Ixabel Jauregi: Aita edo aitte?

Maxixatzen.eus 2014ko abe. 9a, 07:10

Aita edo aitte?

Nire belarrietara umeen ahotsetan gutxitan iristen da aitte hitza.

Aita askok aitte nahi lukete izan.

Bikote asko banatzen direnean, non geratzen da aitten papela? Banatu aurretik haurrarekiko jarreran du oinarria, baita amaren eta aitaren arteko harremanean ere. Egun, lana dela langabezia dela, ordutegiak tarteko noren esku dago haurraren heziketa, hazketa, dedikazioa, gertutasuna, ezagutza…? Haurrak aitte behar du hanta edo honta, bere nortasunaren eraikuntzan bietatik edan behar duelako. Haurra eta aitten arteko lotura hori, bientzat delako pozgarria eta etorkizuneko altxorraren kutxa preziatua.

Aita askok aitte nahi lukete izan.

Aitarik gabeko haurrak datozkit, ezinbestean aitarik gabe geratu direnak, aitten maitasun aztarna bakarrik dutenak. Kasu hauetan familiako osaba, aittittek… har dezatela zeregin horren ardura, amak berak bakarrik ezin duelako bete hutsunea.

Aita askok aitte izateko, amarekin enpatiaz jokatu behar lukete, eta amek aittekin, etxeko zereginetan, errespetuzko harremanetan, maitasun adierazpenetan…

Hezkidetza aldarrikatzen da maiz, bi sexuen arteko berdintasunaz. Non du horrek kakoa? Ereduetan, etxeko eredu bizietan, ikusten dutena imitatuko baitute txikiek. Etorkizunean, haurtzaroan ereindako haziak emango duelako uzta egokiagoa.

Ama eta aitten elkarrekiko errespetuan jasoko du aittek eta amak bere benetako izena. Horrela, seme-alabek beren bikotea hautatu behar dutenean, etxeko irudi bikainak kontuan hartuko dituztelako.

Aitte hori sentimenduen adierazle izango da, eta ez lotsakor, bai semeekin, bai alabekin. Urteak beharko dituzte eremu berri xamar hori jorratzeko, baina beti izango dituzte inguruan amak, emazteak, neska lagunak, kuadrilakoak… (beren esperientziekin).

Aitte maiteok, aitor iezaiezue zuen seme-alaboi diezuen maitasuna, dituzuen ahultasunak, barneko nahiak… aitte izateaz harro zaudetelako, eta beraiek direlako zuen bizitzen motorra.

 

Ixabel Jauregi

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide