Juan Karlos Merino: Peluxezko hartza

Juan Karlos Merino 2014ko ira. 15a, 15:35

Peluxezko hartza

 

 1902an, Brooklyn-en, Morris Michtem jostailu saltzaile errusiarrak bere lehengo peluxezko hartza egin zuen. Urte horren beraren inguruan, Magret Steiff alemaniarra ere hasi zen peluxezko hartzak egiten; 1904ko Leipzig-eko erakustazokan aurkeztu zituen.

Denbora luzean peluxezko hartzak herrikoiago bilakatu ziren betiko panpinak baino, askoz leunago eta gozoagoak ziren eta.

Ez gara harrituko jakitean gerrak bultzatutako tramankulua dela telefono mugikorra. Bigarren Gerra handian haririk gabeko komunikazioa beharrezkotzat jotzen zen, soldadu edo tropa arteko harremanak ahalbideratzeko. Errusiarrek azkar lortu zuten irrati uhinen bidez lehen prototipoa. Geroxeago, Amerikako Estatu Batuetako Motorola enpresak bere Handy Talk H12-16 ekipoa eratu zuen.

Motorola, sistema garatu ostean, 1980an hasi zen enpresarik handienetan pentsatutako ekipo bat ekoizten; horrela sortu zen lehen telefono mugikorra, hots, edonon eta edonoiz komunikazioa ahalbideratzen zuen lehen gailua.

Urte gutxian hedatu da munduan telefono mugikorra. Peluxezko hartzarekin gertatu bezala, egun jostailurik herrikoiena da umeen artean. Ez da inor harritzen; erabiltzen ikasi bitartean jostailutzat har daitekeen gailua da, eta, bestalde, barruan jolas-programa ugari idoro daiteke.

Gaurko umeek hamar urte bete aurretik eskuratzen dute estreinako telefono mugikorra, eta jolasteko edo komunikatzeko erabiltzen dute gehienek; halaber, ume askok aitortzen dute telefono mugikorrera jo dutela bakarrik sentitu direnean.

Bakardade horrek eraginda, beharbada, egungo umeak teknologia berriak erabiltzen trebeenak izaten dira eta probetxu eta erabilpen ugariago aurkitzen ere bai; baina, aldi berean, ahulagoak dira psikologikoki, eta, gainera, teknologia berriek eragiten duten lilura handiagoa da haiengan, menpekotasunik sortzeko modukoa.

Horren azalpena ez datza neska-mutikoak arduragabeak izatean edo erraz manipulatzen dituen publizitatean, ez. Garunaren garapenean dago koska. 24 urte igaro arte ez da betetzen garunaren garapena, eta heldugabetasun hori sentsazio indartsu edo beti berriak bilatzeko erantzule da, baita haien portaera konbultsiboarena ere.

Hori ulertzeko, nahikoa da jakitea garunaren garapen bidea garondoko okzipital gunetik bekokira doana dela; horregatik umeek ondoen egiten dituzten funtzioak izaten dira garunaren zati helduak kontrolatzen dituenak, koordinazioa eta mugimendua, hain zuzen ere; modu berean, gaizkien egiten dituzten arloak izaten dira bekoki aldeko heldutasun gutxiko guneak kontrolatzen dituenak, antolakuntza, portaeraren autokontrola edo irizpena, esaterako.

Laburtuz, garunaren heldutasun eza da neska-mutikoetan sentsazio biziak eta beti berriak bilatzeko joeraren erantzulea, baita euren portaera konbultsiboarena ere.

Kontua da neska-mutiko asko 25 urte arteko aldian garuna erabat garatua ez badute, portaera konbultsibo askoren menpe biziko direla (drogak, ludopatiak); horregatik dago ere, bestalde, hainbeste txoriburu pertsona helduen artean.

Albisteen bazterretan gelditzen den afera bada ere, heldutasun eza arazo psikosozial askoren atzean dago. Gizarteko esparru guztietan aurki daitezke kasu anitz. Adibide baterako, mundu osoko gobernu eta banku askotako kide eta ez kide, hots, egungo egoera sozio-ekonomikoaren errudun askok heldutasun eza handia islatu dute epaiketetan komunikabideek hartu eta hedatutako irudi artean. Bestela esanda, oker hazitako arbola zuzentzerik alferrik izan ohi da, eta, gainera, bere itzalak albokoari zuzen bizitzeko eguzkia kentzen dio.

Buruko osasuna gure ongizatea da; emozional, mental eta gizarteko ongizatea. Buruko osasunak bizitzako arazoei aurre egitean gure jarrera aldatzen du; hau da, nola sentitzen eta pentsatzen dugun, nolako erabakiak hartzen ditugun, nolako harremanak ditugun eta beste pertsonekin nola konpontzen garen baldintzatzen du; kudeatzen eta jasaten dugun estresa ere determinatzen du. Beraz, berebiziko garrantzia du bizitzako adinaro guztietan, –haurtzaroan, nerabezaroan, zahartzaroan-.

Azak ontzeko, egungo krisiarekin Betiko Langabezia izeneko gaixotasuna dugu. Izan ere, langabetuek landunek baino buruko osasun arazo gehiago izaten dituzte. Danbada-hautsa da estres ekonomikoa, eta aipatu auzia azaltzen duen erantzule bakarrenetakoa, zelanbait. Joseba Atxotegi Loizate psikiatra eta psikoterapeutak dio: "Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza".

Bere buruaz beste egin duten pertsonen kopurua handitu egin da azken urteetan, 25 eta 35 urte bitarteko herritarren artean, bereziki. Bere burua hil duten pertsonen %90ak baino gehiagok zituzten buruko nahasmenduak eta egoera ekonomiko negatiboa; binomio hori, kasu onenetan ere, gizartera egokitze nahasmendu depresiboa eragin dezakeen estresatzaile kronikoa da.

Gauzak horrela, negar batean dugu gizakia. Edo bestela esanda, etxeko txoko batean, buruko osasun arazodun langabetuak txikitako peluxezko hartza besarkatzen du kanpoko errealitate ustelduari aurre egin ezinik. Eta, orduan, jende aurrean isurtzen ausartzen ez diren malkoek bustitzen dute peluxezko hartza.

Morris Michtem eta Magret Steiff jostailugileek lehendabiziko peluxeko hartz prototipoak diseinatzeko prozesuan ez omen zuten pentsatu inoiz umeetan, ezta neska-mutikoetan ere, pertsona helduetan baizik.

 

Juan Karlos Merino

2014/09/04

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide