Azken agurra eman diote Juan Ignacio Uria Epelderi

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 2a, 22:19

Argazkia: Ana Abarizketa

Berotasunez agurtu dute gaur arratsaldean Juan Ignacio Uria, frankismo osteko Azkoitiko lehen alkatea izan zena. Herritar ugari gerturatu da herriko parrokian egindako hileta elizkizunera. Aurrez, hilbeila Santa Kutz konbentuan jarri zuten, familiak hala eskatuta.

Unerik hunkigarriena izan da Azkoitiko Musika Bandak eliz atarian Agur Jaunak eta Johann Sebastian Bach-n hileta kanta jo dituenekoa.

Uria Azkoitiko alkatea izan zen frankismoa amaitu eta lehenengo hauteskundeak ospatu bitartean, 1976tik 1979ra. Roman Sudupek hartu zuen, 1979an, Azkoitiko aginte makila Uriaren eskutik. Hamarkada hura politikoki oso «konbultsoak» izan zela dio Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak, Franco hil ondorengo urte haietan dena zegoen-eta egiteko. Politikan gizon «mugitu» gisa definitu du Sudupek, eta «herritarren artean oso maitatua». Pertsona gisa, berriz, oso gizon «atsegina» eta «baikorra» zela esan du alkate ohiak.

Juan Ignacio Uriaren hileta

(Ana Abarisketa/Hitza)

Politikagintzan eta gizarte arloan aritua

Politikagintzan eta gizarte arloan urte luzez aritu ostean hil da Uria, 85 urterekin (astelehenean hil zen). 1976ko otsailetik 1979ko apirila bitartean izan zen Azkoitiko alkatea. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronistak HITZAri azaldu dioenez, Uriak alkate kargua hartu zuen hainbat herritarrek hala eskatuta: «Franco hil ostean, orduko udalbatzak udala utzi zuen, eta ezer ez zen gelditu udaletxean. Hala, herriko hainbat mugimendutakoek eskatuta, ikastolako jendeak, enpresa mundukoek… alkate kargua hartu zuen Uriak. Era horretan, udal hauteskundeak egin bitartean, kargu hori izan zuen». Garai hartan zegoenarekin udala kudeatzeko ahaleginak egin zituen Uriak, Mendizabalen arabera: «Udalak izan behar zuenari buruz, eta eduki behar zuen kudeaketari buruz egin zuen lana. Uriak, herriaren antolamenduari garrantzi handia eman zion, eta baita hezkuntzari ere». Trantsizio garaiak ziren, eta «herri barruan bakea» lortzeko ere lan egin zuela nabarmendu du Mendizabalek: «40 urtez frankismoa egon zen, eta herrian bertan bakea izateari garrantzia ematen zion».
Azkoitiko alkate zela, Bergarako alkateen mugimenduan ere parte hartu zuen Uriak; han bildutakoek amnistia, euskara eta Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko ahalmena eskatzen zituen agiri bat onartu zuten. «Uriak buruan zeukan Euskal Herriko askatasun legea, eta Lege Zaharrak eskuratzeko nahia zuen», adierazi du Juan Bautista Mendizabalek.
1977ik Asanblada Konstituziogileko senataria ere izan zen, baita Eusko Legebiltzarreko ordezkaria ere, EAJren eskutik. 1979ko Euskal Autonomia Erkidegorako Estatutua lortzeko eta onartzeko lanean ere jardun zuen.
Euskararen eta Arte Ederren munduan ibilitako pertsona ere izan da Uria; «ilustratua», Mendizabalen hitzetan. «Izaera zabaleko pertsona izan da, eta alde guztietan izan ditu lagunak», esan du.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente eta zuzendari ere izan zen, 1977tik 1979ra bitartean. Elkarteak omenaldia egin zion 2012ko urriaren 6an.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide