Juan Karlos Merino: Bestelako pornografia izateko garaia da

Juan Karlos Merino 2015ko urt. 28a, 05:41

Erika Lust

 

Pornografiako irudi mordo bat. Zer ikusten duzue? Emakume bat, ilehoria; soineko estua eta gorriz margotutako ezpainak; angurri neurriko kolkoak. Zakila, hazitarako baten tamainakoa, neskaren ezpainen artean hertsia... biberoiarena egiten dio neskak. Zergatik? Bere autoa hondatu zenean gizon adeitsu hau erreskatatzera joan zitzaiolako. Esker oneko edoskitze horren ostean, aurpegi gain osoan isurtzen da, eta andreak irri egiten du... plazer-itxura islatuz. Hori da pornografia.

Bestelako pornografia izateko garaia da. Suediako Zientzia-politikoak eta Genero ikerketak tituluduna izatetik, Bartzelonako helduentzako film zinemagile feminista izatera pasatu nintzen. Nire bizitzako azken 15 urteak bidaia sinestezina izan dira, aldaketa zoragarrikoak: pornografia ikusteagatik zikin eta errudun sentitzetik nik ikusi gura ditudan filmak egitera.

Nire lehenengo aldia pijama-jaia izan zen lagunekin: arto-krispetak, pijamak eta pornografia. Sexuaren misterioa, fruitu debekatua aurkitzea espero genuen. Barre eginez bukatu genuen. Bukatu genuen sentituz... zera… nazka? Filma lagunaren aitaren gordeleku ezkutura itzuli zen.

Sei urte geroago, unibertsitateko lehen urtean, mutilak film porno bat ikus genezakeela iradoki zuen. Saiatu behar ote nuen berriro? Egon! Play sakatu aitzin, gogora ezazue nondik natorren: Suedia; pentsamolde feministaz hazteko lekurik onena, beharbada; sexu-heziketa ikastetxeetan ezarri zuen lehen herria. Ikus nazazue bestela: sexua era positiboan ikusten duen feminista naiz. Nire gorputzaren jabe naiz. Sexua egin dezaket plazer hutsagatik, gizonek bezala. Orain, itzul gaitezen logelara, non senargaia pazientzia txikiz ari zen itxaroten.

Play! Eta zer ikusten nuen? Emakumea, ilehoria; soineko estua eta gorriz margotutako ezpainak; angurri neurriko kolkoak. Ezer ez zen aldatu: etxekoandre beroak, etsipenak hartutako neskameak, sexu untxikumeak. Gizonen beharrak asetzeko objektuak ziren emakumeak.

Nire ni feminista engainatuta sentitzen zen. Nire ni ekintzailea haserretuta sentitzen zen. Nire ni sexuala kitzikatuta sentitzen zen… Asaldura gozoa zen. Gizagabetasuna mingotsa zen… Nahasita nengoen, eta nahasita sentitzen garenean egin ohi duguna egin nuen. Errua senargaiari bota nion. Horixe! Errua gizonei bota nien; errua pornografiari bota nion -O bai!, o bai!-, harik eta Berkley-eko Linda Williams irakaslearen liburu bat irakurri nuen arte. Ikasi nuen pornografia ez dela soilik pornografia. Argi dago pornografia diskurtsoa dela; sexualitateari buruzko diskurtsoa; gizontasunaren eta emakumetasunaren gainekoa, eta jokatzen ditugun rolen gainekoa.

Hura nire Eureka unea izan zen. Ohartu nintzen pornografiaren diskurtsoan parte hartzen duten bakarrak gizonak direla; gizon matxistak; bururik ez duten gizonak; sexu-adimen gutxiko gizonak. Baina, ez al da aldatu mundua? Ez al da aldatu emakumeen rola? Ez al da aldatu etxean, lanean, politikan?... Ohean? Eta mundua ez al da orain leku hobe bat? Mundu osoan emakumearen rola eztabaidan dago; leku guztietan, pornografiako industrian izan ezik. Bestelako Pornografia izateko garaia da. Horretarako ekoizpen-lanpostu nagusietan emakumeak behar ditugu izan: produktoreak, zuzendariak eta gidoilariak. Nik ez ditut emakumeak pornografiatik atera nahi. Pornografia emakumeei gusta dakien nahi dut… Emakumeak behar ditugu pornografian, kamera atzean.

2004an, zinemagintza estudiatuz, proiekturako film labur bat egiteko ideia izan nuen. Pornografikoa, baina desberdina egin nahi nuen. Film independentea egin nahi nuen nire balioekin. Neska otzana txundituta utz zezan nahi nuen, eta Interneten banatu nuen filma, kosturik gabe.

Ezin nuen sinetsi nolako harrera izan zuen. Milioika deskarga egun gutxian. Filmak komunikabideen arreta erakarri zuen. Nik komunikabideen arreta erakarri nuen. Hain zoriontsu nengoen! Mundua besarkatu nahi nuen. Nire amatxok deitu zidan, eta esan: “Zer deabru egin duzu, Erika? Esan, zer deabru egin duzu, Erika? Honek zure etorkizunari eragingo dio, zure karrerari, zure bizitzari. Zer esango dute auzotarrek?”

Pornografia hitza zerekin lotzen duzuen ulertzen dut: zikinkeria, lizunkeria, masa-kultura. Baina zinemagile lanerako ikasi nahi nuen, eta ez pornografiagile sartu. Sexuaren edertasuna esploratzen duen zinemagile lana egin nahi nuen, perspektiba desberdin batetik, emakume baten perspektibatik.

Interneteko trafiko osoko heren bat pornografia dela balioztatu da. Trafiko asko, ezta? Ba al dakizue 4 bilaketatik 1 dela pornografia bila ari den norbaitena? Ba al dakizue nerabeek, gure umeek, gure seme-alabek, sarean pornografia ikusten dutela sexua egin aurretik? Pornografia gaurko sexu-heziketa da, eta eragina du genero-heziketan. Zein da gure seme-alaben inspirazio-iturria? Pornografia txarra, nahasia eta matxista. Horregatik bestelako pornografia izateko garaia da.

Edukiak helduak berotzeko ahalmenik badauka, baina, baita hezteko eta sustatzeko ahalmenik ere. Uste dut pornografia berriz aztertzea dela gure belaunaldiaren erantzukizuna. Ez nazazue gaizki uler, sexuak zikina izaten jarrai dezake; baina balioak garbiak izan behar dira.

Bi alaba ditut, Laura, 7 urtekoa, eta Liv, 4koa, eta ez dut nahi ukitutako gain-modeloen irudien gorputzeko eta auto-estimuko irudiez ikas dezaten. Ez dut nahi tabakorik erre dezatena, ez eta zabor-janaririk jan dezaten ere. Akaberan, ez dut nahi pornografia txar eta sexistaren bidez ikas dezaten sexua. Euren burua eta sexualitatea errespetatzen eta balioesten erakutsi behar diegu seme-alabei. Eskaintzen diren sexu-irudien gainean era kritikoan pentsatzen erakutsi behar diegu. Eta horretan, gustatu ala ez, pornografia sartzen da.

Irudika ezazue orain agertoki hau. Agertoki desberdina da. Gizon erakargarria ikusten dut, hiriko kale bustietan barna sigi-saga egiten duena. Duela gutxi ekitaldi batean ezagutu duen emakumearekin elkartuko da. Ekitaldia iradokitzailea izan zen, zentzuak ernai zituen ekitaldia. Moztu!

Nik ez dakit nola amaituko duen. Zuen irudimenaren esku uzten dut. Baina egingo nuke oraingoz gizona ez dela plazera sentitzen duen bakarra. Eta hori da, ene ustez, nire hankak zabaltzea merezi duen ideia bat. Eskerrik asko!

 

ERIKA LUST

(TEDX Vienna ponencia)

Itzulpena: Juan Karlos Merino

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide