MANKOMUNITATEKO PRESIDENTEA AZKOITIKO EAJ-RI ERANTZUNEZ

Maxixatzen.eus 2014ko uzt. 30a, 10:14

Urola Erdiko Mankomunitatea

Urola Erdiko Mankomunitateko presidente Leire Etxanizek Azkoitiko EAJk etxez-etxe zabaldu duen azken idatziari erantzunez egindako testua iritsi zaigu Udaletik, eta hemen duzue irakurgai:

"Igandean, festa-giroan, jakin dugu Azkoitiko EAJ-PNVren salaketaren berri. Idatzi horren aurrean, lehenik, titular on batek errealitatea ez dezala izorratu esaldia etortzen zaigu burura. Gezur handiena erdi-egia esatea izaten da, eta salaketan besterik ez dugu ikusten.

Mankomunitatetik hainbat puntu argitu nahiko genituzke:

1.- Mankomunitatearen egoitza Azpeitian dago, betidanik. Estatutuen lehenengo artikuluak argi dio: “Urola Erdiko Mankomunitatea du izena. Azpeitiko Lapatx zabortegian du legezko helbidea..”. Edonoren esku daude Estatutuak http://www.urolaerdia.org/fitxategiak/dokumentuak/araudia/mankomunitateko-estatutuak-2.pdf helbidean. Eta Lapatxen helbide soziala Azpeitiko Enparantza Nagusia 5ean kokatzen da.

2.- Hain zuzen, Azpeitian kokatzen den Lapatx Zabortegian du helbidea Mankomunitateak. Tamalez, 2009. urtean bere bizitza luzatu ondoren Gipuzkoan geratzen den hiru zabortegietako bat baita Azpeitikoa. Zabortegiak 26 urte bete ditu eta urte guzti hauetan bailarako herri guztiei eman die zerbitzua. Horregatik, Aizarnazabaleko Udalak, Beizamako Udalak, Bidania-Goiatzeko Udalak, Azkoitiko Udalak, Azpeitiko Udalak, Errezilgo Udalak eta Zestoako Udalak (hau da, Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten Udalak) tasa bat ordaintzen diote Lapatxi hondakinak bertan uzteagatik, Gipuzkoatik Lapatxera zaborra ekartzen duten beste herri askok bezalaxe.

 Eta Lapatxek dituen diru-sarrera hauei esker, hain zuzen, egingo da Mankomunitateko egoitza eta ez Azkoitiko Udalak ordainduta. Beraz, gezurra da Azkoitiko Udalak 700.000 euro ordaindu beharko dituenik egoitza egiteko".

3.- Urola-Erdiko Mankomunitateak bere langileri propioa hasi du, efizientziaz eta zerbitzuak hobetuz. Hain zuzen, pribatizatutako eta azpikontratatutako zerbitzu oso garestiak zerbitzu publiko askoz merkeagoz ordezkatuz, eta bailaran lanpostuak sortuaz. Horrela, 2011ean zituen 6 langiletik (eta ez 1) handitu dira lanpostuak.

4.- Mankomunitateak derrigorrezkoa du egoitza egokia izatea, ezin baititu bere zerbitzuak egokitasunez eskaini horretarako leku egokia ez badu. Eta bere zerbitzuak egoitza horretatik bailara osoari eskainiko dizkio, Kosta-Urolako Mankomunitateak Zarautzen duen egoitza bezala, edo Goierrikoak Sasietako egoitzan. Egoitza berri bat egin beharrean ez al da eraikuntza zahar bat konpontzea hobe? Eta zerbitzua ez al da egokiago herriko erdigunetik eskainita?

5.- Hartu diren erabaki guztiak gardentasunez hartu dira, eta Mankomunitatean EAJ-PNVk badu ordezkaritza, nolatan ez da orain salatzen dituen “interesak” defendatzera agertu? Azkoitiko EAJ-PNV ordezkaria ez da Mankomunitatea eraketako lehen bileraz gain inongo bileretara agertu 3 urtetan.

6.- Azkoitiko eta bailarako beste inongo herriek ez dute ordainduko egoitza berritzeagatik, Udalek ez dute dirurik jarriko. Eraikina Lapatx zabortegiak ordainduko du, eta bertako diruak azkoitiarraz gain hondakina botatzen dituzten gipuzkoar guztiak jartzen dute. Gezurra da, beraz, Azkoitiko Udalak dirurik jarri behar duenik.

Azkoitiko EAJ-PNVk Azkoitiko Udal Gobernua gutxiesten saiatu da, edozerk balio duela bozka batzuen bila, baina errealitatea beste bat da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide