Urtetan herritarren zerbitzugune nagusia izan zen eta eragin handia izan zuen Azkoitiko gizartearen bilakaeran. Moldea guztiz aldatu den arren, kooperatibaren izaerari eustea da orain erronka. Eta lan horretan, buru belarri, zortzi urte beteko ditu laster Juan Luis Uriak, Jasokunde Kooperatibako presidenteak.
2008tik zara Jasokunde Kooperatibako presidente. Zerk bultzatuta hartu zenuen kargua?
Urte horretan Kontseilu Errektorea osatzen zuten kideek proposatu zidaten presidente kargua hartzea, eta baietz esan nien. Datorren urtean zortzi urte egingo ditut, eta azkena izango da. Esperientzia eta lagunarte ona da, baina azkenean nekatu ere egiten du. Borondatezko lana da, hemen ez dugu dirurik jasotzen; denok gure borondatez egiten dugu lan Jasokunde Kooperatiba osatzen dugun bazkide guztiontzat.
Zer egitura du gaur egun Jasokunde Kooperatibak?
624 bazkidek osatutako kooperatiba bat da hau. Kudeaketa lanak egiteko, Kontseilu Errektore bat dago, zortzi lagunek osatutakoa: presidentea, presidenteordea eta sei bokal. Hilero elkartzen gara, lehen asteazkenean.
Zeintzuk dira Jasokunde Kooperatibaren egungo helburu nagusiak edo eginkizunak?
Irabazietatik ahalik eta diru gehiena bazkideari bideratzea da gure erronka. Besteak beste, BM dendan % 6ko beherapena dute bazkideek erosketetan. Urteko Batzar Orokorrean ere, oparia ematen zaie bazkideei.
Bazkide berriak batzen al dira proiektura?
Azken urte hauetan bazkide aldaketak direla eta, gazteak sartzen ari dira. Horiei eskatuko nieke Kontseilu Errektorean edo Zaintza Batzordean parte hartzeko.
Herrian funtzio garrantzitsua izan du Jasokunde Kooperatibak, hasiera hasieratik. Asko aldatu da kooperatibaren izaera azken hamarkadetan?
Asko aldatu da, bai. Garai batean, gure berezko baliabideekin kudeatuz, kooperatiba errentagarria zen, supermerkatu handiak gure herrira sartu baino lehen. Ondoren, egitasmoa bideragarria izan zedin, BM taldearekin adostasun batera iritsi ginen.
Azkoitian ez da bereziki errotu kooperatibismoa. Beste bide batzuk jorratu dira.
Nire iritzian, kooperatibismoaren balioak (erantzukizuna, solidaritatea, berdintasuna, demokrazia eta beste batzuk) pertsonentzat egokienak dira, baina lehenago esan dudan moduan, erakundea errentagarria ez bada, ez dago zer eginik.
Gure herriko lan merkatuan izango al luke lekurik, egun, kooperatibismoak?
Ni neuk Errezilen kokatua dagoen Domusa Kooperatiban (Mondragon Taldekoa) egiten dut lan. Orain 34 urte Errezilen nork esan behar zuen Domusa bezalako enpresa bat egongo zenik herrian eta kooperatiba bat izango zenik? Beraz, zergatik ez da posible izango Azkoitian ere kooperatibak sortzea?
100. urteurrena prestatzen ari zarete orain. Nolakoa da egitaraua?
Bai, ospakizunen prestaketetan murgilduta gabiltz orain. Ekainaren 6an eta 7an antolatu ditugu hainbat ekintza, adin guztietako jendearentzat: larunbatean umeentzako jolasak izango dira Herriko Plazan, eta Baztartxon Musikene Metal taldearen kontzertua. Sarrerak doan banatuko dira BM dendan. Igandean, berriz, Txalkor Txistulari Taldearen kalejira, hildako bazkideen omenezko meza, trikitilariak, umeentzako jolasak eta mokadutxo bat.