25ean herrian
Euskara biziberritzeko prozesua Hegoaldeko jatorrizko herriekin partekatzeko Garabide elkarteak egindako dokumentala da "Beltzean mintzo: Amerikako jatorrizko hizkuntzen arnasaz", eta martxoaren 25ean, asteazkenez, emango da Elkargunean.
Azkoitiko udalak, Maxixatzenek eta Garabidek berak antolatutako emanaldia izango da, eta hona hemen jakingai gehiago Ander Bolibar Garabideko kideari egindako elkarrizketan:
-Zein zen Garabideren helburua dokumentala egiten hasterakoan?
Euskararen berreskuratze esperientzia gainontzeko hizkuntza gutxituekin partekatzeko zubilana egitea da Garabideren funtsa. Horretarako, besteak beste, bi urtez behin "Hizkuntza Biziberritzeko Aditu Titulua" hiru hileko ikastaro trinkoa antolatzen dugu HUHEZI fakultatearekin batera, eta bertara etorri ziren 2011n kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek-ak. Bertako potentziala probestuz partaideekin ikus-entzunezko bat egiteko ideia sortu zen, eta Beltzean mintzo horren emaitza da.
Dokumentalak bakoitzarentzat hizkuntza zer den azaltzen digu, komunitate linguistiko bakoitzaren egoera errepasatzen du, aurrera begirako ametsak sortzen dira eta euskararen esperientzia ezagutu ondoren, gure prozesuaren inguruko beraien begiratuak oparitzen dizkigute. Dokumentala laburra da, baina oso hunkigarria. Hizkuntza lankidetza ezagutu, eta euskalduntasunaren inguruko zirrikitu berriak irekitzeko aproposa.
-Mundu osoko eraldatze prozesuetan erreferente da Amerikako indigenen mugimendua. Hizkuntza al da mugimendu horien ardatzetako bat?
Ez. Hizkuntza beti azkenerako uzten da. Lurraren defentsan zentratu dira mugimendu gehienak, eta identitatea hizkuntzarik gabe errotu da modu orokor batean. Egoera oso larria da, belaunaldi oso batean galdu da transmisioa, eta joera ez bada iraultzen, transmisio etena behin betikoa izan daiteke. Garabiden askotan errepikatzen dugu hizkuntz komunitate batek bere hizkuntza galbidetik ateratzeko erabakia hartzen duenean, berreskuratze bidearen erdia egina daukala. Kontzientziatik lanean hastean ordea, tresnak, estrategiak eta bidelagunak beharrezkoak dira.
-Dokumentalaren fokua Amerikan kokatuta al dago ala mundu osora zabaltzen da?
Munduan 7000 hizkuntza inguru daude, adituen esanetan erdiak ez dira mende amaierara iritsiko. Dokumentalean Ameriketako hizkuntza txiki handienak ageri dira. Handienak horrela badaude, irudikatu dezakegu zein den gainontzekoen egoera ankerra. Aukeratutako zazpi hizkuntzak egoera orokor baten lagin bat besterik ez dira. Hizkuntzak galbidean daude, eta Jon Sarasuak esaten duen bezala, euskara ere korapilo unibertsal horren baitan kokatzen da.
-Zer ikasi dezakegu euskaldunok dokumentaleko protagonistek bizitakoa ezagututa?
Ukitzen duenak ukitua izateko aukerak ditu. Esperientzien elkarbanaketan gure burua hobeto ezagutu dezakegu. Zerbait beste norbaiti azaldu beharraz aurkitzean ulertzen dugu hobeto gure egoera.
Gainontzeko hizkuntza komunitateetatik indarra jasotzeak, egindakoa aitortzeak, lanean jarraitzeko indarberritzen gaitu, ez gaude bakarrik, hizkuntza txikiak gara gehiengo munduan, eta aniztasunaren bermea eta normalizazioa guztion erronka da.