Asko dira iritziak eta asko jarrerak.
Ez da beraz erreza kalumniaren aurreko erantzuna. Merezi al du hika-mika hontan sartzea? Hoixe da lehenik burura datorkidana. Mesederik egiten dio honek herriko elkarbizitzari? Egia esan ez dakit. Baina hainbat herritarren eskaerari erantzunez, oraingoan erantzutea erabaki dut, egiari zor diodan errespetutik eta nere ingurukoei diodan begirunetik. Aurrez beraz barkamenak, asmatu ez badut.
Egitateak objetiboki eta zehaztasunez kontatzen ahaleginduko naiz.
1. Bolo-bolo dabilen inputazio honen berri, maiatzak 7, ostegunean jaso nuen herriko Alkate den Urrategi Alberdi eta Udaleko aholkulari den Yolanda Lopez de Luzuriaga abokatuaren eskutik. Hauteskunde kanpainaren haseraren bezperan. Udalean jakinerazpena jaso eta hilabete batera. Jakinerazpena apirilak 7koa baita. Hilabete egon dira beraz zitazio honen berri eman gabe. Hauteskundeen zain. Gaineratzen didate "prentsa edo epaitegi bidez enteratu baino lehen neri deitzeko deferentzia izan dutela". Egun horretan ez didate bestelako azalpenik ematen. Are gutxiago espedientea. Gainontzekoaz, atzo eta gaurkoaren artean komunikabideen bidez enteratu naiz.
2. Zitazioa irakurtzean, ikusten dut Azkoitia Lantzeneko Presidente moduan nagoela deitua, itxurazko lurralde antolaketa eta ingurumen delitu batengaitik. Ez gehiago eta ez gutxiago. Egun bertan epaitegira jotzen dut eta aurre dilijentzietan Azkoitia Lantzen dagoela inputatua esaten didate, soziedade moduan. Abokatu bat edo besteri hau posible den galdetzen diet eta baiezko erantzuna ematen didate. 2010etik aurrera posible dela pertsona juridikoak inputatzea, Kode Penalak izan zuen erreforma baten ostean.
3. Hau ikusita, ostegunean bertan Epaitegian pertsonatzeko erabakia hartzen dut eta abokatua eta prokuradorea izendatzen diut. Astelehenean berriz, Jaurlaritzako Etika Publikoko Batzordean kontsulta egiten dut, nere jokabideak Jaurlaritzan onartua dugun Kode Etikoa urratu duen galdetuz. Epaitegitik jasotako espedienteari dagokionean, oraindik ez dut neure eskutan. Aztertuko dut eta prestatuko dut ekainak 10eko adierazpena. Lasaitasun osoz.
Hauxe orainarte gertaturikoa.
Nola baloratzen dudan guzti hau?
1. Animoari dagokionean, lehen sentsazioa gorrotoarena da. Ezin duzu ulertu egia horrela manipulatzeko gai dagoen gizabanakorik egon daitekeenik. Ezin eramanaz eta mendeku gosez hornituak. Bigarrena kezkarena da, bereziki zure ingurukoei begira. Zoritxarrez perkala ezagutzen baiduzu eta jakitun baiazara, orain herrian datorren kanpainaz (zurru-murruak, kartelak, paskinak...). Gazteleraz esan ohi den moduan "matonismo politkoa". Lehen era batera eta orain bestera. Hirugarrena berriz, lasaitasun eta sendotasunarena da. Zeure barnera begiratzen duzu eta kontzientzia lasaiak ematen dizun seguridadetik aurrera egitea erabakitzen duzu. Bide honetan asko laguntzen zaituzte jasotako animo eta laguntza keinu denak. Mila esker denoi.
2. Kausari begira berriz lasaitasunez hartu dut gaia. Lehenik, goitik behera eta ezker eskubi izan da aztertua gure garaiko kudeaketa. Auditoria pubilko zein pribatuen bidez. Euskal Kontuen Epaitegiaren aldeko txostena jaso genuen, Estatukoak berriz artxibatu egin zituen dilijentziak eta ingurumen erantzukizunei dagokionean ere, argi dago egon daitezkeen Oñederko zabortegitik eratorritako ardurak, berau kudeatu zuen enpresarenak direla. Azken epaia Euskadiko Auzitegi Nagusiak eman berri du. Bigarrenik, erabaki guztiak Azkoitia Lantzeneko Administrazio Kontseiluaren eremuan izan dira hartuak. Nik Presidente gisa ez dut inoiz aldebakarreko erabakirik hartu. Eta erabaki guztiek aldeko txosten, juridiko, tekniko eta ekonomikoak izan dituzte. Hirugarrenik, egungo EHBILDUren Udal taldeak, bere unean hartutako eta fiskalizatutako eremuen gaineko akordio guztiak-Txalon Erreka eta Egino Berriri dagozkionak-berretsi egin ditu. Azken bi kasu hauetan, akordio pribatuak Notarioaren aurrean EHBILDU beraren garaian jaso dituztelarik azken eskriturak.
3. Hauteskundeei begira ere berriz, lasai nago. Azkoitarrengan konfidantza osoa dutelako. Hala ere bihotzez sentitzen dut gai honek borondate oneko milaka eta milaka azkoitiarrei sortutako kezka. Nik argi dut egi erdiz osatutako gezur haundi baten aurrean egonik, bere hortan hustuko dela. Lehenago ez bada beranduago. Baina hainbat herritarrek ez dute nik dudan gaiaren ezagutza. Hauei, gure hautagaitza aurkeztu genuen egunean esanikoa luzatzen diet: eskua eta konfidantza. Begiratu dezatela gure eta nere ibilbidea, umetatik gaurdaino. Akatsak asko. Ziur. Baina beti zintzotasunez eta uste onez Azkoitiaren mesederako lanean. Baita orain ere. Arerio politikoak bilatzen duen pertsonalizazio eta estigmatizazioan erori gabe. Aspaldikoa baita taldea zikindu ezin denean banakakoa zikintzea. Honen inguruan fama txarra sortuz, beregain edozein erabaki hartzeko bidea justifikatuz. Eraentza totalitario guztien katoia da hori. Baina guk eta nik, pertsonaren askatasunean sinisten dugulako, honen duintasunaren aldeko lanean irmo jarraituko dugu, jarrera totalitario guztiei aurre eginez. Kolore batekoak zein bestekoak. Baita egun bizi dugun honi ere. Pertsonan sinisten dugulako. Pertsonan konfidatzen jarraitzen dugulako. Pertsonaren askatasuna, duintasuna eta bere eskubideak direlako gure ibilbidearen zeruertza. Eta hau ez da bakarkako lana. Taldekoa baizik. Nerekin sartuko dira baina talde haundi batekin bilatuko. Handia, sendoa eta batua dagoen familia jeltzalea. Hortxe beraz berriro nere eskua eta konfidantza.
Ez daukat gehiago esateko. Hauxe da nere egia. Batzuk sinistuko dute eta besteak ez. Nik ez daukat gehiago egiterik, hainbatekin bi egun hauetan banaka konpartitu ditudan iritzi hauek zuekin partekatzea baino. Alkate ohi moduan zor dizuedan zerbait zela iruditu zait idaztea bukatzearekin batera. Ez naiz sartuko ondoko erantzunetan. Aurrez barkamenak. Esan beharrekoa esan dut. Kalumnien aurrean neure egin beharrak betetzearekin jarraituko dut. Herrian zehar ikusiko gara. Ondo bizi!!!