Zerk bultzatu zaitu beste lau urtez alkategai izatera?
Lau urte oso gogorrak izan dira, baina legegintzaldiaren amaiera honetan emaitzak ikusten ari gara. Azkoitian aldaketa gertatzen ari dela ikusteak ilusio handia ematen dit, eta horri segida eman nahi diot. Behin eta berriz ari naiz esaten kanpaina honetan, eta hemen ere azpimarratu nahiko nuke: mundu hobearekin egiten dut amets; herri justuago batekin, herri solidarioago batekin. Inor baztertuko ez duen mundua irudikatzen dut, aniztasunez aberastutako herria, pertsonen eskubide guztiak errespetatuko dituena, eta gizon zein emakume berdin izango garena. Eta ilusioak egi bihurtu daitezkeela sinesten dudanez, etenik gabe aurrera egin nahi dut.
Zein aholku jaso dituzu azken hilabete hauetan?
Bilduren oinarriari heldu behar diogula, politika egiteko beste modu bat posible dela erakutsi baitugu. Pertsonak jarri ditugula politikaren erdian, eta norabide hori ez aldatzeko.
Nolako programa aurkeztu duzue?
Ezertan sartu baino lehen, garbi eta ozen esan nahi dut azkoitiarrekin batera eraiki nahi dugula etorkizuna. Ibilbide horretan, gobernu irekiaren filosofian eta bere hiru ardatzetan sakonduko dugu: partaidetza, elkarlana eta gardentasuna. Danon Herrixe parte hartze prozesuaren baitan herritarrekin herri ereduaren eta beharren inguruko gogoeta estrategikoa egingo dugu eta mahai ezberdinak indartuko ditugu: kultur, kirol, euskera, berdintasuna, aniztasuna, sozioekonomia, GKE-ak Gainera, garbi daukagu dauzkagun baliabideekin egin behar diogula aurre kudeaketari. Ez dugula etorkizuna hipotekatu behar; herri eredu ezberdina eraikitzen jarraitu nahi dugu.
Zein proiektu dira zuretzat garrantzitsuenak?
Dagoeneko, aurrekontuetan onartutako proiektu guztiei jarraipena emango diegu: Floreagako igogailua; eguneko zentroa; Klara Doneatik igerilekuetara joateko bidea irisgarri egitea; baserri bideak konpontzen jarraitzea; parke estalia egitea; urbanoa mantentzea; etxe eta lokal hutsei irtenbidea ematen laguntzea, eta abar.
Eta horiez gain, San Martin auzoaren arau subsidiarioen aldaketarekin hasiko gara; umeen parkeen mantenuan eta orokorrean herria txukuntzeko ahalegin handiagoa egingo dugu eta Insausti eremuari irtenbidea emango diogu, besteak beste.
Gainera, haur eta gazteei zuzendutako aisialdi programa osatu nahi dugu; horretarrako taldeen elkarlana jorratzea ezinbestekoa izango da, eta dauden egiturak indartzen saituko gara. Kirol mahaia ere sortu nahi dugu herriko kirol talde eta elkarte guztiekin, eta bertan, nahi ditugu jorratu kirol azpiegituren eta beharren inguruko eztabaidak.
Zein dira zuen lehentasunak?
Azkoitiarrak dira gure lehentasuna, eta hauen oinarrizko eskubide eta beharrak asetsea da lehentasunezko erronka. Hori guztia, beti herritarren parte hartzearekin, kudeaketa garden batekin, eta alderdien arteko adostasunekin. Horrela egin dugu lau urtetan eta horrela egiten jarraituko dugu.
Zer iritzi duzue meskitaren inguruan?
Herritarrek errezatzeko eta elkartzeko guneak edukitzea eskubide bat da, eta komunitate musulmanaren eskaerari dagokionez tramitazoa guztiz legezkoa izan da, eta udalaren betebeharra da meskita egiteko baimena ematea. Zenbait lekutan ere ezinegona eta errezeloak eragin dute horrelako guneak martxan jartzeak, baino ondoren gauzak baretu egiten dira eta herri horiek erakusten dute errespetuzko elkarbizitza posible dela aniztasunean. Guztion ardura da, bai herritarrena eta bai erakundeena elkarbizitza eta integrazioaren bidean lan egitea.
Herriko langabezia tasa jaisteko, zeintzuk dira zure asmoak?
Orain dela lau urte enplegua sortzeko gure esku dagoen guztia egiteko erabakia hartu genuen eta hortik segituko dugu: enplegu plana, ekintzailetasuna sustatzeko laguntzak… Ekonomia sozial eraldatzailearen bidean jarraitu nahi dugu, langile, eragile eta guztien partaidetzarekin kudeatutako ekonomian.
Eragile ekonomiko eta hezkuntza arlokoekin bailara mailako sare bat osatu dugu. Guztiekin elkarlanean alternatiba ekonomiko berriak bilatu nahi ditugu, ekintzailetasuna sustatuz, eta sare hori sendotu nahi dugu.
Bestalde, lan duina sortzeko enpresetan langile eta sindikatuen partaidetzarekin foro berriak bultzatuko ditugu.
Azkenik, azpimarratu nahi dugu azoka indartzeko hausnarketa egingo dugula.
Nekazaritzari dagokionez, zeintzuk dira zure proposamenak?
Lurbide proiektuari berebiziko bultzada emango diogu, proiektu honek garatzeko behar dituen baliabide ekonomiko eta teknikoak bermatuz. Herriko nekazarien produktuak merkaturatzeko zailtasunei aurre egiteko neurriak hartuko ditugu. Nekazariekin harreman iraunkorra izango dugu, parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena izan dezaten.
Zaborraren sistemarekin nolako neurriak hartuko dituzue?
Martxan dugun bilketa sistema berriarekin %79ko gaikako bilketa tasa dugu jada Azkoitian. Aldaketa txiki batekin eta herritarren ahaleginari esker ingurumenaren aldeko jauzi handia egin dugu. Bide horretatik jarraituko dugu lanean eta jarraipen batzordean beste taldeekin hala adostuta, eta herritarrek galdeketan adierazitakoa baloratuta, sistema moldatzeko eta hobetzen jarraitzeko azterketa teknikoa eskatu diogu Mankomunitateari.
Eguneko Zentroa herriaren erdigunera ekartzeko proiektua zertan da?
Proiektua enkargatuta dago eta behin betikoz onartu aurretik ondo aztertuko da, dagozkien eragileekin kontrastatuko da eta guzti horren ondoren hartuko dugu erabakia.
Euskararen presentzia eta erabilera nola indartu daiteke?
Herriko eragileekin batera euskara plana zehaztu dugu eta horri jarraipena emango diogu. Gazte eta helduen artean euskara sustatzeko programa zehatzak jarriko ditugu abian. Euskaraz bizi nahi dugu eta ondorengoei herri euskalduna laga nahi diegu. Uste dugu, Maxixatzen bezalako herri komunikabide bat izateak mesede egiten diola euskarari, horregatik bultzatu dugu proiektua eta jarraituko dugu bultzatzen.
Eliz atariko eraikinarekin zer egingo duzue?
Badakigu azkoitiarrok kezka handiz bizi dugula eraikin horren egoera. Jada egun neurri batzuk martxan daude horri irtenbidea emateko, baina hau azkoitiarron beharretara egokitu nahi dugu. Prozesu bat irekiko da, eta porposamen ezberdinak aztertu ondoren, beste alderdiekin eta herritarrekin adostuta erabakiko dugu eraikin horrekin zer egin. Guk noski gure proposamena eramango dugu.
Noren botoa zeuenganatu nahi duzue?
Azkoitian ematen ari den aldaketa honekin sinesten duten azkoitiarrena. Adin eta eremu ezberdinetako emakume eta gizonena.
Zalantzan dagoenak zergatik bozkatu behar du EHBildu?
Inoiz baino gehiago behar dugu azkoitiarren botoa. EAJk garbi esan du bai udaletan eta Aldundian PP eta PSErekin batzeko prest dagoela EH Bildu gobernutik kentzeko. Beraz, egoera horri aurre egiteko, inoiz baino beharrezkoa da gehiengo zabal bat lortzea. Guk gure oinarriak zein diren oso garbi azaldu ditugu: herri euskalduna, parte hartzailea, solidarioa, justua, berdintasunean oinarritutakoa, herriak benetan behar dituen proiektuak aurrera eramango dituena, errealista, etorkizuna hipotekatuko ez duena…
Horregatik guztiagatik eskatuko nioke zalantzan dagoenari botoa. Denok elkarrekin Azkoitia hobea lortzeko kapaz garelako.