Lasterketa Azkoitiko triatloi taldeak, Anaitasuna mendi bazkunak, Raka maratonek, Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Xeye atletismo taldeak antolatzen dute, bizikletan eta korrikan ibiltzen diren azkoitiar, azpeitiar eta errezildarrei duatloi bat egiteko aukera luzatzeko eta beste hainbat lasterketetan (Maratoi erdia, Duatloi nagusia, Raka lasterketetan…) kirolzaleek boluntario gisa egiten duten lana eskertzeko.
Ibilbidea Herriko Plazan hasiko da eta bertan egongo dira “boxes”-ak. Lasterketaren lehendabiziko bi kilometroak korrika egin beharko dituzte parte hartzaileek, Sabadell kutxa eta Errexil taberna batzen dituen kilometro bateko zirkuituari bi bira eginez. Ondoren bizikletaz egin beharreko sei kilometroko etapari ekingo diote. Plazan hasita, Munategiraino iritsi beharko dute txirrindulariek, handik berriro plazara itzultzeko. Azken kilometroa korrika egingo da, aurretik egindako bira berdina eginez, baina aurkako noranzkoan.
Izen ematea eta dortsal banaketa 17:00etatik 18:30era herriko plazan egingo da egunean bertan eta doakoa izango da. Euskal Herriko Trialoi Federazioaren araudia erabiliko da lasterketan. Parte hartzeko Azkoitia, Azpeitia edo Errezilgoa izatea, edo hiru herri hauetako batean erroldatua egotea nahitaezkoa izango da. Edozein bizikletarekin hartu daiteke parte eta ezinbestekoa izango da kaskoa erabiltzea. Triatloian federatutakoek ezingo dute lasterketan parte hartu. Informazio gehiago nahi izanez gero Azkoitiko Duatloi Herrikoiaren Facebook orrian aurkitu dezakezu.
Iazko edizioan 61 parte hartzaile izan ziren duatloian, eta Intza Lizarazu (27'54'') eta Agustin Ruiz (22'00'') izan ziren irabazleak.