Haizea Ribera: 'Mailaz igotzea lortu genezakeen oparirik politena izan da'

Maxixatzen.eus 2015ko uzt. 10a, 10:00

Haizea Ribera Eibar taldeko erdilaria da, eta bere taldearekin Liga Nazionalera igotzea lortu du pasa den denboraldian.

Haizea Ribera hemeretzi urteko azkoitiarra Eibar futbol taldeko erdilaria da. Euskal ligan jokatu du Eibarrek bi urtez, eta pasa den denboraldian Bigarren mailara igotzea lortu du: hemezortzi partida irabazi, bost berdindu, eta bi galdu ditu guztira.  

 

Bigarren mailara igotzea lortu duzue bi urteren ondoren. Hori al zen zuen helburu nagusia?

Bai; gure helburu nagusia zen, eta aspalditik ari ginen lanean, igoera lortzeko. Mailaz igotzea lortu genezakeen oparirik politena izan da, egindako lan guztiaren ondoren. Orain, ordea, eskaera maila handiagoa izango da, eta beraz, egin beharreko ahalegina eta lana ere bai noski. Hala ere, pasa den denboraldian bezala lan eginda eta taldeak izan duen jarrerarekin jarraituta, emaitza politak lor ditzakegu.

Nola ospatu zenuten igoera?

Partida bukatu bezain laster zelaian ospatu genuen; momentuko poza eta ilusioa ezin izan genituen ezkutatu. Ondoren, kalera irten ginen denok batera, eta Ipuruan jokatzen ari ziren gizonezkoen Eibarreko partidako etenaldian zoriondu egin gintuzten lortutakoagatik. Horrez gain, egun gehiagotan ere ospatu dugu.

Nolakoa da Eibarren daukazuen giroa?

Talde giro oso ona daukagu; oso jende jatorra dago. Gainera, taldeko pare bat lehendik ezagutzen nituen, eta erraz integratu naiz taldean. Elkarrekin joaten gara gizonezkoen partiduak ikustera eta afariak ere egin izan ditugu. Orain, berriz, udarako plan batzuk ere sortu dira.

Talde langilea osatzen dugu, baina taldeko giro onak ere asko laguntzen du emaitza onak lortzen; giro hori antzeman egiten da zelaian.

 

 

Eibarren zenbiltzala futbola uztea erabaki zenuen.

Bai; garai onak pasa ditut, baina txarrak ere pasa behar izan ditut lesioen ondorioz. Belauneko lesio bat izan nuen eta ikasten ere orduak ematen nituen. Ilusio eta asmoak guztiz aldatu zitzaizkidan. Futbola utzi eta beste bide batetik jarraitzea erabaki nuen duela hiru urte.

Utzi bai, baina berriz itzuli zara berdegunera.

Utzi nuenetik, beti eduki izan dut berriro futbolean hasteko gogoa. Buruari hainbat buelta eman ondoren, ideia horri ekitea erabaki nuen. Futbola utzi aurreko urtean Eibarren jokatu nuen, eta bertako giroa eta maila asko gustatu zitzaizkidan. Horregatik, Eibarrera itzuli naiz berriz.

Zer da futbola zuretzat?

Txikitatik gustatu izan zait futbolean aritzea; betidanik izan dut horretarako joera. 

Ahalegin handia eskatzen al du futbolak?

Denbora asko kentzen dit futbolak, eta beste gauza batzuk alboan utzi behar izaten ditut. Denboraldi berrian ere emaitza onak lortzea nahi badugu, ezinbestekoa izango da taldekide bakoitzak ahal duen guztia ematea. Taldeko kirol bat izanik, norberak egindakoak besteei eragiten die. 

 

 

Medikuntza ikasten ari zara. Erraza al da ikasketak eta futbola uztartzea?

Azterketa garaian gauzak zailtzen dira, baina bestela, antolakuntza egoki bat jarraituz gero, arazo gutxi izaten ditut. Beti ere, bi gauzak, bai futbola baita medikuntza ere oso gustuko ditudalako; bestela, ezinezkoa litzateke biak batera uztartzea.

Larunbat gauetako parranden inbidiarik bai?

Egia esan, ez. Partida gehienak igande goizetan izaten direnez, larunbat gauetarako beste plan batzuk egin behar izaten ditut; baina ez dit axola. Urtean zehar gutxiago irteten banaiz ere, udan gogo handiagoarekin irteten naiz. Orduan aprobetxatzen dut parrandarako.

Asko zaintzen al zara, partidetan ehuneko ehunean egoteko?

Saiatzen naiz ahalik eta gehiena zaintzen, emaitza hobeak lortzeko. Hala ere, ez dut elikadura berezirik jarraitzen. Astean hiru aldiz entrenatzen gara, sasoian mantentzeko. Horrez gain, gainerako egunetan, beste ariketa mota batzuk egiten ditut, erritmoa jarraitzeko.

Nork erakutsi zizun futbolean?

Txiki txikitatik hasi nintzen futbolean inguruko lagunekin. Hasieran, eskola kiroletako entrenatzaileekin aritzen nintzen, eta gero, Anaitasunan. Bidean izan ditudan entrenatzaile guztiek lagundu didate orain nagoen lekuraino iristen, bakoitzak bere ekarpenak eginez. Txikitan, anaiarekin joaten nintzen igande egunetan futbolean ibiltzera, eta berak erakusten zizkidan zenbait trikimailu.

Aitarengandik al datorkizu futbolerako sena?

Hein batean bai; txiki txikitatik bizi izan dut futbola oso gertu, eta horrek eragina izango zuela pentsatzen dut. Oraindik ere gomendioren bat behar dudanean edo zalantzaren bat dudanean berari eskatzen diot. Baina aitak ez nau presionatu futbolaren inguruan; inoiz ez da gehiegi sartu horretan. Hori bai, nire partidak ikustera eta animatzera beti joaten dira familiakoak eta gertukoen ditudan lagunak ere bai.

Zein izan dira zure futbol ibilbidean bizi izan dituzun unerik gozoenak?

Aurten bigarren mailarako igoera lortzea izan da taldeko esperientzi politena. Pertsonalki, berriz, selekzioko edota Errealeko entrenamenduetara joatea; ilusio handiz hartu nuen orduan gonbidapen hura.

 

 

Aurrera begira zeintzuk dira zure erronkak?

Datorren urtean Liga Nazionalean maila ona ematea nahiko nuke taldearekin; emaitza onak lortu eta aurtengoa bezalako denboraldi bat egin. Lan eta ahalegin handia eginda, lortuko dugu. Talde ona osatzen dugu eta gogo handiarekin gaude. 

Futboletik bizitzea nahiko zenuke etorkizun batean?

Gaur egun nesken kategorian oso zaila da horretaz bakarrik bizitzea. Lehenengo mailan dabiltzan gehienak, futbolean aritzeaz gain ikasten edota lanean ere badabiltza. Hala ere, asko hobetu da egoera azken urteetan, eta etorkizun batean ondo legoke neskek, mutilek bezala, aukera hori izatea. Zergatik ez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide