Floreagako meskitaren harira, azken egunotan, hedabideetan Urrategi Alberdi alkatearen jarrera salatzeko erabili diren argudioei -"informazio eza, espedientearen tramitazioa ezkutuan eraman izana eta abar …"- erantzun die udal gobernuburuak, agiri baten bidez.
Horretarako eta informazioa argitze aldera, meskitaren udal espedientean agertzen diren hainbat datu eman ditu alkateak. Idatzian jasotzen denez, 2013ko martxoan kontsulta urbanistikoa egin zen Udalean, Floreagaberri Plazako lokal batean meskita bat ipini al zitekeen galdezka.
2013ko apirilean Udaleko teknikariek egindako "txosten tekniko eta juridikoek kontsulta urbanistikoari aldeko erantzuna" eman zioten.
Alberdiren idatzian zehazten denez, "2014ko maiatzaren 7an, Floreagaberri Plaza 3ko bizilagunen izenean, bertako ordezkariak idatzia aurkeztu zuen meskita bat irekitzeko proiektuaren inguruko informazioa eskatuz", eta 2014ko maiatzaren 30ean Udalak bizilagunen eskariari erantzuna eman zion, azalduz txosten teknikoek aldeko iritzia eman ziotela meskitari buruzko kontsultari. "Horrez gain, eskatzaileari espresuki adierazi zitzaion aukera zuela espedientea kontsultatzeko eta nahi izanez gero, kopiak egiteko", nabarmendu du alkateak.
Ondoren, 2014ko urrian "Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren aldeko ebazpena iritsi zen, lurraren kalitatea deklaratuz", eta 2015eko apirilean baimena eskatu zen. Momentu honetan espedientea martxan dago. Datuok frogatzen dituzten agiri guztiak ere eskura jarri ditu Udalak.
Azalpen horiek emanda, Alberdik herritarrei adierazi die "Udalak herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra" daukala eta "kasu honetan ere, hala egingo duela". "Meskitaren proiektuak lege baldintzak betetzen ditu eta ondorioz, ezinezkoa da ezetza ematea. Kontrakoa prebarikazioa litzateke", esan du.
"Udalak uneoro ateak zabalik" dituela eta bizilagunen kezka eta galderei erantzuten jarraituko dutela gaineratu du. Halaber, "alderdi politiko guztiak ere informatuta" egon direla nabarmendu du.
Horrez gain, Alberdik adierazi du Floreaga auzoak dituen "aparkaleku arazoen eta bestelako arazoen" inguruan lanean ari direla. "Floreagak aparkaleku arazoak dituela badakigu eta gure erantzukizuna da horri konponbidea ematea, eta horretan gabiltza. Oraingo obrarekin 8-19 aparkaleku inguru gehiago lortuko dira", esan du.
"Amaitzeko, gure herrian bakean bizitzea da guztion nahia eta bide horretan lana egiteko konpromisoarekin jarraituko dugu", gaineratu du alkateak.