Urola aldeko kontu eta komerixek: elkarrizketa Gurutz Garmendiari

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 5a, 06:51

Ipuin bilduma

Urola aldeko kontu eta komerixek ipuin bilduma aurkeztu berri dute Gurutz Garmendiak eta Iosu Arrieta ilustratzaileak. Elkarrizketa egin diogu Garmendiari, lanaren ingurukoak jorratzeko:

Nolatan bururatu zitzaizun Barandiaranen ipuinak bildu, gure eskualderako egokitu eta antzeko kontakizun berriak sortzea?

Betidanik gustatu izan zaizkit bertako historia eta sinesmen zaharrak, eta, zorionez, etxean bertan izan dut eskuragarri Barandiaranen Mitologia vasca liburu itzela. Beraz, aspalditik nabil euskal mitologia aztertu eta

ulertu nahian, eta, egindako galderaren harira, zera esan, askotan pentsatzen dugula jentil basajaun, lamia eta horrelakoak Aralar eta antzeko tokietan bakarrik direla, baina geure eskualdea ere, oso aberatsa da era honetako kontakizunetan, nahiz eta ahaztuta edo erdi ahaztuta dauzkagun. Ipuin bilduma hau, beraz, gure eskualdeko sinismen zahar horiek berreskuratzen hasteko ahalegina da.

Ipuin gehiago bildu eta sortzen jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Bai. Ipuin bilduma hau, dagoen aberastasunaren zati txiki-txiki bat besterik ez da. Oso interesgarria litzateke osoko ikerketa lana egitea eta zehatz-mehatz jasotzea gure eskualdeko ipuin, elezahar eta kontakizun guztiak. Neure uste apalean, toki berezi guztiak ere sailkatu, babestu eta jakitera eman beharko ziren. Babestu beharrezkoak ez dira bakarrik zutarri edo trikuharriak. Gure aurrekoek, antzinakoek, balore oso berezi eta magikoa ematen zieten zenbait iturri, leize zulo edo basori eta garrantzitsua iruditzen zait toki horiek katalogatzea eta zaintzea.

Urolaldeko kontakizunak izanik, non egingo dituzue hurrengo aurkezpenak?

Aurrenekoa Azkoitian egin ostean, hurrengoak Azpeitian, Zestoan, Errezilen eta, ahal baldin bada, Beizaman ere nahiko genituzke egitea, baina oraindik lotu gabe daude.

Ipuin bilduma

Kontrako Eztarrixe irrati librean ere aritu izan zara. Han ere gai horiek jorratu izan al dituzu?

Ba, egia esan, elkarrizketa bat egin zidaten sinesmen zaharren inguruan, baina ezin esan bertan aritzen naizenik, nahiz eta interesgarria izango zen irrati bidez ere geure aberastasun honen berri ematea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide