AITOR ARRUTI: NOLAKO HIZKUNTZA, HALAKO PELIKULA

Aitor Arruti Rezabal 2014ko abu. 1a, 08:01

Lagundu arraina naiz

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-29

Azkoitiko errebala, 2014ko uztailaren 11

             Azpeitiko iloba zaharrenak gonbidatu ditugu gaur bazkaritara etxera; hamabi urteko mutil ernea bata, bederatzi urteko neska argia bestea. Bazkalondoan, filma bat ikustea erabaki dute gure semeak eta bi lehengusuek. Etxean ditugun pelikulen artean aukeratzen hasita, konturatu naiz gaztelaniazkoak hobesten dituztela ilobek, ingelesekoen, eta, zer esanik ez, euskarazkoen aurrean.

Hartan, Michael Hegner eta Stefan Fjeldmark daniarren marrazki bizidunetako Lagundu arraina naizfilma aholkatu diet, gure etxean askotan ikusitako lan ederra. Haren animazio aparta, musikaren bikoizketa, gidoi bihurria, umore bitxia aipatu dizkiedan arren, ez dut lortu gutxiespen keinuak haien aurpegietatik kentzerik. Dena dela, huraxe jartzea erabaki dut, grina hutsez bada ere, ondorioak jakiteko jakin-minez.

Hasieran, pertsonaiak hitz egiten hasi orduko, horrelako iruzkinak egin dituzte ilobek:

-Ba, mutil horri ez zako ahots hori tokatzen!

-Puf, hori faltsue irudi hori!

Bost minuturen buruan, bukatu dira komentarioak. Hiru ikusleak isil-isilik daude, filmak harrapatuta.

Ordurako atzean gelditu dira hizkuntzarekiko aurreiritzi guztiak,

Ordurako ez du balio espainieraren gailentasun absolutuak,

Ordurako alferrik dira espainolaren baliabide ahaltsuak,

Ordurako hutsaren pare gelditu da euskararen nanotasuna,

Ordurako ez da nahikoa Espainia estatua izatea eta Euskal Herria estaturik gabeko nazioa,

Ordurako benetako artearen magia hedatu da hiru ikusleen gogo-barrenetan.

Ordurako berdin da filmaren hizkuntza makroa ala mikroa den,

Ordurako berdin da Xose Henrique Costas Gonzalez hizkuntzalariak arrazoi handiz adierazitako guztia.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide