Dagoeneko 45 herritarrek dute baratze ekologikorako lur saila

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 22a, 18:38

Altamirako lur saila.

Altamirako baratze ekologikoetako bat eskuratzeko lehen deialdian izena eman zutenen arteko onartuen behin betiko zerrenda osatuta dago. Guztira, 45 herritarrek osatzen dute zerrenda, eta guztiek dute hitzordua datorren ekainaren 23an (asteartea) zein lursail egokitu zaien jakiteko egingo den zozketa publikoan parte hartzeko. 

 

Hitzordua Elkarguneko Oteiza gelan izango da, 17:00etan, eta zozketa egingo dute. Ondoren, Udalak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean sustatzen duten Baratza Parkearen aurkezpena egingo da Altamiran bertan, eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko aukera izango dute erabiltzaileek.

Gogoratu, oraindik beste hogei bat baratze libre gelditu direla eta Udalak ortu hauek eskuratu ahal izateko bigarren deialdi bat zabalik duela. Bigarren deialdi honetan izena eman nahi dutenek, ekainaren 24a (asteazkena) arteko epea dute horretarako. Interesa dutenek udaletxeko harreran eman beharko dute izena.

Bestalde, eta araudian jasotzen denez, Altamirako baratze ekologikoren bat eskuratu nahi duen orok derrigorrez parte hartu beharko du Kutxa Ekoguneak antolatzen dituen nekazaritza eta baratzezaintza ekologikoko ikastaro teoriko eta praktikoetan. Ikastaroan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Izena emateko honako helbidean sartu eta izen emate orria bete: erreserbak.ekogunea.net. Edo 943 55 2020 telefonora deitu.

Bi talde osatuko dira parte-hartzaileekin, eta honela banatuko dira zereginak:

1 TALDEA

Ikastaro teorikoa: ekainaren 29an (astelehena), 18:00etatik 20:00etara, Elkarguneko Oteiza gelan.

Ikastaro praktikoa: uztailaren 1ean (asteazkena), 17:00etatik 20:00etara, Baratza Parkean.

2 TALDEA

Ikastaro teorikoa: uztailaren 4ean (larunbata), 09:00etatik 11:00etara, Elkarguneko Oteiza gelan.

Ikastaro praktikoa: uztailaren 4ean (larunbata), 11:00etatik 14:00etara, Baratza Parkean.

Kutxa Ekogunearekin elkarlanean jarriko da martxan baratze parkea. Hala eginda, Baratze Parkea Sareko kide izango dira baratze horiek, eta lursaila izateaz gain, nekazaritza ekologikoaren inguruko ikastaroak eta aholkularitza eta ikuskaritza ere izango dute. www.baratzeparkea.ekogunea.net webgunean hainbat zerbitzu izango dituzte erabiltzaileek: baratzezaintzari buruzko aholku praktikoak, ikastaroak, ekimenen agenda, argazki galeriak,... eta baita beste herrietako kideekin harremanak egiteko ere. Bestalde, Baratze Parkea Sareko kideek foroan parte hartzeko aukera izango dute.

Gipuzkoako Baratze Parke Sarean parte hartuko duen hamaikagarren herria izango da Azkoitia, estatu mailako baratze sare handiena ostauz; 842 erabiltzaile eta kontsumo propiorako diren lur sail ekologikoen 44.000 m2 –ko hedadura dauka sareak. Azkoitian, guztira, 66 partzela egingo ditu Altamira auzoan (horietako bat ezindu fisikoentzat), bakoitza 40 metro koadrokoa, eta baratze horietan lanean ari direnen lanabesak gordetzeko etxola ere jarriko du.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide