Udal eta Foru Hauteskundeak

"Baliabide edo zerbitzu ezagatik inor atzean geratzen ez den Azkoitia" nahi du EAJk

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 9a, 14:02

Argazkia: Ane Olaizola

Atzo arratsaldean Azkoitiko EAJk bere programa aurkeztu zuen Elkargunean, datozen Udal eta Foru Hauteskundeetarako. Ana Azkoitiak, Nekane Larrañagak eta Javier Zubizarreta alkategaiak hartu zuten hitza, eta aukerak eskaintzen dituen herria nahi dutela azpimarratu zuten: "Baliabide edo zerbitzu ezagatik inor atzean geratzen ez den Azkoitia nahi dugu. Pertsonen beharrak dira inportateenak". 

Partehartzea, elkarrizketa eta akordioa azpimarratu zituen Zubizarretak: "Heldutasunetik, borondatetik eta eskarmentutik helduko diogu lanari. Udaletxekoa da herritarren lehen atea, eta herritarrekin hurbiltasunean eta kolaborazioan lan egin nahi dugu". 

EAJk hainbat arlotan banatu du herri programa. Hirigintzari dagokionez, "herri txukun, zaindu eta ordenatu" bilakatu nahi dute Azkoitia. "Kale garbiketa eta mantenimendu lanak areagotuz". Zaborren bilketari dagokionez, berriz, "txip-dun bosgarren edukiontzia" jartzearen eta "zintzilikarioak kentzearen alde" egingo dute.

Enplegua eta ekintzailetasuna sustatuko dituztela ere adierazi zuten, enpresekin eta formakuntza zentroekin elkarlanean. Coworking (autonomoentzat lanerako toki amankomun bat) gune bat sortzea ere aztertuko dutela azaldu zuten, eta "lanik gabe dauden pertsonentzat arreta zerbitzua" indartu eta koordinatuko dute. Gainera, "lan munduan euskararen erabilera" ere sustatuko dutela adierazi zuten. 

Gazteek lana bilatzeko erraztasun gehiago izateko, hizkuntza eskola ofiziala bultzatuko dute. Atzerriko hizkuntza gazteek menperatzeak, "enplegu tasa hobetzen" lagunduko duela uste dute.

Azkoitiko Alde Zaharra berpiztea ere sustatuko dute, eta "Idiakez-Ederraren egoera desblokeatzeko lan" egingo dute.

Adineko pertsonei dagokienez, haiek dituzten "benetako beharren mapa" egingo dute. San Jose egoitzako Psikogeriatria unitatearen handitzea eta pisu babestuen kokaleku berria. Musika eskola zaharrera aldatzeko proposamena, "sakon aztertuta, ez da ideia ona, lekuz banatuta uzten dituelako persona zaharrei eskeintzen zaizkien zerbitzuak", adierazi du Nekane Larrañagak.

Udalerriko irisgarritasuna hobetuko dutela azaldu zuten proposamen berriekin, eta exekutatu gabe dauden proiektuei berriro helduz. Horrez gain, etxebizitza publikoa bultzatuko dute, eta, ahal bada; alokairukoa.

Azpiegiturei dagokienez, Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidearen proiektua kudeatuko dute "obrak hasi daitezen". "Estrategikoa da ospitalarekin, N1 eta AP1 errepideekin, eta baita Ezkio Itsason eraiko duten Abiadura Handiko Trenarekin lotzeko", azaldu zuen Ana Azkoitiak. Horrez gain, "Bilbora eta Gasteizera garraio linea zuzenak" jartzen ahaleginduko direla azaldu zuten.

Kultura, kirol eta gizarte elkarteei,berriz, "orain arte ematen zaizkien diru-laguntzak handituko" dituzte. Halaber, erabiltzen dituzten instalazioen mantenimendua eta hobekuntza sustatuko dituzte.

Baserritarrei dagokienez, baserri-bideen mantenimendua hobetuko dute. "Baserritarrentzako bizi-kalitatea bermatu, eta euren jarduera ekonomikoa sustatu".

Eta, azkenik, komertzio txikiari lagunduko diote, "giltzarria delako gizarte kohesioarentzat eta bertako ekonomiarentzat". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide