Erlantz Urtasun historialariaren hitzaldia antolatu du Gure Esku Dago ekimenak, “Eneko Aresta eta erabakitzeko eskubidea” izenburuarekin. Gaur izango da, Elkarguneko Oteiza aretoan 19:30ean.
Hori dela eta, elkarrizketa labur bat egin diogu Urtasuni, hitzaldiaren ingurukoak jorratzekotan:
-Nafarroako lehenengo erregea Eneko Aritza izan zela ikasi izan dugu. Aresta abizena egokiagoa al da?
Lehenik eta behin jende gehienak ez du gaia ezagutzen, eta horrezaz arduratu direnen artean nahasketa handia dagoela zintzoki aitortu behar dugu. Izan ere, latinez idatzirik dagoen agiri zaharrean hau irakurtzen ahal baitugu: "Enneco Aresta".
Gaztelaniaz "itzuli" eta hau asmatu egin zuten: "Iñigo Arista". Hori astakeria galanta da, garai hartan "Iñigo"rik ez baitzegoen, denak "Eneko" ziren, eta egungo euskara batua ez genuenez "Enneco" idatzi zuten. Funtsean, Eneko.
Galdera da ea nork eta zergatik balizko "Aritza" edota "Haritza" hori ere asmatu behar izan zuen. Dirudienez baten batek "Aresta" nahiko "baskoa" ez zela edo hausnartu zuen... Bada, eta borondate onez egin bazuten ere, horrek ez du inongo zentzurik, egun "Aresta" oraindik abizena baita, bai Nafarroa Garaian, bai Aragoin, Portugalen...
Areago, ikastola bat ere "Iñigo Aritza" izenaz jantzi zen, eta bere horretan dirau.
Hitz batez, egun "Eneko Aresta" erran behar dugu, ez "Iñigo", ez "Arista", ez "Aritza"... Eta euskalduna zela azpimarratu, IX. mendekoa eta Bigorrakoa baitzen.
Areago, "Nafarroako lehenengo erregea" diozu. Batetik, eta agiri zaharrei jarraikiz, Iruñekoa erran behar bide dugu, ez Nafarroakoa. Eta, bertzetik, ez da lehenengo erregea, nazioartean, ofizialki, praktikan, egunerokotasunean onartu zuten lehena baizik. Hots, lehenago lehendakariak ukan bagenituen ere, Eneko Aresta nazioartean onartu zuten, balizko aurrekoak ez, gure arbasoek nagusitzat hartzen zituzten arren. Muga non jarri, ordea?
Hondarrean, gaia garrantzitsua zaigu, zalantzarik gabe, euskaldunon historiaren nondik norakoak azaleratu eta argitu, jakina, baina ene irudikotz egun jendea bere etxebizitzatik bortxaz "legalki" karrikaratzen ohi dutela ohartarazi eta, zer nahi duzu, hamaika aldiz kezkagarriagoa zait, egunero 9 oren lanean igaro eta 600€ irabaztearena bezalaxe, edota zer erranik ez euskaraz jakin eta erdaraz bizi...
-Zer presentzia zuen euskarak Nafarroako gorteko bizitzan?
Jendea euskalduna zen. Euskaraz jakin bazekiten. Idazkiak, oro har, erdaraz idatzirik daude. Hau da, euskaraz bizi ziren baina idazten zituzten gauzak erdaraz irakurtzen ahal ditugu. Garai hartan, eta mende batzuk berantago ere arrunta izan zena, alegia. Hemen eta munduan.
Aztertu, otoi, egun euskaldunok etxean ditugun eskriturak, aseguruak eta edozein motatako erregistro agiri administratiboak, osasungintzari loturikoak, banketxe, kutxetakoak. Funtsean, ez dut uste guk egun orokorrean egiten ez duguna duela mila urte bete behar zutenik. Zalantza izpirik ez dut, halere, hizkuntza, kultura, nazio kontzientzia, jite, nortasun, izaera, elkartasun, gizalegearen aldetik gu baino hagitzez euskaldunagoak ziren!
-Baliagarri izan al dezakegu gaur egun garai hartako erresumaren izaera eta egitura ezagutzea?
Egun ez dugu geure arbasoen etxeaz gauza handirik ezagutzen.
Gakoa bertzelakoa da, hots, zure baimenaz egin berri didazun galdera pixka bat aldatu nahi dut: "baliagarri izan al dezakegu gaur egun frantses nahiz espainiar munduan ofizialak diren garai hartako erresumen izaera eta egitura zuriak bakarrik ezagutzea eta ez gurea zertan ote zen ikertzea?".
-Nola lotu daitezke Nafarroako lehen erregea eta erabakitzeko eskubidea?
Alderantziz diot, nola ez lotu? Gure arbasoek erabaki zuten. Guk, zergatik ez?