ELAk salatu du Xabier Munibe ikastola berria legez kanpo eraikitzen ari direla

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 18a, 19:34

Gaur eguerdian ELA sindikatuko hainbat kide Juineko industrialdean bildu dira, Xabier Munibe ikastola berriaren lanak salatzeko. 7,7 milioiko aurrekontua zuen ikastola handitzeko proiektuak, eta, azkenean, 4,5 milioitan erosi dio Eusko Jaurlaritzak Vias eraikuntzako enpresa asturiarrari; hasierako aurrekontutik %41 merkeago. Beherapen hori, langileen prekarietatearekin lortu dela azpimarratu du ELAk, eta gaineratu proiektua ez datorrela bat Gipuzkoako eraikuntzako lan hitzarmenarekin.

 

Josu Galarraga ELAko Urola Kostako arduradunak azaldu du zer eraiki behar den bakarrik izaten dutela kontuan, eta ez nola eraiki behar den. Gestio txarra egiten ari dira. "Gizarteari iruzurra egiten dio Eusko Jaurlaritzak", nahiz eta "harro argitaratu hiru milioi aurreztu dituztela". "Azkarrena eta merkeena den proiektua erosten dute beti" eraikuntza publikoko proiektuak lehiaketara aurkezten direnean. "Berdin da langileak zein egoeratan azpikontratatzen dituzten, eta ez dute begiratzen proiektuak hitzarmena betetzen duen". Halaber, haren ondorioz datoz langileen langabezia igoera, istripuak eta prekarietatea. Udalari ere oharra helarazi diote, eta proiektuaren jarraipena egiteko eskatu, ikastola haren lurretan eraikitzen ari direlako. 

Guztira, 26 enpresa aurkeztu ziren proiektuaren lehiaketara, Azkoitia ingurukoak lau. Baina, azkenean, Vias Asturiaseko enpresaren proiektua erosi zuen Eusko Jaurlaritzak. ELAk salatu du, modu horretan, hemengo enpresek ezin dutela hitzarmenak betetzen ez dituzten kanpoko enpresen proiektuekin lehiatu, eta ondorioz, lanik gabe daudela Azkoitia inguruko eraikuntzako hainbat enpresa.

Langileak prekarietatean ari direla azaldu du Galarragak. 500 lan ordu gehiago sartzen dituzte urtean. Egunero hamar lan ordu egiten dituzte, eta asteburu eta jaiegunetan ere lan egiten dute. Zortzi euro ordaintzen diote orduko, eta Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren arabera hamabost euro ordaindu behar diote. Gainera, beren herritik hamar kilometrotara etortzen dira lanera, horrek esan nahi du deietetan bakarrik eguneko 40 euro eman beharko lieketela. Hemengoak errentagarriagoak direla argi dago, beraz, hitzarmenak legalki egingo balituzkete. Lana badago, baina beti kanpoko langileak ekartzen dituzte, eta, ondorioz, bertako langabezia handituz doa.

"Diru publikoarekin ari dira egiten dena, beraz, kaltetuak guztiok gara, eta hori aldatzea Eusko Jaurlaritzaren ardura da". 

Lanak urrian hasi zituzten, eta hamazortzi hilabetez iraungo dute. Oraindik hasierako fasean dago eraikinean, Irungo langile bat eta hamar asturiar ari dira lanean. Hurrengo faserako, ordea, kanpoko langile gehiago etorriko dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide