Eneritz Artetxe Osinalde Sariketako finalean izango da larunbatean

Maxixatzen.eus 2015ko api. 8a, 11:37

Bertsolari azkoitiarra Osinalde Sariketako finalerako sailkatu da, Zaldibian jokatutako Osin Berde Txapelketa irabazita. Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarra ere finalean izango da, Aztiriko kanporaketan sailkatuta. Biak Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak dira.

 

Eneritz Artetxe bertsolariak Osinalde Sariketako finalean parte hartuko du, larunbat honetan, Gabirian. Aurretik jokatutako Osin Berde, Argi Berri eta Aztiri sarietatik bina bertsolari sailkatu dira finalera: Eneritz Artetxe, Xabi Igoa, Gemma Urteaga, Oihana Iguaran, Jon Gurrutxaga eta Eñaut Martikorena. Sei gazte lehiatuko dira, beraz, txapel preziatuaren bila.

Artetxek badu eskarmentua sariketa honetan. Aurtengoa hirugarren aldia da Osinalderako kanporaketetan parte hartzen duena. Aurreko bi urteotan, Aztirin kantatu zuen, eta etxera Entzuleen Sariarekin itzuli arren, ez zen finalera iritsi.

Osinaldeko finalean abestea "bertsolari gazteentzat ohore bat" dela aitortu du Artetxek, eta bere helburua "saio on bat" egitea eta "bertsotan gozatzea" dela esan du.

Urduri dagoen galdetuta, sariketen aurretik inoiz ez dela urduri egoten erantzun digu. "Beste bertsolariekin elkartzen naizenean jartzen zait tentsio apur bat, mesederako. Izan ere, lasaiegi egotea ez da oso ona izaten",  nabarmendu du.

Prestaketari dagokionez, bi astez oporretan dagoela eta "bertsoa ere oporretara bidali" duela azaldu du Artetxek. "Baina finalean Erniarraizko beste kide batek ere parte hartuko du, eta aste honetan arratsalde batean elkartuko gara kanturako. Halere, ezer berezirik ez, dugunarekin eta dakigunarekin joango gara", gaineratu du.

Ibilbide luzea duen sariketa da Osinalde, eta plaza berezia da bertsolari gazteentzat. Hiru kanporaketetan hemezortzi bertsolarik hartzen dute parte. Gustura joango da kantura Artetxe datorren larunbatean, baina, hala ere, sariketetatik haratago, bertsolari gazteentzat plaza gehiago nahiko lituzke, "gazte asko baikabiltza kantuan nahi baino plaza gutxiagotan".

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide