Ireki dute baratze ekologikoetan aritzeko izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 22a, 15:00

Argazkia: Azkoitiko udala.

Ekainaren 2ra arte eman ahal izango da izena. 66 partzela prestatu dituzte Altamira auzoan, bakoitza 40 metro koadrokoa. Gehienez 842 erabiltzailek izango dute bertan tokia. 

Altamira auzoan kokatuko diren baratze ekologikoetan aritzeko izena emateko epea ireki du Azkoitiko Udalak, eta ekainaren 2ra arte jarri du epea. 66 partzela egiteko asmoa dute, bakoitza 40 metro koadrokoa. Udalak jakinarazi duenez, horietatik bat ezindu fisikoei bideratuta egongo da. Guztira gehienez 842 erabiltzailerentzako tokia du eremuak.


Urola Institutuaren ondoko lursailean kokatuko diren baratzeetan 50 euroko fidantza ordaindu beharko da hasieran, eta, 5 euroko kuota hilero.

Baratzeak erabiltzeko lizentziari dagokionez, urtebeteko iraupena izango du, eta, gehienez, lau urtera arte jarraitu ahal izango da. Hala ere, lursailaren titularrak hurrengo deialdietan parte hartzeko aukera izango du.

Azkoitiko Udalak argitu du, baratze ekologikoetan lursaila lortzeko nahitaezkoa izango dela gutxienez azken hiru urteetan Azkoitian erroldatuta egotea. Horretaz gain, familia-unitate bereko beste inork ezingo du izan beste baratze ekologiko baten erabiltzaile. Beste landa-lur baten jabea ez izatea ere baldintzetako bat da. Azkenik, zerga betebeharrak ordaintuta izatea ere aztertuko du.

Gipuzkoako Baratze Parke Sarean parte hartuko duen hamaikagarren herria izango da Azkoitia. Azken urteetan baratze ekologikoen erabilerak gora egin du nabarmen zonaldean; beraz, herritarren partetik jasotako eskakizunei erantzunez jarri du martxan proiektua udalak.

Irizpide ekologikoak

Irizpide ekologikoei jarraituz eta bertako produktuen erabilera sustatuz herritarrei euren elikagaiak lortzeko aukera eskaintzea da proiektu honen helburu nagusia. Beraz, ezingo da erabili lurrari kalteak eragiten dizkion ongarri eta fitosanitariorik.

Ildo horretatik, Ekoguneak antolatzen dituen nekazaritza eta baratzezaintza ekologikoko ikastaro teoriko zein praktikoetan parte hartzeko prest egon beharko dute hautatuek. Bestela, partzela erabiltzeko lizentzia galduko luketela azaldu du udalak.

Azkenik, eta legediak dioenez, debekatuta egongo da baratzeetara animaliak eramatea.

Behin ekainaren 2a pasata, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda plazaratuko du udalak herriko iragarki taulan naiz webgunean. Hortik aurrera, bost eguneko epea izango dute izena eman dutenek erreklamazioak aurkezteko. Behin egun horiek pasata, behin betiko zerrenda argitaratuko da. Lursail kopurua baino eskaera gehiago aurkeztuz gero, zozketa egingo lukete, jendaurrean.

Baratze ekologikoetan izena eman nahi duten herritarrek nortasun agiria eta eskaera orria beteta aurkeztu besterik ez dute, udaletxeko harrera bulegoan. Eskaera orria Azkoitiko Udaleko wegbunean dago eskuragarri.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide