Aita Juan Jose ohorezko adiskideari eskainitako hitzak

Maxixatzen.eus 2015ko uzt. 10a, 08:00

ARGAZKIA: Bascongada.eus

Aurreko zapatuan, hilak 4, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Aita Juan Jose Agirre ohorezko adiskide izendatu zuen. Herriko lehen erakunde ekonomiko eta kulturalak, bere 250. urtebetetzean, bere errespetua eta esker ona adierazi nahi izan zizkion euskal memoria gorde, ezagutu eta zabaltzeko egin duen lanagatik. Sarrerako hitzei amaiera emateko, Xabier Lizardiren Bihotz Begietan liburuko “Euskal Pizkundea” olerkia aukeratu zuten. 

 

Hona hemen Juan Bautista Mendizabalek Aita Juan Jose Agirreri eskainitako hitzak:

"Eguerdi on guztioi… Fernando Salazar, Bascongadaren zuzendaria, Aita Beneditarrak, eta bere buru den Rufino Mugika, Aita Juan Joxeren familia, ongi etorri, Lazkaoko beneditarraren artxiboko lankideok, Lazkaoko udaleko kideok, Lazkaoko lagunak, Maria Jesus Aranburu Kultura Diputatu ohia eta gure laguna… Bascongadako Adiskide denok, bereziki Gurutze Gorriari, otsailetik gure adiskide kolektibo direnak, eskerrik asko zuen lanarengatik, eta beti bezala Intsaustin, Azkoitiar lagun eta herritar guztioi.

Ongi etorri Intsaustiko Jauregi honetara. Benetan, etxe honek,  poz handiz, besoak balira bezala, ireki ditu gaur bere ateak, gala-jantzi guztiekin, Aita Juan Joxe Agirre, beneditarra, besarkatzeko eta bere lana eskertzeko.

Gaur euskal kulturaren ardatz bat eskertzera gatoz. Bai, badakit, lotsatuko zarela, baina, hala zara zu, Juan Joxe. Gure Aita Juan Joxe Agirre. Gure herri honen sustraiak landu dituzu, zure bi

bokazioekin, sinesmena eta herri maitasuna.  Gure kulturan txertatu duzu zure bizia: Gure memoria beti gordetzeko, ezagutzeko eta zabaltzeko.

 Ez da izan lan erraza, eta ez da eskertua ere eskotan. Zure isiltasunean, tinko lanean eta  sare handi bat eginez, Euskal Herrian non nahi zeuden dokumentuak jaso dituzu eta beste asko inplikatu lan honetan. Hori guztia gainera zuzendu, eta zientzia handiz herriaren eta bere ikertzaileen eskuetan jarri.

Bereziki gainera, dokumentu oso konplikatuak izan dira, ezkutuan eginak, erbestean argitaratuak,… zenbat prentsa eta aldizkari debeku azpian tinta larriz inprimatutakoak!!! eta erbestean gordetakoak, askatasun gabean!!!…herri honen une estuenetako historiaren lerroak dira. Asko dira gainera , erdaraz, “publicaciones efímeras” deitzen direnak, garaian garrantzirik ez emandakoak eta denborarekin historia osatzen dutenak. Zuk banaka banaka jaso dituzu, inork zentzurik ez zionean ematen, eta zuk puzzle erraldoi baten bezala, itxura, forma eta osotasuna ezarri diozu. Horrela hobeto ulertzen dira garai haiek, zure lana ez balitz, gure historia ez zen osorik azalduko gure dokumentazioan. Ahozkoan bai, baina zuk testigantza fisikoa gorde duzu.

Horrekin batera, geroztik euskal pizkunde berri baten testigantza ere badugu, adibidez Frankismoaren bukaera inguruan idatzitakoak, Alderdi politiko, sindikatu, herri honen gazteri berri baten ideiak, biziki irrikan askatasun bila zebilen aberri baten ilusioak eta negarrak. Lazkaon betiko gordeta daude, gure erbestearen eta trantsizioaren memoriaren zati handi bat, gure bidegileen historia, eta… jadanik doktoretza tesi asko egin dira bertan.

Horrekin batera beste euskal liburutegi ospetsua dugu baita beneditarretan, euskal herriko antzinako liburu eta dokumentuak osatutakoa, baita euskal letretako pertsona ospetsuenak…eta baita ere lehengo Karmeldarren liburutegi antzinakoa.

Hemen , une honetan , eskertu beharra dugu beneditarraren zure familia ere, ez zen beraientzako ere erraza izango zure  moduko fraile berezia komentuko apaltasun espiritualean edukitzea. Zuk egia bihurtu duzu, era aparteko baten San Benitoren erregela. Ora et labora…

Hemen dugu ba, aita Juan Joxe, berarekin topaketa ederrak izan ditut. Liburutegi eder hura balioztatu behar zela eta…Maria Jesús Aranburu, Kultur diputadaren sasoian, orain 25urte…. Berak apustu handia egin zuen Aita Joan Joxeren lana Gipuzkoan geldiarazteko…bazeuden beste erakunde batzuk atzetik eta…, gogoratzen naiz, Joxe Mari Satrustegi euskaltzainarekin, Joan Mari Torrealday eta Ander Manterola Labayru fundazioko  lankide sutsuarekin, eta pertsona “ xelebre, baina, jakinduria handikoa zen Lorenzo Ruiz Fidalgo, Madrilgo Liburutegi Nazionaleko arduraduna. Balioztatu, balioztatu genuen, Aita Juan Joxek, gutxi zela esaten zuen …eta denborarekin akordiotara iritsi ziren instituzioarekin…

Beno, ez noa luzatzera, zuk ez duzu aurkezpen handirik behar.  Gaur Bascongadak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, gure herriko lehen erakunde ekonomiko eta kulturalak, bere 250. urtebetetzean, bere errespetua eta esker ona adierazi nahi dizu.

Bukatzeko, Xabier Lizardiren Bihotz Begietan liburuko hain ezaguna den “Euskal Pizkundea” olerkiaren zati bat nahi dut gogorarazi:

Orduan belaunikatu

nintzen hauts gainera.

Hark gordetako sua

zu ere hil ote zera?

Hautsa pitinka urratu

nuan, beldur bera.

Sua bizirik dago

galduak ez gera.

 

Geroztik ari nauzu

hauts zaharrak astintzen.

Aiton-amon guztien

ipuinak jasotzen.

Herriaren pitxiak

magalean biltzen,

ez baita hil gure herria

zutitu gaitezen.

 

Hil ez da eta ezta hilko

guk ez badugu nahi.

Bizi irrikaz zegoen

gure maitasun zai.

Haren susper beharrez

goazen nora nahi.

Pizkor urra ditzagun

malkar eta zelai.

 

Egizute nerekin

aberri-bidea.

Bildu dezagun nun nahi

asaben lorea.

Ta gaur danik goritu

gure sukaldea.

Ni nor naizen? Asmatu!

Euskal pizkundea!

 

Eskerrik asko AITA JUAN JOXE!!!"

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide