Iaz egin zuten aurrenekoz Elkarrekin Eraikitzen proiektua, eta izandako arrakasta ikusita, aurten bigarrengoz antolatu dute. Proiektuaren "oso ebaluazio positiboa" egin dute. Era berean, ikasleek adierazi dute proiektuan zehar "asko ikasi" dutela eta etorkizunerako "oso baliogarria" izango zaiela edukitako esperientzia.
Ikastetxe partehartzaileetako ikasleek, proiektuan zehar bizitako esperientziak nahiz egindako hausnarketak aurkeztu dituzte jendartean. Ekitaldia, proiektuan parte hartu duten eragile ezberdinek osatutako mahainguru batekin amaitu da, bertan izan dira udal, enpresa, nahiz ikastetxeetako ordezkariak.
Aurtengo ekitaldian, iaz bezala, eskualdeko bost eskolek (Floreaga Salestar ikastetxea, Iraurgi ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko ikastola, Xabier Munibe Azkoitiko ikastola eta Urola ikastola) parte hartu dute. Proiektuaren koordinatzaile lanetan berriz, Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza erakundeak- eta Ie Team kanpo adituak aritu dira. Zazpi eragileek elkarlanean garatu duten edizio hau 2014ko udazkenean hasi zen, eta gaur eman diote amaiera.
Elkarrekin Eraikitzen proiektuak, ikaslea, proiektua nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi bete nahi ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetasunari lotutako balio eta gaitasunak sustatzea du helburu, besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hau bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren hirugarren eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik, dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin hartu ditzaten.
Aurten ere proiektua bi fase nagusitan egituratu da. Lehenik eta behin, eskualdeko ikastetxeetako irakasleek elkarlanean, ondoren ikasleek aplikatu dituzten metodologia berritzaileak esperimentatu dituzte, ondoren, ikastetxe bakoitzak bere neurrira egokitzen den proiektu bat egituratu duelarik. Bigarren fasean aldiz, ikasleak talde txikitan bilduta, irakasleek planifikatutako prozesuaren bitartez, Iraurgi Berritzenek proposatutako zortzi kasu errealak hausnartu eta lanketa bat aurkeztu dute.
Partehartzaileek, bereziki ikasle nahiz irakasleek, bigarren edizio hau ere positiboki ebaluatu dute eta izan dituen partehartze datuengatik ere arrakastatsutzat jo daiteke. Proiektuan zehar, hamabost irakasle eta 250 ikasle inguruk hartu du parte. Hauez gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan borondatetsu 40 eragiletik gora hartu dute parte.
Besteak beste, hainbat enpresa ordezkari, Azkoitia nahiz Azpeitiako udal ordezkariak, Urkomeko ordezkariak, Merkatari elkarteetako ordezkariak, Iraurgi Berritzeneko ordezkariak, Osasun Zentroetako ordezkariak nahiz lehen sektoreko hainbat ustiategitako arduradunekin egoteko aukera izan dute ikasleek.
Jardunaldia bukatzeko, eragileetako ordezkariek mahai-inguruan parte hartu dute, proiektuaren balorazioa egiteko. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jon Zubizarreta (Iraurgi Berritzen), Eneko Etxeberria (Azpeitiko udala), Ana Mª Badiola (Juaristi), Ana Errasti (Azpeitiko osasun etxea) eta Koldo Gurrutxaga (Floreaga ikastetxea).