Eguraldi ederra dago astelehen eguerdiz. Estalpe zuriko atea ireki, aurrean dugun plastiko beltza alboratu, eta sartu gara barrura. Atea itxita, gelako argi bakarra zulo txiki batetik sartzen dela konturatu gara. Zuloaren ondoan kokatu gara, zain, begiak zabal-zabalik.
Handik gutxira, kanpoan dabilen guztia agertu zaigu, gero eta garbiago, sabaian, aurreko horman, inguru guztian. Iluna eta argiaren arteko magiari esker, zuloaren bestaldeko mundua ageri zaigu hankaz gora.
Ondoren, hitz aspertuan aritu gara Jon Andoni Martinekin eskaintza esperimental horri buruz.
Nolakoak izan dira argazkilaritzan azkenaldian eman dituzun pausoak?
Kamera ilunean zulotxo bat eginda sortzen den irudia jasotzeak liluratu ninduenetik, gero eta gauza gehiago probatzen ibili naiz. Horrela, zulo txikia duen kutxa ilun batean kamera sartzea bururatu zitzaidan, eta horrelako kontuetan dabilen jendearen berri izan dut Interneteko foroetan. Ariketa horrek izenik ez zuela konturatuta, nopodigigrafia izena asmatu nuen neuk; izan ere, estenopo izeneko zulo txikiaren argiak sortutako irudia fotografiatzen dut kamera digitalaren bitartez.
Nolatan sortu zen Balda plazan instalazioa jartzeko ideia?
Maxixatzenekin batera antolatutako Mundua orratzaren begian erakusketa Azkoitian eta Azpeitian egin ondoren, beste leku batzuetan eskaintzen ibili naiz. Andoainen argazkilaritzaren hilabetea egingo dute maiatza eta ekaina bitartean, eta hango antolatzaileei eskaini nien gure erakusketa. Antzeko erakusketa bat bazutela esan zidaten, baina nopodigigrafia interesatu zitzaien, eta beste proposamen bat egin zidaten: kameraren barruan gertatzen dena ikusteko, plaza batean gela bat jartzea, eta inguruan dauden loreontzi handietan nire hamar argazki ipintzea.
Ideia asko gustatu zitzaidanez, Azkoitian antzeko zerbait aurretik egitea pentsatu nuen, apirilaren 26an argazkilaritza estenopeikoaren nazioarteko eguna dela kontuan hartuta. Udaleko kultura arlokoei adierazi nien ideia, eta egin zitekeela esan zidaten.
Nolako harrera izan du orain artekoan?
Esan didatenez, zapatuko duatloirako jarritako zerbait zela uste zuen jendeak hasieran, komuna edo. Gero, kartelak irakurri, eta ibili da jende pixka bat jolasean. Kontua da eguraldi argitsua behar dela efektua behar bezalakoa izateko, eta asteburua ez zen aproposa izan.
Hainbat umeri erakusten ibili naiz, eta gustatu zaie. Herriko ikastetxeei ere eskaini diet erakusteko aukera, eta zapatuan hamarretan tailer txiki bat egingo dugu inguratzen den jendearekin. Aitor Goenaga eta Javier Beristain argazkilari lagunak ere bertan izango dira.
Zer egingo duzue zapatuko tailer horretan?
Lehenengo, sarrera teorikoa, kamera estenopeikoak eraikitzea, argazkiak ateratzea eta gela ilunean errebelatzea egingo dugu. Ondoren, eguzkiaren ibilia jasotzen duten hiru solarigrafía errebelatuko ditugu. Bukatzeko, jasotako emaitzak aztertu eta baloratuko ditugu, fenomenoa ulertzen laguntzeko ondorioak atera ahal izateko.