Adiskide numerario eta zuzendari ohi zenaren hileta elizkizuna, bihar, asteartea, ekainak 2, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko parroki elizan izango da, 19:00etan. Ohi den bezala, aurrez, 18:45etan errosario santua errezatuko da.
Hilbeila, Santa Kutz komentuko elizan egongo da, honako bisita ordutegiarekin: gaur, 16:00etatik 19:00etara, eta bihar, 11:00etatik 13:00etara; arratsaldean, 16:00etatik 18:30era.
Besteak beste, honako liburuak idatzi zituen Uriak: Gentiles y Leyendas (1963), Los Amigos del País (1975) eta La Casa Torre de Emparan (1977).
Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen elkarteko lehendakari azkoitiarrak azaldu dio Maxixatzeni gaztetatik hainbat une igaro dituela Uriarekin. Mendizabalek gogoan du hamalau urterekin Uriari egin zion bere lehen elkarrizketa, eta emozionatuta eta hunkituta kontatu digu bizipen hura.
Hilbeila Izarraitz magaleko Santa Kutzeko komentuan izango da gaur eta bihar. Uriak bere aitak hasitako bideari ekin zion, historiaren ezagutzan sakontzeko.
Legelaria zen ofizioz, herriko kulturaren autodidakta izan zen, euskal, espainiar eta frantses historiaren eta literaturaren irakurle sutsua, "ilustratua", bere solasaldietara era guztietako entzuleen arreta erakartzen asmatzen zuen.
Begirune handiko gizona zen eta oso maitatua. Espainiako Korteetako senatari kargutik trantsizio garairaino ezinbesteko pertsona izan zen. 1979ko Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren onespenaren alde ere lan asko egin zuen.
Franko hil ondoren, 1976. urtetik 1979ko lehendabiziko hauteskunde demokratikoak arte Azkoitiko alkate izendatu zuten, herritarrek hala erabaki zutelako. Ondoren, inguruko alkateekin batera Bergarako alkateen mugimenduan parte hartu zuen euskal eskubideak aldarrikatzeko.
Adiskideen elkartean bere parte-hartzea esanguratsua izan zen aitarekin batera, eta duela 50 urte "Azkoitiko zalduntxo" izendatu zuten.