Azpeitiarrek eta azkoitiarrek jarraitzen dute gaia gertutik, gehien bat: “Urola barruko jendea gabiltz, eremu hauek ere arriskuan daudelako”. Izan ere, Urola Kostan baimena eskatua dago hausketa hidraulikoak egiteko; Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zarauzko zati bat harrapatzen du maparen gainean. Ion Altuna eta Iraitz Elordi azpeitiarrak eta Iban Huerta azkoitiarra dira Urolako Fracking Ez taldeko kide batzuk.
Fracking-a edo hausketa hidraulikoa lur azpitik gasa eta petrolioa ateratzeko teknika bat da. Lurrazaletik 2.500 metro ingurura sartzen dute hobi bat, eta ura botatzen dute, beste likido kimiko batzuekin batera, presioan. Horrek sortzen du gasak lurrazalera irtetea.
Frankig Ez taldeko kideen arabera, zulaketa horiek «oso arriskutsuak» dira ingurumenarentzat eta osasunarentzat. Gasteiz inguruak du zulatua izateko arrisku gehien, eta mugimendua han da indartsuena. Hala ere, Elordik argi du “beharrezkoa” dela “balazta hasieratik” jartzea, hausketa «inora» iris ez dadin: “Herritarrei azaldu behar diegu behin lanean hasten badira, produkzioak aurrera egingo duela, eta segituan iritsiko direla gure lurretara. Burgos, Araba eta Kantabria izango dira lehenak, baina ez da hor bukatuko. Gipuzkoara ere helduko da”.