Aitor Arruti: Zubi bat Marokorantz-4

Aitor Arruti Rezabal 2014ko urr. 30a, 07:19

Marrakexeko azoka

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-38

 Oujda-Marrakex, Maroko, 2009ko urria

 Agurrik gabe, lapurren moduan utzi dugu, isilka, bart ostatatu gaituen etxea.

Berandu lotaratu eta goiz jaikita, Med lagunaren osaba-izeben baserrian izan gara segidan. Oujda herriaren kanpoaldean dago etxea, lur idorrez inguratuta eta muino batean kokatutako depositotik jasotzen du ura. Ardiak eta behiak dauzkate etxe inguruan, zer jan askorik eskaintzen ez duten lurretan.

Dagoeneko ohituta gauden moduko ongietorri beroa eskaini digute, eta etxearen barruko atari zabalean eman digute gosaltzen. Itzalpean, dagoeneko eguzkiak gogor jotzen du eta. Gonzalez Iñarrituren Babel filma etorri zaigu gogora. Etxe isolatuak, lur lehorra, aberaskiloen azpiegiturarik ez… Eta adar-jotze giroan gosaldu dugu gaur ere, tea, erroskila moduko gozoak eta abar, bapo gelditutakoan ere aldemenetik nahikoa egin ote dugun galdezka ditugula.

Baserrikoak agurtu eta berehalaxe, Aljeliako muga ertzera iritsi gara. Erregaia eskaintzen ari dira umeak, gasolina eta gasolioa, eta, haietako batekin diru-tratua egin du Medek. Depositoa leporaino bete, eta abiatu egin gara, Marrakexera eramango gaituen 900 kilometroko bidea egitera.

Poliziaren radarrek bakarrik eteten dute gure gidariaren abiadura gosea. Hala ere, bat-batean istripu ikaragarri bat ikusi dugu bidea, eta barrua astinduago, abiaduran sosegatuago ibili gara handik aurrera. Hasan adiskideak esan zigunez, Maroko da munduan trafiko istripu gehieneko herrialdea. Ez gara batere harritzen, gure aurrean bide kaxkarrean denbora luzez autobus handi bat nola joan den ikusita.

Nolanahi ere, bidean izan dira lanturako arrazoirik gabeko momentuak ere. Bakoitzak bere barrurantz begiratuta, ahoan bilorik gabe hitz egin dugunean bezala. Une gozoa izan da, ilun-istentzean eguzkiak agur esan ahala. Hitzetik hitzera indartu zaigu bizi poza, baiki.

Marrakexen hotel bila hasita, marokiarra lau europarrekin ikusita, susmo txarrak hartu dituzte joan garen lehenengo hotelean. Suak hartuta, handik alde egitea erabaki du Medek. Ondo egina, haiek ez zuten gure denbora alferrikako kontuetan gal genezan merezi. Hotel Roux-era jo dugu gero, eta inolako arazorik gabe ostatatu gara, Jema-el-Fna plazatik bertatik bertara, etengabeko joan-etorriko giroan.

Plazan muntatutako jatetxe batean afaldu dugu, eta bertako gau-giroan murgildu gara: karta irakurleak, sendatzaileak, musikariak, dantzariak, indar neurtzaileak, boxeolariak... Mugitzeak berak zentzatzen du hemen zoramena, mugituz bakarrik jarrai dezakezu hiriaren bizi taupaden erritmo errepikakor erakargarria.

Biharamunean, plaza mudatua da erabat, ez du gauekoaren inolako antzik. Ospea ondo irabazia duen zoko askotarikoan egin ditugu azkeneko erosketak, eta bagoaz etxerantz.

Hurren arte, Maroko aparta.

Xukran, Med, eskerrik asko.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide