoa kristalik gabe zegoen, eta tuneleko hormigoia buru gainean nuen, hasieran autobusaren sabaia zela uste izan banuen ere. Lagunari galdetu nion ea zerbait ba ote nuen buruan; ondo nengoela esan zidan, eta lasaitu egin nintzen. Gu bosgarren lerroko eserlekuetan geunden, eta aurrean gindoazelako libratu ginen; larri zauritutako denak autobusaren atzealdean zeuden eserita.

Autobusetik jaitsi eta ordu laurden bat igaro genuen tunelaren azpian ilunpetan, suhiltzaileak, anbulantziak eta poliziak noiz etorriko zain. Neska bat oihuka ari zen, eta laguntzera joan nintzen. Aurpegi guztia odoletan zuen, eta mesedez buruan zer zuen esateko galdetzen zidan. Ilunpetan geunden, baina buru gaineko azala erabat jasota zuela ohartu nintzen. Ez nion berari ezer esan, okerrago izango zela pentsatuz. Lasaitzen saiatu nintzen, anbulantzia berehala etorriko zela esanez. Oso gogorra izan zen. Burko bezala toalla bat erabili nuen bidaian lo egiteko, eta hura erabili nuen jendeari odola garbitzeko. Izan ere, soinean genuenarekin bakarrik geratu ginen; buru gaineko apaletako motxilak ere autobusaren sabaiarekin batera joan ziren. Odola zutenek panikoa zuten, odol asko ikusten zuten eta ez zekiten zer gertatzen zitzaien.

Ondoren, etxekoei deitu nien telefonoz. Istripu larria izan genuela esan nien, baina ni eta nire laguna onik geundela. Lehenak izango ziren jakiten.

Lo zeundela diozu, aulkia atzera botata zenuen?

Ez, aurreko inork ez zuen aulkia atzera botata, ez dakit atzekoek nola edukiko zuten.  Arratsaldeko 16:00etan irten ginen, eta bidaia osoa esna pasa nuen. Istripua gertatu baino hamabost minutu lehenago hartu nuen lo.

Autobusak deskapotablea ematen zuen. Azkeneko ilarako bost jarlekuen buru-euskarriak guztiz moztuta geratu ziren; zorionez, atzean zihoazen biak etzanda zeuden lo. Gerrikoa inork jarri gabe zuen, eta batzuk lurrean bukatu zuten.

Nolatan gertatu zela uste duzu?

Behe lainoa zegoen, eguzkia orduan ari zen ateratzen.  Horrez gain, derrigorrezkoa ez den gailu osagarri bat falta zen tunelera iritsi baino 150 metro lehenago, metal-xafla batzuk osatutako langa bat. Izan ere, pare bat aste lehenago kamioi batek istripua izan zuen eta balizak aurretik eman zituen, eta oraindik berriz jarri gabe zeuden. Egongo balira, hortik pasatzerakoan antzemango genuen autobusa ez zela tunelean sartzen.

Zer egin zenuten ondorengo orduetan? Frantziatik nola komunikatzen zineten getukoenekin?

Ondo geundenok alde batean geratu ginen eta gaizki zeudenak beste aldean. Anbulantziak okerren zaudenak Ospitalera eraman zituen pixkanaka. Bitartean, ondo geundenok paseora joan ginen lasaitzeko. Herriko Wifi-arekin gertukoenekin whatsappez hitz egin genuen hamabost bat minutuz. Ordurako, istripuaren berri telebistan eman zuten, eta lagunek argazkiak bidali zizkiguten. Gero, polikiroldegi batera eraman gintuzten, eta han ez geneukan Internetik; horrela egon ginen hurrengo egunean aireportura iritsi arte. Aireportuan telefono mugikorra kolapsatu zitzaidan hainbeste mezu eta argazkirekin.

Nolako harrera egin zizueten Bilboko aireportura iritsi zinatenean?

Harrera ona egin ziguten senitarteko eta lagunek, jendea oso sentimental jarri zen; berriz jaiotzea bezala izan zen. Amonak esaten dit oraindik ordua ez zitzaidala iritsi, eta ahazteko. Hasieran susto handia hartu zuen familiak, baina telebistan ikusi nindutenean asko lasaitu ziren.

Nolakoa izan da etxerako buelta?

Etxera iritsi eta hurrengo hiru egunak nahiko gogorrak egin zaizkit. Lo hartzea kostatzen zitzaidan, egun osoa istripuarekin pentsatzen egoten nintzen. Tratu psikologikoa handia izan da. Hasieran ez nuen pentsatu izan zitekeena ikusita zortea izan genuenik ere.  

Zer egin zaizu zailena ahazteko?

Ez dago ezer ahazterik. Lo geunden, bat-batean kolpe handi bat entzun genuen, eta segidan jendea oihuka entzuten genuen odoletan. Eszena hori oso zaila da burutik kentzea. Denbora da sendagairik onena.

Etxera astelehen arratsaldean iritsi nintzen, eta  asteartean autoa hartu nuen. 70eko abiadura ezin pasata joan nintzen.

Autobuseko gainerako bidaiariekin harremanetan jarraitzen al duzu?

Whatsappeko talde bat dugu, eta jendea etxera iristen doan heinean idazten dute. Ospitalean daudenen berri ez daukagu. Autobuseko denok gaude taldean, batzuk ordea istripuan telefono mugikorra galdu zuten, eta ezin izan dute sartu taldean. Han denetarik galdu zen. Guk dena berreskuratu dugu, motxila apurtuta geratu da eta sakelakoak ere kolpea hartu zuen, baina hori ez da ezer.

Nazioartean sona handia izan du istripuak, nola eragin dizu horrek? Komunikabide askorekin egon al zara?

Egunean bertan, polikiroldegian geundela leku askotatik deitu ziguten, baita bertaratu ere. Euskal herriko medioak, Espainiakoak eta Frantziakoak, besteak beste. Eitb eta RTVE-koak hiru aldiz etorri ziren.

Nik Eitb-koekin hitz egin nuen euskaraz eta gazteleraz. Antena 3-koek etxera deitu zuten, eta beste batzuk, ez dakit ziur nongoak ziren, Azkoitira etorri ziren. Haiei ez niela erantzungo esan nien, gehiegizkoa izaten ari zen. Egunak pasa ahala, lasaitzen joan da kontua, eta San Inazio hasieratik jada inork ez dit deitu. Bakea. Guretzat garrantzitsuena denok ondo egotea da, bakoitza bere herrian lasai errekuperatu dadila. Hemen lagunekin eta familiaren laguntzarekin dena errazagoa da.

Gidariarekin egon al zarete? Zer gertatu zen tunel horretatik pasatzen ahalegintzeko?

Istripuaren ondoren poliziarekin egon ziren bi gidariak; galdera batzuk egin zizkioten eta kartzelara eraman zituzten. Gidatzen zihoana 48 orduz inkomunikatuta eduki zuten, eta bestea guregana itzuli zen. Gainera, oraindik ez zekiten denok onik atera ote ginen ere. Orain, epaiketaren zain egon beharko du urtebete.

Bi gidarien emazteak autobusean zihoazen gurekin. Nire ustez gidariak ez du errurik, zorte txarra izan zuen.

GPSaren bateria agortzen ari zitzaiola eta, bide motzena aukera klikatu zuela entzun dut, tunelaren berririk izan gabe. Zorionez, beste noranzkoan taxi gidari bat zetorren, eta hura izan zen istripuaren berri ematen lagundu zuena. Hark esan zigun Amsterdamera joateko beste bide bat dagoela, herria inguratzen duena. Baina hura hiru kilometro luzeagoa dela. Horregatik, GPSari bide motzena aukera ematean herri barrutik eraman gintuen.

Bigarren gidariarekin egon ginen hizketan. Fisikoki ondo zegoen, baina psikologikoki oso ukituta, negar batean.

Autobusik hartuko al duzu berriz?

Hartu beharra izango dut berriz ere; aurre egin behar diot beldurrei.

Gainera, polikiroldegitik Pariseko aireportura autobusean eraman ziguten. Bi solairutakoa zen autobusa, eta ni eta nire laguna goian eseri ginen. Tunelak gutxigatik pasatzen genituela iruditzen zitzaigun eta berriz jo behar genuela.

Joango al zara noizbait Amsterdamera?

Nik badut itzultzeko gogoa, lehen aldia zen Amsterdamera joango nintzela astebete pasatzera, eta oraindik badut hara joateko gogoa. Orain ordea, udara hemen pasako dut lasai. Andramaixetan disfrutatu eta gero agian egun pasaren batzuk egingo ditut. Nire oporrak bukatu dira. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide