Juan Karlos Merino: "Lady Diana"

Juan Karlos Merino 2014ko aza. 5a, 07:09

Paparazzoak

 

Estatu mailan, Gizarte Segurantzak 114 urte bete ditu, 1900 urtean Lan Istripuen Legeak lehenengoz gizarte aseguru bat ezarri zuenetik. Pixkanaka gizarte aseguruak esparru zabalagoak aterpetzen joan ziren, langile kolektibo zehatz batzuen gain ezarritako babesetik, gaur egungo sistemara iritsi arte, non ia egoera eta gertakizun guztiak babesten diren, hiritar guztiengana ailegatuz.

Prestazioa da Gizarte Segurantzako erakundeek eskaintzen duten zerbitzu eta laguntza soziala. Prestazio horiek ekonomikoak eta teknikoak izaten dira. Prestazio ekonomikoen artean daude kalte-ordainak, pentsioak eta dirutan ematen diren beste guztiak.

Egungo sistema mistoa da, elementu-profesionalez gain, osagai unibertsalak eta kotizaziopeko zein ez kotizaziopeko konpligarriak integratzen dituelako, “gizarte segurantzako eredu europarra” deitzen zaiona osatuz. Hala ere, bere eremu subjektiboa (norengana iristen den) eta objektiboa (zein egoera babesten dituen) beste inguruko sistemen parean dagoela esaterik badugu ere, zeregin handia dago bere intentsitateari dagokionean; hau da, babes mailan, oraindik ere nahiko urruti dago beste nazio aurreratutakoen sistemekiko.

Alabaina, hori guztia aldatzen ari da, azkar-azkar, eta ez onerako. 2007an Finantza-sistemak eragindako krisiarekin babes-maila horiek biziki desorekatu dira, eta kasu batzuetan desagertu. Ondorioz, Espainia Estatuko gizarte alor anitzetako gizabanakoak Gizarte Segurantzako sistematik kanpo geratu dira. Haurrak dira kaltetuenetakoak. Urte gutxian Pobrezia-tasaren gorakadak Gerra zibil ostekora eraman gaitzake.

Gizarte Segurantzako aplikazio eremua aztertuz, ordaindutakoaren araberako modalitateko prestazioak jasotzeko orduan, Espainian bizi diren espainiarrak (Europar Batasunekoak bertakoak bezala) egongo dira Gizarte Segurantzako Sistemaren aplikazio eremu barnean, sexu, egoera zibil edota lanbidea edozein izanda ere; baita Espainian legez bizi diren edo bertan dauden atzerritarrak ere; betiere, kasu bietan, euren jarduera Estatu-lurraldean burutzen badute eta honako atalen baten barnean baldin badaude: besteren konturako soldatapeko langileak, norberaren konturako langileak edo autonomoak (18 urtetik gorakoak), lan-elkarteko kooperatibetako kide langileak, ikasleak, funtzionario publikoak, espainiar ez egoiliarrak kasu batzuetan.

Aipatu bezala, Gizarte Segurantzaren prestazioak ekarpenezkoak edo ekarpenik gabekoak izaten dira, segun onuradunak Gizarte Segurantzan kotizatu duen ala ez. Beraz, bi talde bereizi behar ditugu: Gizarte Segurantzara ordaindutakoaren araberako pentsio edo prestazioa jasoko duen multzoa batetik, eta ordaindutakoaren araberakoa ez den pentsio edo prestazioa jaso dezakeen multzoa bestetik. Bigarren kasuan, hots, ordaindutakoaren araberakoak ez diren pentsio-prestazioetan (asistentzialetan), aurreko kasuren batean aurkitzen ez badira ere, pentsio-prestazioak jaso ditzakete, nahikoa kotizatu ez arren. Ematen zaien laguntza, bizi ahal izateko behar adina diru-sarrerarik ez izatean justifikatzen da.

Krisiaren ondorioak aitzakiatzat hartuta, ordea, justifikazio hori kolokan jarri da hainbat esparru, alderdi politiko eta komunikabidetan. Badirudi Gizarte Segurantzako sistema lurrikara baten pean dagoela eta krisia dela epizentroa; baina ez eragilea.

Ez da zertan itsua izan ikusteko Europako eta Espainia Estatuko Gobernuak azken urtetan ezarritako politikak Gizarte Segurantzako sistema bera ahultzea ahalbidetzen duela. Hainbat intelektual eta adituren ustez, gainera, murrizketa eta pribatizazio politika horiek goian azaldutako gaurko sistema desegiteko estrategia kutsua dauka, eta krisia aitzakia hutsa da.

Politika horren nahitaezko eraginaren alderdi ilunenak prestazioak galtzeko arriskuaren sentipena areagotu du gizarteko hainbat sektoretan; herritar asko horren beldur dira. Izu hori tresnatzat hartuta, herritarrak menpean, estu eta zapalduta, estu eta larri izateko erabiltzen ari da era ikusezinean beste eskubide batzuk kentzeko, hala nola, lan-zibil-zuzenbide-eskubidekoak.

Orain arte luzatutako tesi-aburua okerra, eskasa edo gaitzesgarria edonori antzirudi dakiokeen arren, argi dago egungo Gizarte Segurantzako sistema Lady Dianatzat hartu dutela batzuek, eta argazki-flashak alde guztietatik aditzen eta ikusten direla. Paparazziak zeintzuk diren jakitea zaila ez den arren, dirutza eta botere handia daukaten gizabanakoek behar dute izan, gizarteko itzaletan babestuta argazkiak etengabe atera ahal izateko.

Gauzak horrela, denborak esango digu zein nolako kalteak eta ondorioak jasanaraziko dizkieten herritarrei. Oraingoz, komunikabidetan azaldu kasuetatik ondorioztatuta, hortzak zorrozteko modukoa da jakitea argazki-kamerak inputatu zein inputatugabe guztiek diru-publikoaz erosi dituztela.

 

Juan Karlos Merino (2014)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide