Udal eta Foru Hauteskundeak

EH Bilduko alkategaiak herritarren galderak erantzun ditu Maxixatzenen

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 19a, 17:08

Maxixatzenen bulegoan erantzun ditu Alberdik herritarren erantzunak.

Gaur arratsaldean Urrategi Alberdi EH Bilduko zerrendaburua izan dugu gurekin, herritarren galderak erantzuteko datozen udal eta foru hauteskundeei begira. Galdera asko jaso ditugu, eta ordu eta erdian ezin izan ditu guztiak erantzun.

Mila esker galderak bidali dizkiguzuen guztioi, eta gogoratu bihar Jose Joaquin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaia izango dugula gurekin. Hemen duzue gaurko elkarrizketa osoa. 

Erantzundako galderak

1. Kaixo Urrategi, bizenta juaristin bizi naiz, aspaldi sartu nuen kexa gure parkea ez dela umetxoentzako segurua, beste parke batzuk zahartuta daude. Zer asmo duzue ?
Amaia

Kaixo Amaia,
Parkeen mantenuan zenbait lan egin baditugu ere, ahalegin haundiagoa egin behar dugu. Parke asko ditugu eta horien mantenu eta hobekuntzarako plangintza lantzen ari gara. 
Mila esker.

2. Bilduk ba al du herrian azpikontraten esku dauden zerbitzuen (adib: Elkargunea- Masquatro//Zaharren Egoitza-Biharko) kudeaketa osoa berreskuratzeko asmorik?
Imanol

Kaixo Imanol,

Zaharren egoitza foru aldundiaren eskumena da eta eskualdatzea oraintxe sinatu dugu. 
Bildun asmoa bada ahal den neurrian baliabide propioekin kudeatzea derrigorrez udalak eskeini beharreko zerbitzuak baino zerbitzu bakoitzean azpikontratazioen egoera, langileen baldintzak eta legeak ezartzen dituen mugak eta aukerak aztertu behar dira. Zerbitzuen publifikazioa prozesu luze eta korapilotsuak dira baino bide horretan lan egiteko prest gaude. Zentzu horretan urratsak ematen ari gera, brigadan adibidez jardineritza zerbitzua berreskuratu dugu.

Eskerrik asko.

3. Arratsaldeon, Ba al duzue estali gabeko igerilekuetara eta bertan egin diren etxe berrietara Santa Klara aldetik irisgarritasuna hobetzeko asmorik? Asmo hauek baleude, zer egitea pentsatzen da bide horretan geratzen diren tailerrekin eta Matadeixe-rekin? Eskerrik asko 
Igerilekuetako erabiltzailea

 

Kaixo, Igerilekuetako erabiltzailea

Herri barruko bidegorri sarea egokitzeko lanak oraintxe hasiko dira. Lan horien barruan aurreikusten da Santa Klara aldetik igerilekuetarako bidea norabide bakarrekoa jartzea. Bestalde, garajetako horma botatzea eta espaloia zabaltzeko aukera lantzen ari gera. Honek ez dio Matadeixei eragingo.

Mila esker.

 

4. Hauteskunde hauetan gobernatzea lortzen ez baduzue oposizioan egongo zara? Oposiziotik ere zuen proiektua lantzeko aukerarik ikusten duzu desberdinekin akordio konkretuera iritsiz? Eskerrik asko.
berriketerie

Kaixo Berriketerie,

Gobernuan izan edo oposizioan gure proiektua lantzen saiatuko gera.
Horretarako herriaren onerako diren adostasunak bilatzeko ahalegina egingo dugu.

Mila esker.

5. Datozen lau urteetan Izarritz azpiko Attolako inguruan egokitzapen, berritze lanik aurreikusten al da? Jendearen joan etorria gero eta handiagoa da han inuruan, eta batez ere udaran, zabor eta paperez josiak izaten dira hango pago eta zelaiak. Horren aurrean zerbait egiteko asmorik bai? 
Amaia

Kaixo Amaia,

Attolako parkea erdi publiko erdi pribatua da. Han egin beharreko egokitzapenak edo txukunketak egiteko asmoa dugu, mahaiak, bankoak,.... berrituko ditugu eta ingurua txukuntzeko auzolanen bat antolatzeko asmoa ere badugu. Hondakinei dagokionez, kanpaina bat egingo dugu mendi inguruetatik jendeak hondakinak herrira bideratzeko.

Mila esker.

6. Kaixo Urra, zer iritzi duzu "Gure esku dago" ekimenaren inguruan? eskerrik asko
Larraitz

Kaixo Larraitz,

Horrelako ekimenak ezinbestekoak dira herri hau bere eskubideen jabe izan dadin. 
Txalotzekoa da herritarrak horrelako ekimenetan inplikatzea, gure etorkizuna herritarren esku baitago.

Mila esker.

7. Egun on Urrategi, Herritarren hitzari horrenbesteko garrantzia ematen badiozue eta herriaren erabakia hitzetik hortzera erabili egitasmo berriak eta garrantzitsuak bultzatzeko, behin alkatetza lortuz, ez al da hipokresia hutsa zaborren kudeaketa berria ezartzea erreferendumik egin gabe? eta aipatu erreferenduma neurriak hartu eta gastu guztiak gauzatu ostean egitea, eta hori gutxi balitz, kontrako emaitza lortuz?
Nietzsche

Kaixo Nietzsche,

Garrantzi haundia ematen diogu, bai, herritarren hitzari. Horrexegatik, herritar guztiei zabaldutako parte hartze prozesu luze bat izan dugu martxan gaia arlo teknikoan kokatzeko asmoz. Ondoren, bertan adostutako helburuak plenoak bere egin ondoren hondakinen mahaian sistema adostu genuen eta martxan jarri. Herritarren partehartzearekin erabaki da sistema aldatzea, nahiz eta erabakia ez den denen gustokoa izan. Hori kontuan hartuta eta behin sistema martxan jarri eta gero herritarren iritzia jaso dugu galdeketaren bidez eta horko emaitzak ere sistema hobetzeko bidean kontuan izaten ari gara.
Emaitzak hor daude eta danok beharrezkoak izango gera gauzak ondo egin nahi baditugu. 

Eskerrik asko.

8. Kaixo, Urra! Iazko udazkenean egindako azterketa soziolinguistikoak euskararen argazki kezkagarria utzi zigun Azkoitian; ezagutzak gora egin du nabarmen, baina erabilera jaisten ari da. Datuon aurrean, ze irakurketa egiten duzue?, aurrera begirako estrategiarik?
Idoia Alberdi

Kaixo Idoia,
Emaitzak erakusten digute ezin dugula geldirik egon, ez herrigintzatik eta ez erakundeetatik.
Euskera mahaian adostutako plangintza izango dugu lanerako tresna datorren legealdian: euskarazko herri komunikabideak sustatzeko konpromisoa hartu dugu eta hainbat programa aurreikusi ditugu baita euskara planean. Euskalgintzako eragileekin egindako diagnostiko batetik abiatzen da plana eta elkarlana ezinbestekoa izango da gure herrian euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko.
Eskerrik asko.

9. Herria UEMAn sartzeko proposamena egin zen iaz, baina ez zen aurrera atera. Aurten ere zuen programa barruan dago. Egingarria ikusten al duzu? Eskerrik asko
Naroa

Kaixo Naroa, 
Euskera planean jasotzen dan ekintzetako bat da eta ahalegin guztia egingo dugu hurrengo legealdian egitasmo hori gauzatzeko.
Aurreko galderan erantzun dudan bezala pentsatzen det UEMA tresna garrantzitsua dela gure herrian euskararen normalizaziorako.
UEMAN sartzeko adostasun politikoa ezinbestekoa da eta gu adostasun hori lortzen saiatuko gara.
Eskerrik asko.

10. Asturiasko Vias enpresa ari da Xabier Munibe ikastolako eraikin berria egiten, baldintza txarretan ari diren kanpoko langileekin. Ardura Eusko Jaurlaritzarena baldin bada ere, zer egin dezake Udalak baldintza egokietan arituko diren bertako enpresak kontratatzeko?
aitor

Kaixo Aitor,
Guk egiten ditugun kontratazio guztietan klausula sozialak sartzen ditugu. Xabier Munibe ikastolako eraikina Eusko Jaurlaritza egiten ari da. Egun hauetan izan dugu bertako langileak pairatzen ari diren egoeraren berri. Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko gera.
Eskerrik asko.

11. Arratsaldeon Urrategi. Danok dakigu herri hontan eta inguruetan lan kontuak zail daudela, eta horregatik, hainbat gaztek (eta ez hain gaztek) beraien negozio bat martxan ipintzea erabakitzen dute. Udalak, kolaborazio pixkat eskeintzen du hasiera baten, diru laguntza puntualekin, etab... honaino oso ondo. Baino... zer gertatzen da negozio hori "legearen barruan" irekitzeko eskatzen den burokrazi eta papeleo guztiarekin? Irekiera lizentzia lortzea (batez ere alde zaharrean) izugarri zaila da (ezinezkoa ez esatearren), prozesua bera ikaragarri luzea eta neketsua da, garestia izateaz aparte. Askotan, eskatutako guztiak egin arren, irekiera lizentzi hori ez da iristen... Ez dakit legiek herri mailan, Gipuzkoa mailan, o Euskadi mailan egiteien, baino dudaik ez daona da beste herri batzutan askoz ere traba gutxixo daudela negozixo bat zabaltzeko Azkoitin baino. Ezer egingo al duzue tramite guzti hauek gutxitzeko eta herritar ekintzaileei gauzak pixka bat errazteko? Nola lortuko deu alde zaharra biziberritu eta negozixo berrixek irikitzie zaharrak ixteienin, papel danak zuzen eukitzeko hilabete mordo bat ber baldimaie? Eskerrik asko.
Dendaria

Kaixo Dendaria, 
Gu ahaleginak egiten ari gara ekintzailetasuna sustatzeko. Horretarako hainbat laguntza eta ekimen martxan jartzen ari gara. Prozedurari dagokionez, legea bera da gure herrian eta beste batzuetan. Legeak ezartzen dituen prozedura horiek luzatzearen arrazoietako bat udaleko hirigintza arloaren lan karga izan daiteke. Hala bada, dagozkion neurriak hartu beharko ditugu. Guzti hau mahai gainean jarri eta sakon aztertuko dugu.
Mila esker galderagatik.

12. Lau urte hauetan egindako zein proiektu da "harro" sentiarazten zaituena? Eta ondorengo lau urteetara begira zein proiektu da buruan darabilzun proiektu interesgarriena?
Katalina

Kaixo Katalina,
Oso gustora gaude DANON HERRIXE prozesuarekin. Kontutan izanik parte hartzeari dagokionez abiapuntu bat besterik ez dela izan, oso prozesu aberatsa eta emankorra izan dela uste dut. Bertan egindako ekarpenak gure egin ditugu eta udal politikan txertatu ditugu. Erakundeak herritarrekin lan egiteko foro bat da.
Bide honetatik jarraituko dugu lanean eta herritarrak animatu nahiko nituzke prozesuan parte hartzera.
Mila esker.

13. Gaur egun lan egiteko erak asko aldatu dira, gero eta freelance, autonomo edota ekintzaile gehiago dago bere etxean lanean, edota gune físiko zehatzik ez duena. Honen aurrean, COWORKING GUNEAK gero eta gehiago zabaltzen ari dira eta nik herrian bat nahiko nuke; elkarlana, komunitatea eta networkinga bultzatzeko gune aproposa izan daiteke. Zer deritzozue, Coworking Gune Publikorik, bai ala ez? Nolakoa? 
Maine Beristain

Kaixo Maine,
Horrelako ekimenen berri izan dugu eta oso interesgarria iruditzen zaigu ekintzailetasuna sustatzeko tresna bezela. Datorren legealdian horrelako ekimenak martxan jartzeko aukera ezberdinak aztertuko ditugu.
Mila esker.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide