Euskara politika herritarrekin elkarlanean diseinatu nahi du Udalak

Maxixatzen.eus 2014ko urr. 20a, 07:16

Herritarrekin elkarlanean

Udalaren euskara plangintza urte honen amaieran bukatzen da, eta berria prestatzea ezinbestekoa da. Lan hori, ordea, herritarrekin elkarlanean egin nahi du oraingoan Udalak, azkoitiarren iritzi eta proposamenak kontuan hartuta, eta horretarako bidea zabalduko du.

Hona hemen Udalak euskara bultzatzeko arrazoiak:

– Euskara ordezkapen prozesua jasaten ari delako eta gure bizitzako eremu batzuetan espainierak eta beste hizkuntza batzuk desagerrarazten ari direlako. Udaletik euskara bizitzako esparru guztietan erabiltzeko aukera bermatu behar dugu.

– Espainieraren ondoan euskara hizkuntza ahula da, eta gero eta gutxiago erabiltzen da gurean. Ondorioz, galtzeko arriskua du, neurriak hartu ezean.

– Zein da euskararen egungo egoera Azkoitian?

Euskararen egungo egoera ezagutzeko, erabileraran kale neurketa bat egin dute Udalean maiatzean, eta honako emaitzak utzi ditu, besteak beste:

– Herritarren 4tik 3 dira euskaldunak, eta haur eta gazteak dira euskaldunenak.

– Eskualdeko batezbestekoarekin alderatuz, makalak dira gure erabilera datuak: batazbestekoa %71,5ekoa da, eta gurean %61, 3koa.

– Udaleko euskara zerbitzuetatik saiatu dira zenbait arlotako gabeziei erantzuten: toponimia jaso dute, Ahotsak egitasmoan parte hartu dute, Gu ere bertsotan eta Mintzalagun programetan ere ari dira, eta herriko establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko Bai Euskarari ziurtagiria eta bestelako materiala prestatu eta sustatu dute...

– Baina datorren urtetik aurrera zer egin eta nola egin herritarrekin elkarlanean adostu nahi dute. Horretarako, herritarren proposamenak jasotzeko hainbat bide zabaldu dituzte:

  •  Etxez etxe informazio liburuxka bidali dute. Bertan aipatutako informazio horren ingurukoak jasoko dituzte herritarrek, eta euren iritzia eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Galdetegi txiki bat dago liburuxkan, eta hori betetzea eskatzen diete herritarrei.
  • Horrez gain, urriaren 23an bilera irekia egingo dute herritarrei beharrezko informazio hori emateko. 18:30ean izango da, Elkargunean, eta han ere egongo da proposamenak egiteko aukera.
  • euskara@azkoitia.net helbide bidean edo 943 85 71 75 telefonora deituta ere egin daitezke proposamenak, edo udaletxean bertan, euskara zerbitzutik pasatuta.
  • Herritarren proposamenak jasotzeko azkeneko eguna urriaren 30a izango da, eta ordutik aurrera, proposamen horiek aztertuko dituzte. Behin hori eginda, euskara plan berriaren zirriborroa adosteko bilera egingo dute herritarrekin, azaroaren 13an, Elkargunean, 18:30ean.

 

Bilera horretan adostutako zirriborroa euskara mahaiari eta batzordeari aurkeztuko dizkiete ondoren, eta horren ondotik, plenotik pasatuko litzateke.

 

Parte hartzera deitzen ditu Udalak azkoitiarrak, euskararen etorkizuna guztion esku dagoelako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide